Floretak eta campanelak, Gipuzkoako dantzen aurrekarien arrastoan

2016/05/23
Floretak eta campanelak, Gipuzkoako dantzen aurrekarien arrastoan

Ezin azaldu ahoz ez idatziz zer zerikusi duten XVII. mendeko Maestros de Danzar delakoen dantza sistemak eta Gipuzkoako dantzenak. Bizi egin behar da, dantzatu hori barneratzeko, jakina baita dantzak eta hitzek elkar osatzen dutela, baina ez elkar ordezkatzen. Batek baino gehiagok galdetuko zion bere buruari ea Carles Más eta Frances Tomas Panxito, Kataluniatik etorritako dantza-maisu eta musikariak Gipuzkoako Dantzei buruzko ikastaroaren erdian zer egiten ote zuten. "Gipuzkoako dantzak II: Berpizkundeko dantza-maisuen sistema" ikastaroan parte hartu zutenek ongi ulertuko zutela espero dugu. 

Carles Mas eta Frances Tomas Panxito, Dantzan Ikasin, Dantzagunean 2015-12-19. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC BY-SA

Dantza sistema zahar bat

Dantzan irakasteko sistema zahar eta izugarri aberats bat ekarri zigun Carles Mas-ek Dantzan Ikasira. XVI. mendean Frantzian eta Italian, eta XVII. mendean baita Espainian ere, indar eta hedapen handia izan zuen dantzan sistema. Musikari eta dantza-maisua den irakasleak, gorputzaren eta dantzaren ezagutza sakonetik abiatuta, zehatz, argi eta atsegin dantzaren oinarriak transmititzen dituen sistema dastatzeko aukera izan genuen.

Carles Mas Dantzan Ikasin, Dantzagunean 2015-12-19. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC BY-SA

Sistema oso eta borobila ageri zitzaigun begi aurrean, historian ondotik etorri zen dantza klasikoaren aurrekoa, eta horren beharrik gabe dantza disziplina oso eta buruaskitzat agertzen zuena. Sistema horretan gure Gipuzkoako, Zuberoako eta beste errepertorio batzuekin antzekotasunak behin eta berriz agertu zitzaizkigun, irakaskuntza metodoari dagozkionak, dantza eraikitzeko teknikari dagozkionak, dantza transmititzeko moduari dagozkionak eta urratsei dagozkien antzekotasunak ere bai.

Xumetasun hau gu gara

Horrekin batera, begi aurrean aurkezten zitzaigun sistema oso eta borobilaren aurrean, gure dantzetan ditugunak, jatorri berekoak izan daitezkeen dantza moldeen aztarna xumeak direla sumatu genuen. Berpizkundeko dantza-maisuen sistemaren aldean, xumea antzeman genuen euskal dantzaren sistema, baina Maestros de danzar entsutetsuen sistemaren aurrean, balio berezia eta konparaezina duena, hark ez bezala, gureak, bere xumetasunean bada ere, baina ahoz aho transmititu eta gaurdaino bizirik nahiko kaltetuta eta deformatuta, dena esan behar bada iraun duelako.

Carles Mas, Dantzan Ikasi, Dantzagunea, 2015-12-19. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC BY-SA

Folias eta Españoleta

Poliki-poliki planta, floretas, bazios, quatropeados, cabriolas, rompidos, carrerillas, reverencias cortadas, sacudidos edo campanelas izeneko urratsak ikasten joan ginen Carles Mas-en eskutik, eta horien arteko konbinazioak osatuz mudanzak lehenengo eta mudanzen bidez Folias eta Españoleta dantzak osatzeko aukera izan genuen. Eguerdirako ohartuta ginen dantza exijenteak zirela esku artean genituenak, eta gorputzaren nekea eta buruarena pilatuta, nahikoa lan izan genuen arratsaldeko saioan Panxitoren musikari jarraitzen.

Carles Mas-ekin ikastaroa Dantzan Ikasin, Dantzagunea, 2015-12-19. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC BY-SA

Ikastaro laburra izan zen gorputzak eskainitako guztia barneratu ahal izateko, baina nahiko eta sobera Gipuzkoako dantzen jatorriari buruz ditugun zenbait mito hautsi eta gure dantza-sistemaren eta maisuen genealogiaz dugun ikuspegietan arrakala sakon bat eragiteko.