Dantza-jauzien oinarrietara atzera-saltoa

2019/05/06
Dantza-jauzien oinarrietara atzera-saltoa
Gaskoiniako herri-dantzak apur bat ezagutzeko aukera izan genuen Joan Francés Tisner-ekin Elgetako Espaloia kafe-antzokian eman zigun ikastaroan. Bezperan Iruñean izan zen Jérôme Etxemaité dantza-maisuarekin batera, han ere ikastaroa eta dantzaldia ematen Ortzadar Folklore Elkarteak antolatuta. Jauzi eta braleen dantzakeran, oinarrietara eraman gintuen Tisner-ek: dantzaren pultsua edo taupada, suspentsioa edo esekidura, eta irakasteko / barneratzeko baliabide bezala, ahotsaren laguntza soilaz, urratsak kantatzea.

Gaskoiniako dantzen ikastaroa, Elgetea, 2019-03-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Hortik abiatu zen, eta horretan jarri zuen indarra, soilik kantuak eta ttun-ttunak gidatuta (zer gehiago behar?). Atzera-saltoa eginez bezala, sentitu ahal izan genuen garai bateko dantza-maisuek jauziak irakasteko erabili ohi zuten sistema hori: pasarte bat dantzatu bitartean urratsak doinuarekin batera kantatzea, eta jarraian ikasleak errepika ematea, urratsa kantatuz eta dantza pasartea errepikatuz.

Eta pultsua sentitzea... eta suspentsioa… eta dantzan halaxe adieraztea, ttun-ttunaren kolpeetan… sinpletasunetik, baina dantza barrenetik sentituta. Bere hitzetan: “Hobe sinple dantzatu baina estiloaz, ezen ez konplikatuago baina estilorik gabe”.

Gaskoiniako dantzen ikastaroa, Elgetea, 2019-03-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gurean, dantza-jauziei dagokienean, azken urteetan bizi duten zabalpen azkarrean sarritan albora geratu dena, hain juxtu. Arreta urratsen teknikara mugatuta, “urratsak” ikastera, jakin badakigu zenbateraino galdu den dantzakeraren kalitatea (dantzan.eus-en argitaratutako hainbat bideotan agerikoa denez). Beharbada Biarnon gehiago eutsi diote esentzia horri?

Biarnoko jauzien ‘berezitasunak’ eskatu genizkion Tisner-i, urratsen izenekin edo urratsak ixteko estiloarekin pentsatuta, baina hori eta gehiago eman zigun. Eta behar genuen. Behar dugu.

Gaskoiniako dantzen ikastaroa, Elgetea, 2019-03-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Jauzietan, dantzatu genituen Biarnon oinarrizkoak diren batzuk: Pantelon (EHan ezezaguna), Lo Peiroton (EHan Buhameak), La craba (EHan Grabo edo Ahuntza, baina ez da berdin-berdina), Mariana (EHan Marianak edo Aitzina Phika). Eta gozatu genuen dantzatzea ahots eta ttun-ttunaren soiltasunean, beste ezeren beharrik gabe. Joan Francés-ek aldarrikatu zuenez, kantua erabilita, ez dugu beste ezer behar dantzarako. Errazagoa da, eta merkeagoa. Eta zuzen ari da. Zenbat jota dantzatu izan dute gure aurrekoek sukaldeetan edo auzoko jaietan pandero eta koplen doinupean?

Jauzien dantzakerari dagokionean, erabili zuen Saliese, Salbaterra eta Ortheze inguruan finkatutakoa. Eta erabili genuen ere urratsen Biarnoko izendegia:

  • Sinple edo Erdizka = Simple (berdin bi aldeetara)

  • Zote edo dobla (Phika xibetotarrez) = Copar (irkurrita “kupar”)

  • Pika (Biga xiberotarrez) = Dus (bere esanahia da “Bi”)

  • Ebats = Pas volat

  • Ezker / eskuin = Virar (berdin batera edo bestera)

  • … eta hiru = Tres

  • Zeina = Mercar

 

Eta konbinaketa batzuk:

  • Doble = Simple + Copar (hau da, Erdizka + Dobla // Sinple + Phika)

  • Doble dus = Simple + Dus (hau da, Erdizka + pika // Sinple + biga)

  • Doble tres = Simple + Copar tres (hau da, Erdizka + Dobla eta hiru // Sinple + Phika eta hiru)

  • Abans edo “Corrent en danvant” = Aitzina edo Aitzina pika

  • Tres pas et dus = Luze eta pika // Aitzina biga

  • Simple pas volat = Luze eta ebats // Beste biga eta ebats

Gaskoiniako dantzen ikastaroa, Elgetea, 2019-03-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Branlo d’Aussau eta Rondeu

Aussau bailarako branlo edo bralea da Biarnon gorde den bakarra. Gaur egun oso erabilia dantzaldi orotan, bi modutan: sokan, edo bikoteka. Sokaren modura mugatu ginen (bestea konplexuagoa), eta honetan ere, musikaren pultsua eta suspentsioa sentitzea izan zen oinarria, kantu errepika erabilita berriz: “Colorino de rosas, sabor de romaniu...” (ondo idatzita ote dagoen ere…).

Izan ere, hori baita Aussauko bralearen berezitasuna, eta dantzatzea berezi egiten duena, suspentsio hori barrenetik sentituta. Eta besoen gora-behera… Kosta egiten da hori guztia harrapatzea, baina behin harrapatuta, horretan du magia.

Gaskoiniako beste dantza adierazgarriena Landetako Rondeu delakoa da. Hau ere bi moldetan: soka motzetan (sei – hamar lagun) edo bikote segidan (ingurutxoaren pareko kokapenean). Sokakoa landu genuen, kantuan hau ere.

Tisner-ek adierazi zuenez, branlo eta rondeu, biak parekoak dira. Doinuan ere biek dute egitura berdina: AA BB segida errepikakorra.

Gaskoiniako dantzen ikastaroa, Elgetea, 2019-03-31. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Bal gascon jarraian

Honaino eman zuen ia bi orduko ikastaroak. Ondorengo bal gascon dantzaldian, hauek praktikatu eta Gaskoiniako beste herri-dantza erraz batzuk erakutsi zizkigun Joan Francés-ek, Domenja Lekuonaren laguntzaz. Besteak beste, Luxey-ko Pas de Quatre (bikote korrua polkan, kontradantzen logikan) eta Congo (kontradantza sisteman rondeu-ko urratsak erabiliz). Biak ala biak Landetakoak.

Hauez gain, korruan beste dantza errazen bat, eta Gaskoiniako dantzaldietan parte diren polka, schottisch, balsa eta mazurkak ere eman zituen.

Guztia, batez ere kantua eta ttun-ttunaren musika soilaz. Hori ere sentitu ahal izan genuen Joan Frances-ekin: kantuaren eta ttun-ttunaren kolpe soiletan dantzatzearen plazera. Gehiago beharrik ez. Dantzan jarri gintuen guztiak bere indarraz. Tarteka soinu txikia ere erabili zuen, oholtzatik jendartera jeitsita.

Biarnoko dantzaldien agenda ezagutzeko webgune hau gomendatu zigun: https://www.ostaubearnes.com/agenda