Dantzaren funtzio eta politikaz, Antton Lukuren begirada

2015/01/27
Dantzaren funtzio eta politikaz, Antton Lukuren begirada

Dantzaren funtzio politikoa eta kultur transmisioa izan zituen hizpide, besteak beste, Antton Lukuk, pasa den abenduaren 12an, Dantzan Ikasiren eta Gipuzkoako Dantzagunearen programazioan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean eskainitako hitzaldian. Sakona eta zabala da Antton Lukuren gogoeta­ esparrua, eta euskal kulturaren inguruko hausnarketa eta zalantza ugari plazaratzen ditu. Libertimenduen testuingurutik abitatuta, hainbat alderaren eta gogoetaren inguruan antolatu zuen antzerkigile eta dantzari garazitarrak "Dantza libertitzeko?" izenburupean emandako hitzaldia.

Dantza aztertzeko bideak

Dantzaren inguruko ikerketari nondik heldu pentsatzerakoan sortzen zaizkion zalantzekin ekin zion Lukuk. Bere ustez, dantzatik areago dantzak berak duen esanahia eta funtzioa aztertu behar dira, dantzaren atzean, metafora moduan dagoen esanahia aurkitzeko. Era horretako gogoetarik ezean, kulturak ez du aurrera egiten eta, “folklorismoan geratzeko arriskua dugu”. Beraz, folklorismoari ihes nahi izanez gero, galdera horiek egin eta erantzun behar ditugu, atzean dagoen esanahia ulertzeko. Lukuren hitzetan, “ohikoa izaten da jendea dantzekin aspertzea. Horren motiboa da atzean dagoen metafora ez ezagutzea edo ulertzea”.

Tokian tokiko dantzei dagokionez, Lukuk uste du gizarte­ talde bakoitzak badituela arau propioak, beren gorputzaren alfabeto propioa dutela, eta dantza horren zati dela. “Hori konpreniturik, aise konprenitzen da transmisioa tokitik tokira diferentea dela. Hortaz, gure dantzak ere bazuen esanahi bat”, eta hori da ikertu behar dena dantzaren izaera ulertzeko. Kode eta arau sozialen adibide gisa japoniar geisha baten dantza baliatu zuen. Mendebaldeko batentzat geisha dantzan ikustea besterik gabeko kontua izan liteke, ikuskizun bat, baina japoniar kulturan errepresentazio bat da; mugimendua antzerkiaren zati bat da, kontaketa baten partea. Lukuren ustez, arau eta metafora horietan “behar da zilatu”.

Antton Lukuren hitzaldia, Donostia 2014-12-12. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC AT-SA

Dantza, antzerkia eta espazioa

Antzerkiaren eta dantzaren arteko lotura ere hizpide izan zuen Lukuk: “dantzaren eta antzerkiaren artean ez da mugarik: gauza bera dira. Espazio batean mugimendu bat egiten duenari so egiten badio norbaitek, egoera hori antzerki­ egoera da, eta espazio horrek baditu lege batzuk, ikuskizunari lotutakoak”. Horren adibide garbia dira pastoralak, baina baita bolantak ere. Hari horri tiraka segitzen du Lukuk bere gogoeta.

Espazioa toki funtsezkoa da dantzan. Dantzariak jakin behar du non eta norentzat dantzatzen duen. “Taulan dagoen orok antzerki bat egiten du. Antzerkia bada, zerbait esan nahi du, baina zer?” Bolantak antzerkilariak badira, zergatik dago pertsonaia bat baino gehiago? Badira jiganteak, musikariak, karrika­dantza, etab. Dantzariei galdetzen zien zergatik egiten zuten egiten zutena. Erantzun horiek, baina, dantzatik kanpoko jendeari ere luzatu zizkion, “definitu gabeko euskaltasun horretan daudenei”, pentsatu zuelako informazioaren giltza izan zitezkeela. Ez zen nahitaez akademiako jendea. Ipuin-­kontalariak, bertsolariak... “Eskolarik gabekoek ere badute eskola bat”.

Antton Lukuren hitzaldia, Donostia 2014-12-12. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC AT-SA

Dantzaren funtzioa

Dantzaren funtzioari helduta, Salbatoreko mito fundatzailea aztertu zuen, dantzaren hainbat gako aztertzeko. Bertan basajaunari eskatzen diote Garazi inguruan baseliza bat egin ote dezaketen. Hori adosteko, ogia janez, itun bat egiten dute, eta ogia jatearekin, basajauna desegiten da. Garazi inguruak “bortua” dira herritarrentzako eremu ezezaguna, menderatzen ez dutena. Horregatik egiten dute ituna basajaunarekin, eta itun horrek basajaunaren indarraren eta pertsonen ­kasu horretan, bolanten­ humanitatearen arteko ituna. Itunaren bidez bertakotzen dira garazitarrak eremu horretan.

Kuestazio baten metafora da azken batean. Kuestazioaren garrantzia aipatu zuen, “ez da lehengo kuestazio bat, oraingoa baizik. Nahiz eta aspaldi idatzitako zerbaiten inguruan ari diren, oraingo zerbait egiten ari dira”. Metaforak dio nola behar den azaldu.

Libertimenduaz

Gaur egun egiten den Libertimendua “Misé­ en scéne” edo antzerki­ drama moduan deskribatu zuen. Aurretik sanbibate edo eskea egin, eta gero libertimendua egiten dute. Libertimenduan hainbat zati daude, eta haietako bat da dantza. Bertsolariak, zirtzilak... Libertimendua politika­-istorio bat da. Gazte talde bat heldutasunera iristen denean erakusten du libertimendua antolatzeko gai dela, eta bere tokia eskatzen du gizartean. Erritual bat da eta horren barruan antzerkiaren espazioa sinbolikoa da: res publicaren espazioa.

Donapaleu 2009, Libertimendua. Argazkiak: Iñaki Zugasti -dantzan CC AT-SA

Aurretik azaldutako mitoan, bortuak garrantzia handia zuen, bortua baita hirigunetik kanpo dagoena, eremu ezezaguna, zaintzeko zaila. Lurra zaintzea, eta ez dute dagoeneko gure errealitatearekin zerikusirik, baina bai metaforikoki: bortuak irudikatzen du ezagutzen eta menderatzen ez duguna, ezpada dantzaren bidez. Beraz, “gure ingurua gero eta gutxiago ezagutuz gero, gero eta nahasiagoa da gure ibilbidea”.

Libertimenduan espazioaren kudeaketa da gakoetako bat. Zirtzilak dira libertimenduaren gidariak, hitzaren jabe diren neurrian. Beraz, politikaren kontrola dute. Bolantek espazio hori definitzen dute, eta zirtzilek komentatzen dute. “Haiek erabakitzen dituzte gaiak, zeri buruz mintzatuko diren, beraz politika egiten dute”. Transmisio-­ereduari buruz ere mintzatu zen Luku, generoari besteak beste. Emakumeak etxea zaintzea, eta gizonek kanpoaldearen kontrola izatea egitura zahartzat jo zuen. Beraz, “zerk justifikatzen du transmisioa molde zaharrean?”. Horregatik sartu zituzten emakume­ bolantak. Arropa propioarekin, baina dantza bera egiten.

Dantza, bertsoa, musika... arte­-dramaren osagaiak

Antzerkiaren ikuspegitik, dantzaria mutua da, bertsolaria ahots hutsa da,... Dantzaria, bertsolaria eta musikaria hiru roletan eta pertsonatan desegiten da antzerkia. Guztiak dira beharrezkoak libertimendua egiteko. Libertimenduaren rolak eta denborak zaintzea ere funtsezkoa da. Ez bada asmatzen rol bakoitzaren tokia eta denbora zein den antzerkian bertan, ez da ulertzen. Horregatik sortu behar da bakoitzarentzako momentua.

Libertimendua, Donapaleu, 2009-03-01. Agazkia: Iñaki Zugasti-Dantzan CC-BY-SA

Osagarritasunean dago gakoa. Esaterako, zirtzilek kontatzen hasitakoa bertsolariek bukatu behar dute. Denek jakin behar dute norberaren rola inperfektua dela, ez osoa. Buruhauste handienak kontu horrek eman zizkien libertimendua osatzean. Garrantzitsua da rolen ezagutza: “libertimenduak guregan efektua du, rol guztiak jokatu baditugu”. Rolen ikerketan jiganteek eman zioten atentzioa. Behin herriko zahar bati galdetuta, basajauna eta jiganteak nahastu zituen. 

Kabalkada, libertimendu, tobera, maskaradak... Izenen sastrakan

Gaur egun Iparraldeko probintzietan, pastoralaren eta maskaradaren bidetik, arte-­dramaren loraldi bat dagoela antzematen da. Kabalkadak, libertimenduak, toberak... Folklorismotik areago, bakoitzaren funtzioa eta ezaugarriak kontuan hartzea da funtsezkoa, jarduera bakoitzak gizartean duen esanahia ulertzeko; kabalkadaren eta libertimenduaren artean bereziki. Alderdi horretan, Lukuk garbi deskribatu zuen bakoitza: “kabalkadak karrika­dantzak dira eta libertimendua errituala da”. Toberak, berriz, ballet batekin alderatu zituen, autore batek gai baten inguruan sortutako istorioarekin.

Maule 2014-04-03. Alienor Pastorala. Argazkiak: Iñaki Zugasti CC AT-SA

Loraldiaren motiboa pastoraletan dago. Urtean zehar askotan egiten da, eta herriaren batasuna irudikatzen du. Azken batean, pastorala egiten duen herria batuago dago amaieran. Hor dago euskal dantza ­taldeen arazoa. Gaur egun Iparraldeko herrietako gazteak asko mugitzen baitira herri batetik bestera, edo frantziar estatuko hirietara, ikastera. Horrez gain, hizkuntzaren arazoa dago. Adibidez, maiz pastoralak frantsesez prestatzen dira, euskaraz ematen diren arren. Herriaren kohesiorako erabiltzen dira, baina “zer lortzen dugu horrekin? Zein zentzu dute?”. Izan ere, Behe Nafarroan egiten diren tobera asko egiten dituztenak Baiona inguruan bizi dira, eta emanaldiak egitera edo prestatzera joaten dira soilik herrira.

Egoera horrek duen arazoa da kanpotik datozenak antzerki ­obra bat egitera doazela, eta ez erritual bat; eta era berean, antzerki ­errituala ulertuko duen publiko berririk ez du sortzen egoera horrek. Zuberoan gertatzen denaren kontrakoa hain zuzen. Ekonomiaren eta kulturaren arteko talka atzeman daiteke egoera horretan. Ekonomiaren morroi bizi garela aipatu zuen, eta parametro horietan egiten direla sorkuntzak. Sormena, ordea, zerbait kontatzeko izan behar da.

Zer egin dantzarekin?

Antton Lukuren hitzaldia, Donostia 2014-12-12. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC AT-SA
Azken bolada luzean, tradizioa eta sorkuntza oposatzen ari dira etengabe. Ikuskizuna edo errituala. Zer egin nahi dugun jakin behar dugu: esanahia jaso behar dugun, edo zerbait borobildu behar dugun, saltzeko. Hau da, errituala edo ikuskizuna nahi dugun erabaki behar dugu.

Hitzaldiaren amaieran, dantzaren transmisioa hartu zuen ahotan Antton Lukuk. Euskal dantzariaren definizioari heldu zion. Dantza jarduera politikoa eta dantzaria gizartearen parte diren neurrian, dantza-eskolen funtzioa zein den ikusi behar da, zer eta nola irakatsi behar den. Euskal dantzari nazionalak zer jakin behar luke?

Ez da gauza bera tokian tokikoa irakastea, edo dantza ­zerrenda estandarizatu bat irakastea (Larrain­dantza, Uztai­-dantza, etab.). Tokikoa irakastea erritualari lotua dago, herritartasunari nolabait esateko. Herririk ez badago, nola formulatu behar da herri horretako dantza? Eta bide horretan esperimentaziorako gonbitea egiten bukatu zuen hitzaldia.

Solasaldia

Lukuk bere hitzaldia amaitzean, ikus-­entzuleei galderak egiteko tartea ireki zitzaien. Aurkezle eta moderatzaile ­lanetan aritu zen Oier Araolaza eta berak egin zion lehen galdera, maskaraden inguruan eta horiek libertimenduarekin dituzten antzekotasun eta desberdintasunen inguruan. Lukuk ezinbestekotzat jo zituen maskaradak, gure herrietako antzerkiak sinbolikoak direla frogatzen dutelako. Bide horretan, Juan Antonio Urbeltzen moduan, uste du ez dagoela gorrien eta beltzen artean desberdintasunik. Esaterako, beltzen taldeko txorrotxek badakite dantzan, kantuan, eta antzezten; artista osoak dira, beltzen taldekoak izanagatik.

Iñaki Arregi, Argia taldeko dantza-­maisu andoaindarrak, jakin nahi izan zuen Faustin Bentaberriren ondoren zerk eragin zuen zirtzilen galera. Lukuren ustez, testuinguru­ aldaketak eragin zuen Bentaberrik, talde profesionala sortuta, emanaldiak Garazitik kanpo emateak, e.a. Hor galtzen da ekitaldiaren funts politikoa, zerbait turistiko bihurtzeko.

Dantza eta politikaren gaia ekarri zuen Oier Araolazak. Politika hitzaren esanahi zabala kontuan, partiduen gainetik, gizarte ­kudeaketari dagokiona. Lukuren hitzetan, eta dantzari dagokionez, Garazin oraindik ere ia familia gehienek nahi dute beren seme-­alabek dantza egitea. Eta hori eskolan erakusten ez bazaie, hor ariketa politikoa dago. Molde politiko-­sozialean, dantzaria da plazara atera eta zerbait dioena. Hori ahazten badugu, folklorizazioan eroriko gara. Gehiago zehaztu zuen Araolazak galdera, erori ez ote garen galdetzean. Lukuren ustez, aspaldi erori, baina altxatzen ari gara. Nolanahi ere, oraingoa folklorizazioa gogorragoa da, gure herrian turistak garelako, eta gure herrikideei lo­belarra saltzen diegulako, Euskal Herri ideal batean sinistuta.

Antton Lukuren hitzaldia, Donostia 2014-12-12. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC AT-SA

Iruñeko Duguna taldeko Aritz Ibañez zuzendariak tokiko ezaugarri sozio­politikoei buruzko kezka agertu zuen, Garaziren eta Iruñearen arteko alderaketa eginda. Garazin tradizioak etenik izan ez duenez, tradizioa mantendu ahal izan zutela adierazi zuen, eta erabateko etena izan den tokian berreskuratzea nola egin daitekeen galdetu zuen. Lukuk garbi daukana ez dela koreografo batek enkarguz sei hilabetetan egiteko lana. Bidea da tokiko ezaugarri sozio­kulturalak aztertzea, eta egokiak diren elementuak aurkitzea.

Iruñeko hariari tiraka, Jose Angel Irigaraik aipatu zuen faktore anitz hartu behar direla kontuan, eta beste hainbeste egin behar dela eskualde bakoitzean. Eta era berean, ea eredu nazional bat behar dugun. Horretarako, eredugarritzat jo zuen Lukuren lana, egindako lanean euskara elementu nagusia duen gazteentzako zerbait sortu duelako, azken batean, gazteen arteko prozesua baita libertimendua prestatzea, euskaraz.

Juan Antonio Urbeltzek eman zion segida Irigarairi. Ereduak sortzeko bidean, Argia taldean azken berrogei urtetan izandako esperientzian oinarrituta, aipatu zuen Argia ez zela inoiz sartu tokian tokikoak aldatzera, eta eszenatokia izan zela frogak egiteko esparrua. Eredu nazionalak sortzeko adibide gisa, Espainian flamenkoarekin eta Hungariako dantzekin egin direnak aipatu zituen.

Oier Araolazak bota zuen hitz aspertuko azken galdera, Fermin Etxegoien idazlearen azken liburuan oinarrituta: “eutsiko diogu?”. Baiezkoan da Luku eta, gainera, “hegoaldeko euskaldunek ez duzue eskubiderik ezkorrak izateko. Oraingo belaunaldiak ironia berreskuratu du eta abantaila bat dugu: txikiak izatea”.