Lizarrako larrain-dantza jatorria eta bilakaera aztergai
Lizarrako ingurutxoa edo larrain-dantzaren inguruan, asko dantzatzeaz gain, asko idatzi eta esan izan da, beti ere eztabaidarako lekua utziz. Haren sorrera, aldaerak, bilakaera, dantzakera, musikak... eman dute zeresanik. Hoien inguruan jardun genuen Raquel Ugartondo eta Javier Lanarekin suite erako dantza honen inguruan antolatutako mintegian.
Eztabaidarako inongo asmorik gabeko lana zela aitortuz ekin zion Raquel Ugartondok azalpen tarteari; azken urtetan sortu zaion jakin nahiak bultzatu zuela larrain-dantzaren inguruan dokumentatzera. 1996ko "Lizarrako gaiteroak. Lizarrako Larrain Dantza" diskoa eta 2003an argitaratutako "Baile de la Era de Estella. Tres Siglos de Oro" DVDa oinarrizko dokumentutzat dituztela adierazi zuen jarraian, batez ere bigarren zatian izango genuen dantzaren errepaso praktikoari zegokionerako.
Musikari eta dantzari lotutako Lizarraren historiaren atzerabegiratu azkar bat egin zuen hasteko. Gaur egungo gaitaren eta haren errepertorioaren aita litzatekeen Julian Romanoren ondotik, XIX. mendean Romano eta Elizaga familia gaitajoleen gora beherak azaldu zizkigun; larrain-dantzaren historia ulertu ahal izateko ezinbesteko pertsonaiak.
Dantza honen erreferentzia historiko bila, 1864 urtean dokumentu zaharretan jasotako "baile de la gaita" edo "ha habido gaita" bezalakoak erakutsi zizkigun, dantzak instrumentuarekin duen lotura hertsiaren adierazle. Oraindik, ordea, ez da "baile de la era" hitz segidarik ageri inon ere ez. 1903an Alfontso XIII.a penintsulatik egiten ari zen bisitari itxaron beharko diogu gaur egungo dantza egituraren aurrekaria izan litekeenaren berri izateko.
Garaiko dokumentuetan oinarrituta, larrain-dantza aipatzen duten zenbait data edo mugarri bota zizkigun jarraian Ugartondok. 1928an Iruñean izandako dantza lehiaketan "baile de la era" delakoak irabaziko du, baina egitura aldatuz itxuraz. Honek Hilario Olazaran musikari kaputxinoaren haserrea ekarri eta, 1929an, "Baile de la Era de Estella" izeneneko pianoarendako partiturak argitaratu zituen. 1933an Elizagatarrek bultzatuta, larrain-dantzaren aldeko batzordea sortzen da Francisco Beruete ere –gerora, 1944an, udal folklore taldea martxan jarri zuena– bertan zela. Larrain-dantza, berak bakarrik, udal taldeari "jaten" emateko gutxi zenez Beruetek dantza berriak sortu zituen, gaur egun oraindik dantzatzen diren "El desmayo" edo "Las ballestas de San Juan" esaterako. Bien bitartean, gerra garaian eta gerra oste hurbilean Seccion Femeninaren eskutik emandako dantza saioren bat edo beste baino ez omen zen izan. Gaur egunera hurbilduz berriz, Tito Sanchezen eskutik –udal taldearen gainbeherak eta Berueterekin zituen desadostasunak tarteko– Larraiza taldea sortu zen udal taldeari erreleboa hartuz. Hemendik sortu zen 1980an Ibai-Ega dantza taldea, Lizarrako gaiteroekin elkarlanean 2003an kronika honen hasieran aipatzen genuen erreferentziazko DVDaren egile.
zabalkundearen ingurukoa izan zen batez ere. Horrek dantza bere horretan eta une konkretu batean "ixtean" izan zezakeen eragina atera zen mahai gainera eta baita zabalkunde horrek ekarritako bertsioen arteko afera interesgarria ere.
Eseritakoak bukatuta dantzarako ondoko dantza-gelara pasa ginen. Ahozko parteak denbora asko jana zigun eta beraz astirik galdu gabe binaka jarri eta azkar-azkar Raquel Ugartondok eta Javier Lanak gaur egun Lizarran dantzatzen eta erakusten duten "larrain-dantza" erakutsi ziguten. Dantzarako era "askegoa" proposatzen zuten biek ere, edozeinek burukomin larregirik gabe dantzatu ahal izateko bestekoa; beti ere baina erreferentziazko DVDan jasotako kaiolaren barruan. Kaiola horren burdinen arteko tarteak zeinen handi ala txiki ote diren, duda horixe gelditu zitzaigun airean. Azken kalejiraren ostean, giro onean eta asmoa zen legez larrain-dantzaren inguruko ate guztiak irekita utziz, hurrengo batera arte elkar agurtuz bukatu genuen mintegia.
Horra Larrain-dantza, Lizarrako ingurutxoaren mintegiko argazki gehiago.