Oteiza: Apostoluak dantzan

2026/05/20
Oteiza: Apostoluak dantzan

Zinema eta dantza uztartuko ditu Oteiza: Apostoluak dantzan saioak maiatzaren 24an, igandea, Eibarko Portalea Kultur Etxean. Oskar Alegriaren Oteiza 14 apostolu filmaren proiekzioak eta Argia euskal dantzari taldearen dantza emanaldiak osatuko dute Jorge Oteizaren unibertso artistikoa ardatz duen proposamena. 

Oteiza eta Urbeltz: apostoluak dantzan

Da Vincik Azken afarian nola, jarri zituen dantzan apostoluak Oteizak. Arantzazuko apostoluak dantzari amestu zituen Oteizak eta dantzariak apostolu gorpuztu ditu Urbeltzek. Bernart Etxepare aurreskuarekin hasi eta Gabriel Aresti atzeskuraino, euskara dantzara jalgi duen sokaren katebegi dira Oteiza eta Urbeltz. Euskal kultura dantzan jartzea badugu amets, gure gorputzak dantzatu behar ditugu. Euskal kulturaren apostoluak plazara jalgi ditu Danok Oteizak; Argia piztu dio Urbeltzek apostoluen dantzari.

Oteiza 14 apostolu (filma)

Oskar Alegriaren Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoa, Jorge Oteizaren ideiei buruzkoa: askotariko inguruabarretatik etorririko hamalau figura kulturalek esku hartzen dute. Guztiek ere Orioko sortzailearen obrari eta pentsamendu estetikoari lotutako diziplina artistikoen eta interes kulturalen aniztasuna irudikatzen dute. Oskar Alegriak egindako gonbidapenari erantzunez parte hartu dute filmean besteak beste Esther Ferrer, Josu Iztueta, Jaione Apalategi, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga edo Bertha Bermudez-ek.

Apostoluen soka-dantza (dantza)

Argia dantzari taldearen Apostoluen soka-dantza pieza Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik amestutako dantza da, ebanjelio apokrifoen arabera azken afarian Jesusek apostoluekin egin zuen dantza gorpuzten duena. Jesus eta apostoluekin batera, Maria Magdalena, Beronika eta Oñatiko Korpus dantzariak lotzen dira Argia dantzari taldearen soka-dantzara. Juan Antonio Urbeltzen eta Argia dantzari taldearen Besta Berri (2012) ikuskizunean estreinatu zen Apostoluen soka-dantzak erritu mistikoen forma gure herri dantzen baitan aurkitzen du, bizitzaren misterioa gure gorputzaren baitan dagoela iradokiz. 

Apostoluen soka-dantza, Argia, Besta Berri, Bilbo, 2012-12-02. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Oteiza: apostoluak dantzan 

Noiz: Maiatzak 24, igandea

Non: Eibar, Portalea Kultur Etxea,

  • 18:00 Oteiza 14 apostolu (2025, 45') filma. Zuzendaria Oskar Alegria. Aurkezpena eta kolokioa Oskar Alegria zuzendariarekin eta Danok Oteiza egitasmoaren zuzendari Jaione Apalategirekin. Eibarko Portalea Kultur Etxeko areto nagusia (2. solairua) 
  • 19:30 Apostoluen soka-dantza (15'). Koreografoa: Juan Antonio Urbeltz. Argia euskal dantzari taldea. Eibarko Portalea Kultur Etxeko erakusketa gelan (2. solairua) 

 

Dantzan elkarteak antolatuta Gipuzkoako Dantzagunearen Dantzan Ikasi programaren bidez eta Eibarko Klub Deportiboak antolatzen duen 61. Euskal Jaiaren programaren baitan.