Hitzaldi dantzatua: Jon Olazkuaga: Pamperruque

2022/02/11
Hitzaldi dantzatua: Jon Olazkuaga: Pamperruque

XVIII. mendean, Baionan, kalez kale, karrikaz karrika egiten zen dantza ibiltaria zen Pamperruque izeneko dantza. Maritzuli konpainiako Claude eta Jon Iruretagoyenaren laguntzarekin, Jon Olazkuagak Pamperruque inguruko dokumentazio historikoa aztertu, eta dantza berriz karrikaratzeko lanketa koreografikoa egin du. Bere eskutik karrika-dantza horren nondik norakoak ezagutzeaz gain, zenbait dantza aurrekari eta zati ikasteko eta dantzatzeko aukera paregabea izango dugu hitzaldi dantzatu honetan.

Hitzaldi dantzatua: Pamperruque

  • Hizlaria: Jon Olazkuaga (Maritzuli)
  • Data: 2022ko martxoak 26, larunbata
  • Ordutegia: 10:00 - 13:00 
  • Lekua: Dantzagunea (Errenteria)
  • Prezioa: 15€
  • Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

 

Bi hamarkada joan dira Maritzuli taldeak karrika-dantza horren inguruko ikerketa lana hasi zuela eta 2001eko Maitaldian, Biarritzen, kalean biziberritu zuela. Olazkuagak dantza honen inguruko dokumentazioa aztertuz jarraitu du azken urteotan, doinu, koreografia zein jantziteriaren inguruko zehaztasunak eta datu berriak gehituz Maritzuliren lanketari.

Dantza ibiltari hau deskubritzeko saio teoriko praktikora gonbidatzen zaituztegu: dantzaren historia, bilakaera eta testuinguruak ezagutzeaz gain, Maritzuli Konpainiak Pamperruque dantzaren berreskuratze lanetan erabili dituen errepertorioak ezagutzeko aukera izango duzue. Berpizkundeko branleetatik XIX. eta XX. mendeko dantzetara, soka dantzen munduan murgiltzen gaitu Pamperruque dantzak: dudarik gabe atzera begiratuz dantzatzen duguna ulertzeko, testuinguruan jartzeko edota errepertorio berriak sortzeko aukera emango digu.

La Pamperruque, Saint Spirit plaza, Baiona, 1781. Frois familiaren bilduma

Jon Olazkuaga Garibal (Donibane Lohizune, 1995)

Ziburuko Bixintxo dantza taldean hasi zen dantza ikasten 6 urterekin, eta Donibaneko Begiraleak eta Hendaiako Akelarre dantza taldeetan ere aritu zen gerora. 2010ean Maritzuli Konpainiako Aurrez Aurre ikuskizunean parte hartzeko aukera izan zuen, eta, geroztik, Claude eta Jon Iruretagoiena dantza maisuekin dantzan eta jantzigintzan formatzen jarraitu du, euskal dantzen aberastasuna eta haien sinboloen eta historiaren sakontasuna aurkitzen. Gaur Akelarre dantza taldean eta Maritzuli Konpainian dantza irakasle gisa ari da. Maritzuliren Nundik Nora eta Lau Urrats eta kitto! zein Argiaren Martin Zalakain ikuskizunetan dantzan aritu izan da. Maritzuli Konpainiaren azken lanetan hasi zen koreografiaz eta jantzigintzaz arduratzen Claude eta Jon Iruretagoienarekin batera. 2016az geroztik XVIII. mendean Baionan dantzatzen zen Pamperruque izeneko karrika-dantza ikertzen jardun du.

Hitzaldi dantzatua: Pamperruque

  • Hizlaria: Jon Olazkuaga (Maritzuli)
  • Data: 2022ko martxoak 26, larunbata
  • Ordutegia: 10:00 - 13:00 
  • Lekua: Dantzagunea (Errenteria)
  • Prezioa: 15€
  • Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

 

 

Pamperruque Baionako Euskal Museoan, Maritzuli konpainia, 2020-02-08. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC by-sa

-----------------------------------------------------------------------------

Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da.