Bourreea dantzatzen Bernard Coclet-ekin
Bernard Coclet, Gennetines-en (Auvernia) ospatzen den Le Grand Bal de l'Europe dantza-festibal handiaren zuzendari eta dantza-gidaria izan dugu Dantzan Ikasin bourrearen inguruko ikastaldi trinko eta gozagarria eskaintzen. 25 urte bete dira Patxi Perez Cocletek Gennetinesen antolatzen duen dantzaldi-jaialdian lehen aldiz izan zela. Jaialdi hartan ikasitako dantzaldi-gidatuen eredua eta gaurdaino euskal plazetan dantzan dirauten Europako hainbat dantza, hala nola Txapeloaz, Borobila, Alunelul, Courinta, Exkotix eta Bourrea ekarri zituen Euskal Herrira Perez-ek. Beraz, Coclet eta Perez-en elkartzearen mende laurdena ospatzeko Euskal Herrira gonbidatu du Auverniako dantza-maisua.
Otsailaren 28tik martxoaren 8ra bitartean Euskal Herrian ibili da Bernard Coclet; Patxi Perez eta Konpaniaren musikariek lagunduta. Hainbat ikastaro eskaini dituzte; horietako bat Dantzan Ikasi programaren barruan, Eibarko Portalea Kultur etxean.
Bourrea irakasten eta azaltzen aritu da Coclet, Patxi eta Konpania taldeko musikarien laguntzarekin. Irudi zaharrak ikusi eta Bourrearen berreskuratzen prozesuaren inguruko hainbat argibide teoriko eman ditu Coclet-ek.
Jarraian, nola ez, teoriatik praktikara, eta denok bourreea dantzatzen jarri gaituzte. Oinarrizko formak ezagutu eta praktikatu ditugu lehenengo.
Eta dantza-jolasean eta inprobisazioan praktikatzen aritu gara ondoren. Horrela, bourrearekin dantzan eta jolasean, ostegun arratsaldea talde argazkiarekin borobildu dugu.