Jantzi eta maskara artean, inauteria

2026/06/22
Jantzi eta maskara artean, inauteria

Urtero bezela, aurten ere, Hondarribia Dantzan jaialdia antolatu du Kemen Dantza Taldeak. Jantzi erakusketa, hitzaldi, dokumental eta dantza saioak izan dira protagonista Hondarribian astebetez. Aurtengo ekitaldian “Inauteri garaiko dantza, tradizio eta jaien jantziak” erakusketa egon da ikusgai Arma Plazan. Erakusketa hori bera baliatu eta Thierry Truffaut antropologo baionarrak “Ihauteri: ilunpetik argira” hitzaldia eskaini die bertan hondarribiarrei.

Thierry Truffaut, Ihauteri: ilunpetik argira hitzaldia, Hondarribia Dantzan, Hondarribia, 2026-05-20. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal

Hitzaldiaren oinarria Ihauteri: Ilunpetik argira liburua da, Truffauten 52 urteko ikerketa lana biltzen duen liburua. Hasieran aipatu duenez, inauterien kodeak azaldu nahi izan ditu liburuan, hartara, denok uler dezagun inauterien funtzionamendua. Beti taldean egiten dira, hainbat rol daude eta urtero errepikatzen dira. Inauteri mota asko egon daitezke tokian toki, baina haien arteko harremanetan jarri du fokua Truffautek. Hitzaldian zehar, erakusketako arropak behin eta berriz aipatu ditu eredu gisa.

Lurrari lotutako mundu ikuskera

3.000-1.000 urte artean atzera egin du Truffautek inauterien nondik norakoak ondo ulertarazteko. Garai hartako euskal mendialdean kokatu da. Ez zuten gaur egun dugun egutegia erabiltzen, eta hor jarri du gakoetako bat. Denboraren nozioa ez zen gaur egun duguna. Bi urtaro soilik bereizten zituzten orduan: uda eta negua. Bestetik, zein garaitan zeuden jakiteko natura behatzen zutela kontatu du Truffautek: zerua, landareak, hegaztien migrazioak, etab. Gainera, denboraren kontzepzioa ere ez zen gaur egungoa, Truffautek azaldu duenez, garai hartan ez zuten denboraren kontzepzio lineala, zirkularra baizik. Hau da, “uda iristean berriz ere itzultzen ziren hasierara, jatorrira”.

Negua katastrofikoa zela kontatu du, bukatu ezean hiltzera kondenaturik zeuden. Uda, berriz, negu ilunaren aurrean argia zen, bizitza itzultzen zen garaia. Bi mundu bereizi ditu Truffautek: uda eta negua, argia eta iluna. Erakusketako jantziak aipatu ditu bi mundu horien adierazgarri. Batetik, Lapurdiko kaskarotak, erabat argiak. Eta, bestetik, jantzi ilunagoak, beldurgarriagoak ere ikusgai ditugula azpimarratu du, Altsasuko momotxorroa adibidetzat hartuta.

Ihauteri: ilunpetik argira erakusketa, Hondarribia Dantzan, Hondarribia, 2026-05-20. Argazkia: Nagore Lei Lizarraga Odriozola

Gregorio Aita Santuak 1582an gaur egungo egutegia sortu zuenean, lehengo mundu ikuskera eta egutegia berria elkarlotuz joan zirela kontatu du Truffautek, sinkretismo bete-betean.

Negutik udara, zaharra erre bizia birsortzeko

Uda eta negua, negua eta uda. Inauteriak bi urtaroen arteko igarobidea direla aipatu du Truffautek. Arabako eta Nafarroako hainbat tokitan, esaterako, emazte zahar eta beldurgarri batek gazteak harrapatu eta ipurdia erretzen die. Esan duenez, urtearen azken egunak erretzearen irudikapena da eta emazte zaharra urte zaharraren irudikapena. Erditzen duen emakumea ere bada hainbat tokitan urteberriaren irudikapen, Arakilen esaterako. Mielotxin, Zapantzar eta Markitos ere aipatu ditu, epaitu eta erretzen diren pertsonaien eredu gisa, urte zaharra epaitu eta berrian sartzeko egiten diren errituak direla esan du. Guk geuk ere Urteberri egunean asmo berriak zerrendatzen ditugula oroitarazi du Truffautek, urte zaharretik berrirako igarobidean gaudenean gure bizitza aztertzeko joera dugu. Horregatik, inauterietan epaiketak egitea oso ohikoa dela azaldu du: “Erreko den pertsonaia da zakarrontzia, gure hondakin guztiez bete eta suaren bidez joango dena, eta errautsetatik bizia birsortuko da. Gauzak berpizteko igarobidea da”.

Ihauteri: ilunpetik argira erakusketa, Hondarribia Dantzan, Hondarribia, 2026-05-20. Argazkia: Nagore Lei Lizarraga Odriozola

Inauterietan asko azaltzen den beste pertsonaia bat ere aipatu du: emazte ezkondua. Zuberoako maskaradan jauna eta anderearen adibidea jarri du. Bestalde, jendeak Europa osoan zehar neguan ezkontzeko ohitura zuela azaldu du, Urteberriaren irudikapen baitzen.

Adarrak dituzten pertsonaiak ere aipatu ditu Truffautek, Elizak kondenatu baitzituen, bai eta lehen aipaturiko emazte zahar eta beldurgarria ere. Hala ere, debekua ez zen Euskal Herrira segituan iritsi eta gaur egun oraindik ere baditugu adarrak dituzten pertsonaiak.

Alabaina, inauterien inguruko ikerketa faltan jarri du fokua. Kontatu duenez, gauza asko galdu dira eta ditugun testu bakarrak poliziarenak dira, salaketak medio.

Gazteak aipatu ditu segidan eta inauterietako beste gakoetako bat direla azaldu du. Inauterietako tradizio guztiak gazteei transmititu zaizkiela kontatu du Truffautek. “Ezkonduek ez zituzten ospatzen”. Gizon gazteak aipatu ditu bereziki, eta emakumeen parte hartzearen kontrako debekuak zeudela ere aipatu du. Hala ere, Lantzeko txatxoari erreparatuta, azpimarratu du oso zaila dela jakitea hainbat mozorroren azpian nor zegoen. Ziburuko testigantza bat ere aipatu du, XVII. mendean emakumeak inauterietan ibiltzen zirela dioena. Kontuak kontu, “gaur egun denek ospatzen dute inauteria, eta lehen ere bai, debekuak debeku”.

Ihauteri: ilunpetik argira erakusketa, Hondarribia Dantzan, Hondarribia, 2026-05-20. Argazkia: Nagore Lei Lizarraga Odriozola

Bi mundu: negua eta uda, iluna eta argia.

Dantza aipatu du Truffautek, inauterien alderik magikoena azaleratzeko. Magia sinpatikoaz aritu da, imitazio bidez gauza identikoak sortzen dituena. Magia mota hori inauterietan agertzen den hainbat adibide aipatu ditu. Euria edo uzta ona erakartzeko dantzak dira horietako batzuk, pertsonaia ederrek egin ohi zituztenak. Bestetik, neguko gauzak kanporatzeko ere magia sinpatikoa erabiltzen zuten. Horregatik, indar arriskutsuaren rola hartzen duten herritarrak zein diren ez dugu jakin behar, kanporatu behar diren izakiak baitira, negua irudikatzen dutenak.

Mairua edo zirtzila da horien artean Europa osoan gehien agertzen den jantzia. Euskal Herrian gutxi gorabehera 10-15 izen desberdin dituela azaldu du Truffautek. Erakusketan ikusgai dauden Lantzeko jantziei eta Altsasuko maskaritari erreparatuta, jantzi horien garrantzia aipatu du. Etxean aurkitutako materialarekin egiten ziren. Urte osoan zehar biltzen omen zuten materiala: maindireak, buruhezurrak, adarrak, etab. Beraz, jantzi horiek gauzen bilketaren ondorio ziren, urte osoko lana eskatzen zuena. Horren eredu gisa, Errumaniako maskara bat erakutsi die entzuleei. “Pertsona irrealaren dimentsioa ematea da helburua, eta beldurra sortzea, udaberrira pasa eta jende ederrari lekua uzteko”. Gaur egun, maskara lantzearen ohitura galdu dela kontatu du Truffautek, askotan oihalak erabiltzen dira orain aurpegia estaltzeko.

Truffaut, Ihauteri: ilunpetik argira hitzaldia, Hondarribia Dantzan, Hondarribia, 2026-05-20. Argazkia: Nagore Lei Lizarraga Odriozola

Bestalde, Hartza inauterietako pertsonaia garrantzitsuenetako dela kontatu du Truffautek. Otsailaren 2an ateratzen omen da Hartza. Inauteriak ospatzeko lehen egun posiblea izan daiteke hori, azaldu duenez, otsailaren 2aren eta martxoaren 10aren artean izan daitezke inauteriak, neguko solstizioaren arabera aldatzen baitira, ilargiarekin batera. “Hartza neguan ez da ikusten, udaberrian ikusten da, udan ikusten da”. Egiatan, Truffautek esan duenez, Hartza ez da otsailean ateratzen. Bai, ordea, “mozorrotutako hartzak, faltsuak, sinbolikoki negua izorratzeko”. Lehenago aipatutako magia sinpatikoarekin egin du lotura, imitazioz Hartza ateraraztea baita pertsonaia horren helburua.

Ihauteri: ilunpetik argira erakusketa, Hondarribia Dantzan, Hondarribia, 2026-05-20. Argazkia: Nagore Lei Lizarraga Odriozola

Pertsonaia ederrek, aldiz, Truffautek azaldu duenez, ez dute beldurtzen. “Inposatzen dute edertasuna eta bizitzaren etorkizuna”. Jantzi osoen aberastasuna azpimarratu du. Erakusgai dagoen Lapurdiko kaskarotarengana hurbildu eta jantziaren garrantziaz aritu da. Horrelako jantziak emazteen ordezkariak omen ziren Europa osoan eta jantzi femeninoak direla esan du. Bitxiak aipatu ditu bereziki, euren amenak izan ohi baitziren, egiazko bitxiak alajaina. Janzteko, sukaldean jartzen ziren mutilak eta amen maniki bihurtzen ziren. Kaskarot bakoitzak bere brodatu propioa zuen, etxeari lotua, ama bakoitzak bere kodea baitzuen. “Jantzi magikoak ziren, udaberria ikustarazteko”. Emazteen papera jantziak prestatzea omen zen eta dantzatzen ez zirela aipatu du Truffautek. Hala ere, gaur egun dantzatzen dira. Aipatu duenez, gaur egun ez da Lapurdin talderik mistoa ez denik.

Thierry Truffaut, Ihauteri: ilunpetik argira hitzaldia, Hondarribia Dantzan, Hondarribia, 2026-05-20. Argazkia: Saioa Zabala Aristizabal

Soinua ere inauterietan oso garrantzitsua dela kontatu du Truffautek. “Igarobide festetan beldur handia izaten da, beraz, zarata handia egiten da. Abere basak zarata handia eginez joaten dira eta erdian dena babestuta gelditzen da”. Aipatu duenez, pertsonaia ilunek joareak izan ohi dituzte eta ederrek txilintxak edo txintxarriak.

Komunitatea osatuz, eske errondak

Bukatzeko, inauterietako eske erronden inguruan entzule batek egindako galderaren bueltan aritu da Truffaut. Europa osoan bi eske erronda mota daudela aipatu du: lapurketa eta ederren segizioa. Lapurketa neguko indarrek egiten dute. Batzuek etxe aurrean zarata egin eta besteek atzean lapurtzen dutela kontatu du. Ederren segizioa bestelakoa da. Marcel Mauss-en dohaintza eta kontra-dohaintza aipatu ditu azaltzerako orduan. Azaldu duenez, eske erronda egiten dabiltzanak zerbait ematen diete etxekoei, eta trukean eurek beste zerbait itzuli behar diete. “Gazteek zoriona, udaberria, bizitza berria eramaten diete, eta etxekoek harrera eskaintzen diete”. Harrera gisa janaria edo dirua eskaintzea ohikoa dela azaldu du. Trukean ezer eman ezean, “magiak ez du funtzionatzen eta etxea ez da babestuko”. Horregatik, etxe bat bera ere ez ahaztearen garrantzia azpimarratu du.