Dantzaren transmisioan dihardutenen biltoki izan dira Dantzan Ikasi Topaketak
Euskal dantza irakasten, transmititzen, bultzatzen diharduten irakasle, begirale, dantzazale, ikertzaile, aditu eta arituak elkartu dira Dantzan Ikasi Topaketetan. Euskal Herri osotik etorritako dantza sustatzaileak bildu dira Eibarren: Gasteiz, Bakio, Usurbil, Mungia, Baiona, Azpeitia, Iruñea, Iurreta, Donostia, Bilbo, Oñati, Artea edo Erandiotik etorritako 50 lagunetik gora. Transmisioaz gogoeta egin eta esperientziak konpartitzeko beta izan da egun osoko saioan.
Puntuak, estiloa, pedagogia, musika
Puntu, aldaira, printzipio eta erregelei buruz aritu da Mikel Sarriegi Aurtzaka dantza taldeko kidea. Eredu soil eta sinpleak antzematen ditu Gipuzkoako dantzetan, Iztuetarengan eta Europako dantza sistemen oinarrietan. Hortik aurrerako gehienak apaindurak direla dio. Dantzaren oinarrizko unitatea izendatzeko erabili izan diren urrats, pauso, puntu eta piko artean, "puntua" terminoak izandako erabilera zabala azpimarratu eta aldarrikatu du Sarriegik.
Euskal dantzaren estiloari buruz jardun da Ikerfolk elkarteko Iñaki Arregi. Dantzariaren naturaltasuna, teknika, asmoa, ereduak, proportzionaltasuna, zein ezaugarri horien argiak eta itzalak jarri ditu mahai gainean. Dantzaren transmisioan aritzeko sortzen ari diren baliabide pedagogikoak aurkeztu zituen IDBko Maitane Eyheramonhok.
Goizeko saioa bukatzeko eskainitako hitzaldian, dantzariek musikaren oinarrizko kontzeptu batzuk ikastearen komenientzia azpimarratu du Patxi Labordak, Bilbao Musikako eta Aiko taldeko irakasleak. Dantzariak oinekin lurrean perkusioa egiten duten musikariak direla iradoki du, eta mugimendu horren uhina gorputz osora pasatzean sortzen dela dantzakera. Dantza dantzarien arteko eta musikarekiko harreman bezala marraztu du Labordak.
Etxeko ateak zabalik
Bazkalostean Dantzan elkartearen egoitza, Dantzan Biharrian ezagutzeko aukera izan da. Dantzan.eus webgunea elikatzeaz gain, dantzaren dokumentazioa, digitalizazioa, aholkularitza eta sustapenean bertatik egiten diren lanak eta eskura dauden baliabideak ezagutzeko aukera izan da.
Saltoa, Oñatz familia
Saltoaz aritu da arratsaldeko lehen saioan Maritzuli konpainiako Jon Iruretagoiena. Zuberoako dantza tradizioan arrasto sakona utzi duen Elgoyen eskolako irakasbideak jarraiki egoki jauzi egiteaz aritu da, eta salto egitean garrantzia duten ezaugarriei jarri die arreta: bertikaltasuna, pliearen sakontasuna edo orkatilak indartzea, besteak beste.
Dantza taldearen antolaketa eta funtzionamenduaren azalpena ekarri du Oñatz dantza taldeko Maite Irizarrek. Oñatiko dantza taldearen datuek —67 heldu, 320 haur eta 37 irakasle— harridura eragin dute, bereziki 11.000 biztanle dituen herri batekoak direla kontuan hartuta. Ez-ohiko kopuru horiek dantzari ez-ohiko balioa ematen zaion testuinguruak azaltzen dituela erakutsi du Irizarrek. Dantzaren interpretazioan eta hedapenean kalitatea lehenesten duen eredua da, Oñatiko dantzen transmisioaren eta komunitatearen eraketan Irizartarren sendiak egindako lana balioan jartzen duena.
Hitzartze bakoitzaren ondotik entzuleen iritzi eta ekarpenak entzuteko aukera izan da. Topaketak, nola ez, dantzan amaitu dira. Parte hartzaileak elkarri heldu eta sokan dantzatu gara. Behin gorputza mugitzen hasita, dantza-jauziak eta mutil-dantzak ere egin ditugu. Aukeran, motz gelditu zaigu dantzarako tartea, hurrengoan izango da gehiago!
Dantzan Ikasi Topaketak 2021
- Iñaki Arregi: “Dantzari onak teknika ahazten du”
- Maitane Eyheramonho: "Euskal dantzak biziarazi behar ditugu eta dantzen ekosistema horretan kokatu"
-
Patxi Laborda: "Interesgarria da ulertzea musika irakasten ari naizela gorputzaren bidez"
-
Jon Iruretagoiena: “saltoan atez ere lurreko fase guztia da garrantzitsua”
-
Maite Irizar: "Aurreko belaunaldiekiko zor morala sentitzen dugu, eta orain guri dagokigu ondorengoei erakustea"