Dantzan irakasteko ikasten Elgoibarren eta Beasainen

2016/02/04
Dantzan irakasteko ikasten Elgoibarren eta Beasainen

Hamaika lagun batu gara Elgoibar eta Beasainen Patxi Labordak proposatutako dantzan irakasteko baliabideak ikasi eta lantzen. Izan ere, urria bukaera eta azaroa hasiera bitartean hiru txandatan 100etik gora pertsonek jarraitu dituzte adi-adi Patxiren aginduak, birritan Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika Eskolan eta hirugarren eta azken txandan Beasaingo Antzizar kiroldegian.

Ikastaroa hiru orduko bi saiotan zegoen aurreikusia. Lehenengo eguneko saioa dantzaren irakaskuntzan Patxik berak izandako esperientzia pertsonala kontatuz hasi zuen; nola Otsagabiko jota erakustea eskatu zioten batean hamaika galdera eta duda sortu zitzaizkiola buruan eta ispilu aurrean jarrita, ekin eta ekin, hantxe heldu ziola gaurdaino ogibide darabilen bere etengabeko lanketari.

Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak, Patxi Labordarekin. 2015-10-31, Beasain. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA
Bide bera egitea proposatu digu jarraian, eta eskuak elkarri eman eta sokan mugitzen hasi gara. Horrela, poliki-poliki suspentsioa, pultsua, puntua...bezalako terminologia eta konzeptuak landuz joan gara, bidean geure buruari galderak proposatuz eta erantzun moduan ariketak landuz joan gara. Sokan, diagonalean, korroan, taldeak aurrez aurre jarriz, imitazioz, jolastuz, astiro, biziago...landu ditugu, beti ere giro jostagarrian, ariketa lantzearekin batera, ariketa bera ikasgai eta helburu  bihurtuz. Hasierako pausoak erritmo binarioan egin genituen eta aurrerago heldu genion ternarioari, beti ere askotariko musika erabiliz, tradiziozkoa ala ez.

Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak, Patxi Labordarekin. 2015-10-24, Elgoibar. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak, Patxi Labordarekin. 2015-10-17, Elgoibar. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Saioaren tarte batean gorputz perkusioa ere erabiltzea proposatu digu Patxik eta hala, lehendabizi zutik eta gero lurrean eserita borobilean, erritmoak jorratzeko aukera desberdinak landu ditugu eta dantza irakasteko orduan haien baliogarritasunaz ohartarazi nahi izan gaitu. Lehen saioa bukatzeko, beste behin dantza eta jolasa nahastu ditu eta barre artean esan diogu agur elkarri.

Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak, Patxi Labordarekin. 2015-10-31, Beasain. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak, Patxi Labordarekin. 2015-10-31, Beasain. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Bigarren saiorako lehen eguneko oinarrizko elementuen lanketa egitura eta sistema desberdinetara aplikatzea zegoen aurreikusia, dantza konkretuak helburu hartuta ordura arte ikusitakoaren aplikazioa gisa. Horretarako Baztango zortzikoarekin hastea proposatu digu. Taldea bitan banatu eta bakoitza zortzikoaren zati bana markatzen jarri du. Gero txandakatzen joan gara, erritmoa azkartuz azkenean denok gauza bera egiten bukatu dugun arte. Helburua Baztango zortzikoa alegia zein den jakiteak oro har zaildu egin du Patxik proposatzen zuena errepikatzea. Izan ere, helmuga zein den jakiteak bere arrisku eta ajeak badituela kontura arazi nahi izan digu eta gorputzaren bizioei buelta ematearen zailtasunaz ohartarazi.

Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak, Patxi Labordarekin. 2015-10-24, Elgoibar. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Bide beretsutik gehiengoari ezezagunagoa zitzaion Arantzako zortziko biziagoari heldu diogu, eta Patxiren dantzan irakasteko bidea geuregan frogatzeko balio izan digu. Hiru orduk asko gehiagorako ere ezin zezaketen eman baina oraindik Durangaldeko ezpata-dantzako oinarrizko pausoa lantzeko parada izan dugu, eta ingurutxoa eta kontradantzen sistemarekin ere lanketa azkar bat ere egin dugu musika ixildu aurretik.

Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak, Patxi Labordarekin. 2015-10-24, Elgoibar. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Bukatzeko Labordak esandako hitzetan, ikastaroaren hitzaurrean aurreratu bezala, haren asmoa ikasle izan diren irakasleei irakasteko baliabide sorta proposatu nahi izatea baino ez zela adierazi digu; beti ere eta bestera izan ezin zitekeen bezala, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, berak erabili, landu eta baliagarri zaizkion baliabideak gurekin elkarbanatuz. Baina behin hemendik aurrera, sei ordu hauetan landutakoaz haratago, ikastaroa baliagarri izan dagigun norberak xehatu eta moldatu beharreko lana dagoela azpimarratu digu. Badugu zereginik!

Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak, Patxi Labordarekin. 2015-10-31, Beasain. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA

Hona hemen ikastaroaren nondik norakoak zuzenean Patxi Laborda dantzan-maisuaren ahotik:

Ikastaroko argazki gehiago hemen: Dantzan Ikasi: dantzan irakasteko baliabideak. Argazkiak: Josu Garate