Gaztemundu 09: Guardiako dantzak eta Gasteizko Zortzikoa
Uztailaren 15ean Arabako lautada izan dute aztergai Gaztemundu programan parte hartu duten Diasporako irakasleek eta baita Dantzan Ikasi programan parte hartu dutenek ere. Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat dantza-eredu ikusi eta ikasi ostean, Gasteizko Udal Folklore Akademiako irakasle den Jon Fernandezen eta Indarra Dantza Taldeko Amagoia Egiluzeren laguntzarekin landu dituzte Arabako dantzak. Haien bitartez jaso ahal izan zuten Araban dantzatzen diren hainbat dantzen inguruko informazioa eta lehen eskutik zenbait dantza eta dantzakera ikasi, halanola, Guardiako dantzak eta Gasteizko Zortzikoa.
Guardiako dantzak
San Juan egunean ohikoak diren Trokeatuen dantza, arku-dantza eta jota ikasi dituzte. Hauetaz gain Guardiako dantzariek dantzatzen dituzten beste dantza batzuk ere ikasteko aukera eduki dute bertaratutakoek: Guardiako paseoa edota San Juan paseoa, eta Paganos eta Laguardia herriak lotzen dituen Txulalai dantza.
Gasteizko zortzikoa
Arratsaldean aldiz, Gasteizen abuztuaren 5ean, Andre Mari Zuriaren egunean, udaletxe aurrean dantzatzen den Gasteizko zortzikoa landu dute. Antzinako dokumentazioari erreparatuz birsortutako dantza bat da Zortzikoa eta 1987.ean dantzatu zen lehenengoz. 27 urteren buruan oraindik ere dantzatzen da Gasteizko Aste Nagusiko egun handian.


