Iztuetaren nortasun poliedrikotik Gipuzkoako dantzen bilakaerara

2016/06/16
Iztuetaren nortasun poliedrikotik Gipuzkoako dantzen bilakaerara

Bi saiok osatu zuten pasa den urtarrilaren 16an Errenterian, Gipuzkoako Dantzagunean, Gipuzkoako dantzei buruzko ikastaroko hirugarren jardunaldia. Iztuetaren ekarpenaz aritu zitzaigun Juan Antonio Urbeltz eta gure begien aurrean ia-desagertu den dantzakeraren inguruan aritu ziren Arregi, Etxabe eta Vallejo Dantzan Ikasin Gipuzkoako dantzei buruz antolatutako des-ikastaroan.

Iztueta, izaera eta dantzak

Gipuzkoako dantzen ezagutzarako eta berreraikitze prozesurako erreferentzia nagusia eta altxor agortezina da Juan Inazio Iztuetaren Gipuzkoako dantzei buruzko liburua. Idazlearen bizitza-gora beherek, nortasun bereziak, testuinguru ekonomiko-politikoek eta oro har haren ibilbidean eragina izan zuten gertaerak liburuan bertan, eta ondorioz, Gipuzkoako dantzei buruz eskaintzen duen informazioan, zer nolako ondorioak izan zituen adierazi zigun modu argigarrian Juan Antonio Urbeltzek.  

Juan Antonio Urbeltz hitzaldia eskaintzen Dantzan Ikasi programan. Dantzagunea, 2016-01-16. Argazkia: Gari Otamendi.

Juan Inazio Iztuetaren gora-behera biografiko liskartsuak ezagunak dira, baina horien xehetasunetan eta bereziki Iztuetaren ezaugarri psikologikoek marrazten duten profil nahasian sakontzen dihardu Juan Antonio Urbeltzek. Lapurretengatik epaitua eta kondenatua, bikote harreman katramilatsuetan nahastua, politikoki eta militarki gatazkatsuak gertatu ziren urteetan markatua, probintziako botere borroketan zenbait ahaltsuren kontra ausartua... Bizitza eta nortasun konplexu eta aurreikusiezina erakusten du Zaldibiko dantza-maisuaren ibilbideak, eta ezaugarri horiekin pertsona kokatzen eta haren idatziak hobeto ulertzen laguntzeko ahaleginean aritu zitzaigun Juan Antonio Urbeltz.

Iztuetak liburua idazteko izandako arrazoien atzean, dantzaren bidez gorpuztu zuen botere borroka baten susmoa agertu zigun Urbeltzek. Iztuetak kontatzen duena adina ezkutatu zuen bere liburutik, eta hainbat galdera airean geratzen dira liburua irakurrita. Esaterako, zergatik ez dago arku-dantzen aipamenik, jakinik garai hartan ohikoak zirela han-hemen eta bere ondorengoek (Olano eta Pujanatarrak tarteko) brokel-dantzaren sortan baitan ematen zitzutela? Hautu horien atzean ezkutatzen den bizitza eta nortasun konplexura bidaia harrigarria egin zigun Juan Antonio Urbeltzek ohikoa duen buru-argitasuna datu eta xehetasunez jantzirik. 

Molde zaharreko dantzakera testigantzak eta erreforma

XX. mendearen azken zatian Gipuzkoako dantzetan gertatu diren aldaketa sakonei erreparatu nahi izan genien goizaren bigarren zatian. Abiapuntuan honako gogoeta genuen: "1970-80tik aurrera, Goizaldi dantza taldearen dantza-moldea zabaldu eta nagusitu da Gipuzkoan, eta herriz herri mantentzen zen dantza estiloa baztertu dute dantza taldeek eta ia desagertu da urte gutxitan." Mikel Sarriegiren gidaritzapean, trantsizio horren testigu izan diren hiru dantza-maisuren experientzia ezagutzeko aukera izan genuen: Jose Luis Vallejo, Iñaki Arregi eta Xabier Etxabe. 

Iñaki Arregi, Dantzan Ikasi, 2016-01-16. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan CC BY-SA

Donostiako Goizaldi eta Argia taldeetan aritu aurretik, Andoinen Lizar Makil taldearekin izandako esperientzia, eta herrian bertan ezagututako dantzari nagusien dantzakeren oroitzapena berritu zuen Iñaki Arregik. Pasaiako lehen aurresku txapelketara agertutako adineko aurreskulariari ikusitako dantzakera zaharra ere gogoratu zuen.

Jose Luis Vallejo, Dantzan Ikasi, 2016-01-16. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan CC BY-SA

Jose Luis Vallejok Tolosako Udaberrin hasi ondoren, EDBn aurresku txapelketen batzordean egindako lanak aipatu zituen. Xabier Etxabek berriz, Zarautzen ezagututako dantza-moldea, eta harekin batera sumatutako dantzaren ikuskera zaharra ekarri zuen, Iratzarrin egindako ibilbidearen, zuzeneko testigantzen nahiz ikertutakoen bidez jasotzeko aukera izan duena. Goizane Arregi zarauztarrak osatu zuen Etxaben ekarpena, Mollarri taldearekin zein hainbat urtetako ibilbidean jasotako eskarmentuarekin.