Urola Erdiko dantzaren memoriaren arrastoen bila

2026/05/21
Urola Erdiko dantzaren memoriaren arrastoen bila

Azken hamarkadetan euskal dantzan nagusitu den dantzaera estandarrak, aurretik zegoen jatorrizko sistema zaharra ezabatu duela azaldu du Mikel Sarriegik Azpeitian eginiko mintegian. Dokumentu historikoak, grabazio zaharrak eta dantza-maisu zaharren testigantzak gurutzatu ditu azalpenetan.

Sistema zaharra: oinarria eta apaingarriak

Hitzaldiaren lehen zatian Gipuzkoako dantzen sistema orokorra azaldu du. Gaur egun oinarrizkotzat edo arautzat hartzen diren hainbat mugimendu lehen ez zirela era horretan egiten azaldu du; are gehiago: zenbait dantza-maisu zaharrek gaitzetsi egiten zituztela.

Urola Erdiko dantzaren memoriaren arrastoen bila, Dantzan Ikasi, Mikel Sarriegi, Azpeitia, 2026-05-08. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Pujanarekin ikasitako maisuek defendatzen zuten azken ostikoa lekuan bertan ematea, inpultsorik gabe, adibidez. Gaur egun ohikoa den atzerako pausoa edo gorputza jaurtitzeko mugimendua laguntza artifizial moduan ikusten zuten. Beste herri batzuetan salto txikiak edo jirak onargarriak baziren ere, Sarriegik azpimarratu du horrek erakusten duela lehengo sisteman aniztasun handiagoa zegoela.

Sentzilloaren inguruan ere ideia bera garatu du. Oinarrizko pausoa oso sinplea dela azaldu du, orain zenbait hamarkada Ikerfolkek argitu zuen sentzilloaren oinarria azalduz: “pauso bat eman eta beste oina ekartzea Bere ustez, gaur egun arau moduan ulertzen diren hainbat mugimendu ez dira oinarria, baizik eta gerora gehitutako apaingarriak.

Urola Erdiko dantzaren memoriaren arrastoen bila, Dantzan Ikasi, Mikel Sarriegi, Azpeitia, 2026-05-08. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Horregatik nabarmendu du gaur egun oinarrizko pausotzat irakasten diren gauza batzuk lehen apaingarritzat hartzen zirela; “sistemaren logika ez zen denek berdin egitea, baizik eta marko komun baten barruan askatasuna izatea”.

Urolako adibideak: Azkoitia eta Azpeitia

Sistema horretan Urolako adibideak erakutsi ditu jarraian. Azkoitiko San Migelen prozesioa aipatu du, adibidez. Han egiten diren pauso xume batzuek —saltotxoekin, ezpata posturan eta sentzilloaren logikarekin— lotura zuzena dutela azaldu du Iztuetak deskribatutako mugimenduekin eta errenazimentuko dantza-eskolarekin; “gaur egun oraindik plazan bizirik dirauten duten mugimendu horiek duela mendeetako sistema baten arrastoak dira”.

Urola Erdiko dantzaren memoriaren arrastoen bila, Dantzan Ikasi, Mikel Sarriegi, Azpeitia, 2026-05-08. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Azpeitiko dantzetan ere antzeko elementuak identifikatu ditu. Donostiako Bihoztun dantza taldeak erakutsitako sentzillo eta lau-arinen moldeak aipatu ditu: oin-punta gurutzatuak, arin azkarrak eta hanka altxatzeak. Gaur egun estilo pertsonal edo apaingarritzat har litezkeen mugimendu horiek lehen sistema oso baten barruan ulertzen zirela azaldu du.

Teoriaren froga iruditan

Saioan bertan izan da Mikel Larrañaga (Azkoitia, 1936) dantza-maisua, Sarriegirentzat Urolako dantzakerari buruzko informatzaile nagusia izan dena. Aurrez Sarriegiri azaldu zizkion garai batean beraiek dantzatzen zituzten pausoak, xehetasunak eta egiteko moldeak.

Mikel Larrañaga, Dantzan Ikasi, Mikel Sarriegi, Azpeitia, 2026-05-08. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Saioan 1978ko grabazio bat erakutsi digute eta irudiek indartu dituzte teorian azaldutako ideiak. Azpeitiko Batzokiaren inaugurazio jaian eginiko aurreskua ikusi dugu. Larrañaga bera ageri da dantzan atzesku lanetan, eta horrek aukera eman digu azalpen teorikoetako hainbat elementu zuzenean identifikatzeko: adibidez, zortzikoko sentzilloaren lehen mugimenduak hankak dezente harrotuz egiten zituztela ikusi da, eta itxiera, orain hanka altxatuz egiten dena, ostera, azpitik egiten zutela. Gaur egungo forma estandarretik urrun, beraz, baina Sarriegik defendatu du Iztuetarengandik hasita orain urte gutxi arte horixe izan dela forma ohikoena, eta azken hamarkadetan hedatu den molde estandarizatua berria eta jatorrizko sistemaren aldean desberdinena dela.

Urola Erdiko dantzaren memoriaren arrastoen bila, Dantzan Ikasi, Mikel Sarriegi, Azpeitia, 2026-05-08. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Saioaren amaieran ideia nagusi bat agertu da: Gipuzkoako dantzakeran gaur egun ikusten den eredu estandarizatua nahiko berria dela. Eta etorkizunera begira, gure dantzakera aberasteko baliabide ugari ditugula tokiko tradizioetan. Euskararekin gertatu bezala, batua finkatu ondoren tokiko aldaeren jatortasuna eta egokitasunaren kontzientzia piztu da eta tokiko dantza-maisuek gordetako ezaugarri horiekin gure dantzakera aberasteko aukera dugula bistarazi da. Sarriegiren hitzetan, askotan “gaizki egindako” edo “trakets” moduan interpretatu izan diren hainbat xehetasun dira, hain zuzen, sistema zaharraren arrasto baliotsuenak.

Urola Erdiko dantzaren memoriaren arrastoen bila, Dantzan Ikasi, Mikel Sarriegi, Azpeitia, 2026-05-08. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA