Gaztemundu dantzan 03: Dantza-jauzietatik aitzineko püntüetara
Maritzuli konpainiako Jon Iruretagoiena eta Claude Iruretagoiena dantza-maisuen eskutik, egun bete eta mamitsua bizi izan dugu, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzen inguruko xehetasunak landuz, Lau urrats eta kitto! dantzaren irakaskuntzarako sistema pedagogikoa ezagutuz eta Nundik Nora ikuskizunaz gozatuz.
Zuberoa, gabota eta dantza-jauziak
Dantzagunean, Errenteriako Niessen eraikinean dantzarako prestatu diren azpiegitura bikainetan ekin diogu Jon Iruretagoienaren lehen eskola-orduari. Zuberoako maskaradetako zenbait urrats, aitzineko püntü zenbait, irakatsi ditu. Pas française, tombé, entrexat, eta frantsesez izendatzen diren beste zenbait urrats irakatsi ditu, eta baita frantsesa eta euskara konbinatzen duten urratsen bat ere, tombé luzia, esaterako.
Urratsen jatorrizko izen frantsesaren inguruko argibideak eskaini ditu Claude Iruretagoienak, eta dantza hauetan ageri den desplazamendu ardatzaren (aurrera-atzera, eskuinera-ezkerrera) eta simetriaren jatorria kontra-dantzen egitura koreografikoen eraginez datorrela azaldu digute Iruretagoienatarrek.
Orain zenbait hamarkada Nafarroa Beherean, Aitziritzen ikasitako gabota irakatsi du ondoren Claude Iruretagoienak. Gaueko emanaldian garrantzia berezia izango duen dantza horren beste aldaera bat da Aitziritzekoa, plazan egiteko dibertigarria gainera. Azkenik, dantza-jauzien sistematika, egitura eta estiloetara hurbilketa azkar bat eskaini du Claude Iruretagoienak.
Lau urrats eta kitto!
Arratsaldeko saioan Lau urrats eta kitto! dantza tradizionala transmititu eta lantzeko sistema pedagokiko aurkeztu du Claude Iruretagoienak. Bai Gaztemunduko taldea eta bai Dantzan Ikasiren deialdiaren bidez ikastaroetan parte hartzen ari direnak, denak dantza irakasleak izanik, interes handikoa da proposamen hau. Euskal dantzetan agertzen diren urrats gehienak apaindura eta estilo xehetasunez biluztu oinarrian hiruzpalau urratsetara ekartzen dituzte Maritzuliko irakasleek, eta horiek landuz dantza errepertorio zabal batez gozatzeko aukera izan daitekeela agertarazten dute.
Nundik Nora, Errenteriatik Hondarribira
Errenteriako Dantzagunea utzi eta Hondarribira aldatu gara. Gaztemunduko partaideek Hondarribiko alde zaharra bisitatzeko aukera izan dute, eta ondoren, Itsas Etxean, Maritzuli konpainiaren Nundik Nora ikuskizuna ikusteko aukera izan dute. Gipuzkoako Dantzagunea eta Hondarribiko Udalaren lankidetzarekin antolatu da emanaldia, eta euskal dantzaren alorreko hainbat dantzari, dantza-irakasle eta zuzendari elkartu da bertan Iruretagoienatarren azken lana ezagutzeko asmoz. Izan ere, ekainaren 20an Hendaian egin zen emanaldiaren estreinaldia, frantsesez, eta beraz, euskarazko estreinaldia izan zen Hondarribiko saioa.
Hitzaldi-dantzatua zuen abiapuntuan emanaldiak, eta horrela ulertu behar da orain ere, saioaren zati handi bat hitzek hartzen baitute, bai bideoan grabatutako azalpenek eta bai bertan, zuzenean, Jon Iruretagoienak irakurtzen dituenek, dantzaren historiaren etapa esanguratsu batzuk narratzen baitituzte. Luis XIVa errege dantzariaren ekarpen eta garaiko dantzekin hasi, kontra-dantzen moda, dantza-maisu eta koreografo handien ekarpenak, XIX. mendeko Frantziar Armadako instrukzio garaietan gazteek jasotako dantza-formazioak, eta guzti horiek Zuberoako dantzetan izandako eraginak eta utzitako arrastoak xehetu ziren ikuskizunean. Bikain prestatutako hamar dantzarik, Jon Iruretagoiena buru zuela, dantzatu zituzten historia pasarteetan agertzen ziren kontra-dantza, gabota, anglaise eta godalet-dantzak.



