Errenteriako dantzakeraz Sarriegi eta Gastesirekin
Gipuzkoak dantza sistema, batez ere, begia Errenteriako fokuan ipinita aztertu du Sarriegik Errenterian egindako saioan. Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua aurkeztu du. Gipuzkoa osoko dantza-maisuek gorde duten eta hain ezaguna ez den Iztuetaren oinordetza horren ezaugarri nagusienak aurkeztu ditu lehendabizi eta gero Errenterian 1950eko hamarkadatik aurrera ezagutu ziren zenbait dantzakera eta molderi begira ibili gara bertaratutakoak. Horretarako Xexilio Gastesiren laguntza izan du Sarriegik; eta gozatu ederra hartu dugu bere 87 urterekin, mugak muga, argi eta intentzio guztiarekin dantzan ikustean.
Errenteriako lehen testigantzak eta dantza-maisuak
Dokumentuetan ageri diren Errenteriako dantzen edo dantzarien inguruko hainbat testigantza erakutsi ditu Sarriegik, baita argazki zaharrak ere. Aurkitu duen aipamen zaharrena 1599koa da:
… azaltzen da nolatan Korpus egunetan egiten ziraden eleiz biretan dantzariak partaide izaten ziradela, eleiz kutsuko dantzak eginaz. Orobat Magdalen jaietan ere “Ijito dantza”. Jazkera dantza (Danza de libreas) “Alero danza” eta “Agai dantza” izeneko orduko dantza ezagunak dantzatzen ziradela…
1615 Felipe III-ak Donostiara egin zuen bisita batean ere Errenteriako dantzari emakumeak aipatzen dira:
“Mereció singular complacencia de la reina el modo con que le festejaron algunas señoras de Rentería, componiendo una danza al estilo del país.”
Eta 1917ko San Joan egunean Donostian Errenteriako dantzari-txikiak izan ziren:
… se presentó el grupo de dantzari-chikis de Rentería, comparsa de reciente fundación, que han constituído los reputados maestros de bailes vascos Antonio Corta y Francisco Arzamendi. Desarrollaron el siguiente programa: Paseo, Zortziko, baile de palos pequeños, ídem de grandes, ezpata-dantza, brokel-dantza, zinta-dantza, ballesta-dantza, zagi-dantza y el vistoso arku-dantza. (...)
Beste hainbat testigantza ere erakutsi ditu eta aipatu du nola XX. mendean, nolabait, Errenteriako dantzarien urrezko aroa izan zela. Gallop-en esanetan joan den mende erdialdeko euskal dantzaririk onenak Errenteriakoak omen ziren:
"... ballarines tradicionales, los mejores de los cuales se encuentran en Renteria y en Berriz."
Mende hasieratik ezagutzen da Errenterian etenik gabeko Gipuzkoako dantzetan aritutako dantza talde eta dantza-maisu segida. Sarriegik honako izen-abizenak jaso ditu 1917tik 1950eko hamarkadara: Antonio Korta, Frantzisko Arzamendi, Eusebio Guruzeaga, Frantzisko Salsamendi "Patxiku Aso", Ireneo Rekalde, Ramon Basurto, Iñaki Rekalde, Agustin Iriberri, Regino Taberna eta Xexilio Gastesi.
Xexilio ez dago geldirik egoteko
Dantza-maisuen segida horrek berrikuntza bat ezagutu zuen 1950eko hamarkada amaieratik aurrera, Xexilio Gastesi (Errenteria, 1939-10-07) eta Ereintza taldearen eskutik, batez ere, Donostiako eskolaren eragina jaso zuenean. Errenteriako berri batez ere Gastesiren bidez jakin duela dio Sarriegik, “dantzakera zaharrei dagokionez. Goizaldin ere ibili zen eta hori kontutan eduki beharreko gauza bat da. Berak oso ondo bereizten du zer ikasi zuen aurretik eta zer aldatu zuen Goizaldin ibili ondoren”.
Liburuan ere jasoak ditu Sarregik Xexilio Gastesiren nondik norakoak: Sei urterekin hasi sen lehen aldiz aurreskua prestatzen eta 1955. urte inguruan hasi zen dantza-maisu gisa aurreskuaren ardura hartzen. 1958an Ereintza taldea sortu zenean Goizaldira joan zen dantza gehiago ikasteko asmoz, Iñaki Gordejuela maisuarekin, 1961 arte. Kandido Pujana ere ezagutu zuen, entseguetara joaten zelako tarteka. 1962tik 1967ra arte Oinkari dantza taldean aritu zen. Bitarte horretan, Udaberri dantza taldera ere joan zen bolada batez dantzak erakustera.
Errenteriako dantzakera identifikatzeko Xexilio Gastesi ezinbesteko pieza izan zaio Sarriegiri eta guk aurrez aurre bera dantzan ikustea ere baliagarria eta hunkigarria izan da; nolako memoria duen gorputzak. 90 urterako bidean, ez dago geldi egoteko eta ez dio bat pasatzen utzi Sarriegiri. Zuzendu dizkio zenbait kontu eta ahalegindu da Sarriegiri besotik helduta dantzan ematen azalpenak. Emaztea behin baino gehiagotan beldurtu da besoak burura emanez, baina Gastesik urratsen ahaleginean jarraitu du.
Sistemaren barruan Errenteriako berezitasunak
Sarriegik Gipuzkoako dantza sisteman aurkitu dituen azpi-sistemak erakutsi ditu; “antzekotasun gehienak Errenteriako dantza zaharrak Hernani eta Usurbilgoarekin eduki dezake, nahiz eta Donostiako eragin handia izan duen; baina nolabait Donostiako eragina jaso aurretik zeuzkan ezaugarri horiek”. Liburuan, hamaika ataletan, dantza mugimenduak jaso ditu eta hainbat ondorio atera ditu. Ateratako zenbait ondorio azaldu ditu, batez ere, Errenteriarekin jokatuz.
Aipatzen du nola aurkitu diren tradizio zaharretan sentziloa egiteko hainbat modu; “Errenterian bazegoen beste bat, desberdina baita. Orduan, horrekin ikusten da Iztueta zuzen zebilela. Nolabait deszifratu dugunean nola funtzionatzen duen sistemak, ikusi dugu oinarrizko mugimenduak daudela, eta gero apaingarriak”.
Erakutsi digu baita ere oin-puntakoa, Errenteriako dantzariek egiten zuten gisan eta Iztuetak deskribatzen zuen bezala. “Esaten digu kanpora saihetsera eta saihetsetik honantz. Hori da Iztuetak deskribatzen zuena eta hori hainbat herritan, Beasainen, Andoainen gorde da, eta Errenterian ere bazegoen itxura batean”.
Kontrapaseko itxieraz ere aritu da, “beharbada arrastan egin izan da, baina Goierrin bazegoen joera saltatuan egiteko eta Pujanak saltarazi egiten zien. Horretan Errenteriako sistema zaharrak bat egiten du”. Baita ere aipatu du, “agurreko itxieran punteatuen joko hori Errenterian bakarrik ikusi duela. “Lurreko oinjirak ere egiten ziren bueltan, Errenterian bakarrik jaso dugu. Asmakizun bat da, beharbada norbaiti bururatu zitzaion bere momentuan, baina azkenean konfirmazio bat da, sistemak nola funtzionatzen duen erakusten duena”.
Aipaturiko mugimenduak Sarriegik eta Gastesik, tandemean, hitzez eta urratsez azaldu dizkigute. Saioa bien arteko besarkada ederrarekin bukatu da.
