XIX. mendeko euskal aisiari begira Mikel Alberdirekin
XIX. mendeko euskal aisiari begira jarri gintuen Mikel Alberdik, urtarrilaren 26an, Dantzan Ikasiren programazioaren barruan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eskaini zuen hitzaldian. Juan Inazio Iztuetaren testuingurua ezagutzeko aukera paregabea izan zen. Horretarako, Mikel Alberdik, Zumalakarregi Museoaren dokumentazio arduradunak, garaiko iturrietara jo zuen, gehienbat bidaiarien testigantzak eta margolarien lanak ekarri zituen.
Zumalakarregi Museoak 2008. urtean Aisia XIX. mendean izeneko erakusketa ibiltaria antolatu zuen, hitzaldia erakusketa haren oinarritik abiatzen da. Dantzari eskaini genion arretarik handiena, baina, pilota, bertsolaritza eta zezenak ere, dantzarekin batera, XIX. mendeko Euskal Herriko aisiaren funtsa zirela ikusi genuen.
XIX. mendeko aisiari buruzko aipamenak
Iztuetaren lanari, orduko hainbat bidaiari atzerritarren testigantzei –Wilhelm Humboldt, Victor Hugo, Mañé y Flaquer– eta garaiko irudigileen grabatu eta margolanei esker, XIX. mendeko aisiaren inguruko argazki osatua irudikatu ahal izan genuen.
Juan Inazio Iztueta (1767-1845)
Kanpotik zeotezen dantzen etorrerarekin, bertako dantzak galtzeko arriskua ikusten zuen eta 1824an Gipuzkoako dantza gogoangarriak lana argitaratu zuen. Gipuzkoak dantzak jasotzeaz gain, euskaldunen aisialdirako ohiturak ere bildu zituen. Lan horretan Diccionario geografico de la real academia españolan agertzen zen testu bat jaso zuen Iztuetak, eta honela zioen: "Gipuzkoan dibertsio nagusienetakoak pelota, zezenak eta dantzak dira".
Dantzak idatziz jasotzeaz gain, garai hartako festak eta dantzak antolatzeko ardura ere izan zuen. Fernando VII. Donostiara joan zenean festa izugarria egin omen zuten, Izueta izan zen antolatzailea eta garaiko kronika batek honela dio: "Berrogeita hamar baserritarrek osatutako ezpata dantzarien konpartsak, antzinako ezpata-dantza eskaini zuten...". Festa hartan erregeak udaletxeko lehengo harria jarri zuen. Bergarako besarkadako lehenengo urteurrenean antolatu zen festan ere Iztueta izan zen dantzen eta koreografien antolatzailea.
Iztuetak, dantzan antzera, pilota ere arriskuan ikusten zuen. Trinketeak, esaterako, berrikuntza moduan ikusten zituen eta horien aurka agertu zen, aurreko pilota askoz ere garbiagoa zela zioen.
Valentin Foronda (1751-1821)
Gasteizko ilustratu aurrerakoiak, 1801. urtean Cartas sobre la policía lana argitaratu zuen eta honakoa zioen festei buruz: "Ez da komeni, ohitura onei eta aberastasunei kalte egiten dieten jai, festa eta mozkor egunak ugaritzea. Iruditzen zait festak ez direla ugaritu behar, urte osoan zehar bananduta dauden festa egunak, egun batera murriztu beharko lirateke, igandera". Argi ikusten da euskaldunak festazaleak zirela.
Wilhelm Humboldt (1767-835)
XIX. mendean Euskal Herrira bidaiatu eta Viaje al País de los Vascos (1801) lana idatzi zuen, honakoa dio bidaria prusiarrak dantzari buruz: "Dantzariek, eskutik helduta eta erritmoari jarraiki, buelta ematen dute borobilean. Baina dantzan inportanteena beti ipurdiz jotako kolpeak dira, ipurdiko izenekoak. Ezin da zalantzarik ere egin poz pozik daudela dantzari eta ikusle guztiak, maila jasokoak nahiz apalak, haien artean, dantzan eta pilotan batez ere, desberdintasunak desagertu egiten dira eta; barren barrenetik dibertitzen dira".
Pilotari buruz, berriz, zera dio: "Pilota jokoa euskaldunen joko nagusia da, herri bakoitzak bere pilotalekua izateaz gain, lagun guztiek hartzen ahal dute parte jokoan. Euskal Herriko gainerako gauzetan bezala, baina pilota jokoan bereziki, maila sozialak ez du hemen ezer balio eta igandean, herritar gehienak, gizon nahiz emakumezko, alkatea eta apaizak barne, haren inguruan biltzen dira. Herriek osorik egiten diote elkarri erronka partida garrantzitsuetan. Euskal probintzien artean gipuzkoarrek dute jokalari onenen ospea".
Dantzarekin eta pilotarekin batera, soka-moturra zen dibertimendu nagusia: "Normalean lurrean laxo dagoen soka luze batez korriarazten zaio. Bitartean, danbolinak jotzen du, herri jai ororen laguntzaile nahitaezkoa baita, eta nekatzen hasten denean, zakurrekin xaxatzen da zezena. Alkate batzuk, ordea, jokoa galarazten dute, egiten den bakoitzean lantegi gehienak hutsik geratzen dira eta, eta nik neuk ikusiak ditut 50 edo 100 bat gizon korrika halako zezen baten atzetik".
Agosti Xaho (1811-1858)
Euskaldunen altxamenduaren garaian Nafarroara egindako bidaia izena eman zion 1836an argitaratutako lanari. Hainbat gai jorratzen ditu Xahok, tartean, dantzak: "Azkenean, eguzkia ezkutatzen denean, lana bukatzen da. Ilarak desegiten dira eta laiak lurrera botatzen. Momentu horretan, txistuaren notak eta danbolinaren erredobleak entzuten dira. Taldeak berehala animatzen dira, mutilak eta neskak eskutik heldu eta bira arinak egiten dituzte. Amabirjinen kantuei, menditarren garrasiak gehitzen zaizkie. Askotan gauaren itzalak bailaretako aldapetara zabaltzen dira, dantzariak iluntasunean desager daitezen, maitagarriaren danbolinak eta iratxoaren txistuak soinu prestigiotsuak oiartzunera bidaltzen dituzten bitartean (...) Dantza euskaldunen dibertsio gustukoena da. Karrika-dantzak biztanle guztiak batzen ditu, zaharrak eta gazteak. Legeak dio festa garaian bularreko umeak amaren besoetan egon daitezela, euskaldun txikien belarrietan gaztetatik entzun behar baitira aberriaren festetako soinu alaiak".
Victor Hugo (1802-1885)
Pasaia lana, dantza eta kanta egiten zen herria da Hugoren arabera: "Alegretasunaren eta handitasunaren ezaugarri bikoitza duen orok leku atsegin eta liluragarri hau, ikusi dudan ederrenetarikoa den leku ezezagun hau eta ezein turistek bisitatzen ez duena, Suitzan balego mirestua eta Italian balego ospetsua izanen litzatekeen lehor-itsasoko leku apal hau Gipuzkoan dagoelako ezezaguna, noraezean heldu eta non nintzen ez nekien eden distiratsu ttipi hau Pasajes da espainieraz eta Le Passages frantsesez" (...) Lana, dantza eta kanta egiten da Pasaian. Batzuek lan egiten dute, anitzek dantza eta orok kanta".
eta