Dokumentuaren akzioak
Dantzan irakasteko baliabideekin dantzan Patxi Labordarekin
Dantzan Ikasi, Dantzan irakasteko baliabideak Patxi Labordarekin, Eibar, 2023-09-23. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA
Ikasturte hasieran Patxi Labordarekin elkartu gara, oinarrizko dantzarako baliabide pedagogikoak jasotzeko asmotan. Halako antzeko saio gehiago ere egin izan ditugu eta haien arrakasta ikusita aurtengo eskolak hastear direnean aukera ezin hobea iruditu zaigu pixka bat aurrez dakigun hori birgogoratu eta teknika berriak jasotzeko.
Klasea beti azpimarratu nahi izaten duen esaldiarekin hasi du: "formula magikorik ez dago". Bidea egin behar dela dio, gauzak batzuk talde batzuetan funtzionatuko dute eta beste batzuek ez, lehen funtzionatzen zuen, baina orain ez... "Ez dago bide bat, egin zitekeen, baina hori eginda ere bideetako bat izango litzateke eta ez bakarra".
Badakigu gauza bat dela dantzan jakitea eta oso ezberdina dantzan erakustea. Horretan intuizioak paper handia jokatzen duela dio, "Nire intuizioak ez du zuenak baino gehiago balio. Nik dakidana da intuizioz ikasi dudana. Duela 30 urte esaten ditudan gauza berak esaten ditut orain, lehen ez zuten balio eta orain bai". Irakasleak buruan eduki beharko luke zer irakatsi, baina baita helburu horretara nola iritsi ere, ze sistema erabiliko duen irakasteko.
Dantza: musika gehi mugimendua
Dantzan irakasteko orduan musikaren garrantzia azpimarratzen du Labordak, "Dantza musika eta mugimenduaren batura da. Orduan, musika eta dantza kontrolatu eta ulertzen baditugu baliabide gehiago izango ditugu ez bakarrik irakasteko, baita feedback-erako ere". Dantza irakasleak askotan ulertu nahi izaten du zergatik ez den berdina berak buruan duena eta ikasleak egiten duena, eta hori detektatzeko mugimenduak eta musikarekin nola harremantzen den analizatu behar dela dio Labordak. Musikaren erritmoa oinarrizkoa da dantzan, baina melodiak ere informazio asko ematen du, "noiz aldatu urratsa edota koreografiak baldintzatzen dira melodia bidez".
Gorputzari begira ere jarri gara, "mugimendua lurrean sortzen da dantza tradizionalean eta gorputzera pasatzen da". Mugimenduen kontzientzia azpimarratzen du Labordak eta inportantea ikusten du mugimendu horiek izendatzea eta ozen esatea. Hankak lurrean egiten dituen kolpeetan zentratu baino, pisu aldaketan jartzea begia gomendatu du. Balsa, mazurka eta joten erritmoetara hurbildu gara ariketa sinple-sinpleen bidez. Erritmo horiekin jolastu gara: lekuan, mugitzen, sokan, ilaratan... eta konturatu gabe zortzikoa dantzatzen ari ginen! Imitazioz, galdera-erantzunekin, katean dantzatu gara.
Hiru orduko saio honetan, gero gure ikasleekin lantzeko ariketa berri batzuk ikusi eta probatu ditugu, zenbait gomendio ere apuntatuta gelditu dira; baina garrantzitsuena, taldean dantzan gozatu ederra hartu dugu.
Dokumentuaren akzioak