Thierry Truffaut: puzker eta korroskada, hemen da inauteria
“Inauteriak azaltzeko, denborari, heriotzari eta bizitzari buruzko hainbat galdera eta sinesmen hartzen dira kontuan. Inbertsio garaia dira, eta benetako ekaitzak eragiten dituzte, udaberria itzultzeko borrokak dira. Bizirik daudenak eta hildakoak jartzen ditu jokoan, eta haizeek, hatsek eta arnasek paper garrantzitsua betetzen dute inauteri garaian”; esaldi horrek markatzen du Thierry Truffauten azken lanaren abiapuntua. Inauteriak ez jai gisa soilik, baizik eta denboraren ordena irauli, bizitza eta heriotza gurutzatu eta gorputzen eta aireen bidez adierazten diren erritu gisa ulertzeko ideia jarri du mahai gainean.
50 urteko ikerlanaren emaitza den IIhauteri: Ilunpetik argira liburua aurkeztu du Donostiako San Telmo Museoan eta “Putz egitea ez da jolastea” kapitulua oinarri hartuta hitzaldia eskaini du urtarrilaren 13an antropologo baionarrak Dantzan Ikasi programaren barruan. Inauterien eta neguko errituen ezagutzan eta sinboloen ulermenean maisu izaten dituenak aipatuz hasi zuen bere hitzaldia Thierry Truffaut-ek: Claude Gaignebet, Jean-Domique Lajoux, Jose Migel Barandiaran, Michel Duvert eta Juan Antonio Urbeltz nabarmendu eta eskertu zituen, eta bere lana besteak beste Mircea Eliade, Frazer, Claude Sébillot, Bertrand Hell, Daniel Fabre, Isaure Gratacos, Juan Antonio Urbeltz, Michael Bakhtine eta Van Gennep-en ekarpenetan oinarritzen dela azaldu zuen
Haizeen dantza eta arimen itzalak
“Garai honetako gertakari klimatikoak, bereziki haizeak, ez dira kasualitatea: mugimenduan dauden indarren eta etorkizunaren iragarle dira”, eta horren adibide gisa “Zotalegunak” aipatzen ditu Truffautek. “Egun zoro” horietan, izenak berak adierazten duen bezala, hurrengo urteko eguraldia iragartzen zen, batez ere eguraldia eta haizeak behatuta, eta egun bakoitzak urteko hilabete bat iragartzen zuen.
Truffautek erakutsi digu hainbat ilustrazio eta argazkiren bidez inauterietan haizeari lotutako hainbat objektu erritual agertzen direla. Haize horiek, haren azalpenaren arabera, aurreko urtean hildakoen arimak lirateke, “egutegiaren gorabeheren arabera ibiltzen dira, urtarrilaren amaieratik martxoaren hasierara arte”. Truffautek emakume batek kontatutako pasadizo bat ekarri du gogora: “Garai batean Beskoitzen, ekaitza eta trumoiak hasten zirenean, haurrei esaten omen zitzaien ez ateratzeko, hura ehiztari madarikatuaren zaldiaren galopa eta haren fantasmen troparen zarata baitziren”.
Horrekin lotzen dituen hainbat figura mitiko ere aipatu ditu Truffautek: Ehiztaria, Mateo Txistu, Martin-Abade, Prixki-Juan, Errege Salomon… Guztiek ere, haizeekin lotuta, dena suntsitzen dute. “Gaueko ekaitzetan basoan barrena korrika ibiltzean, arima ibiltari horiek elkar ezagutzen omen zuten arropa urratuengatik eta maskara bereziengatik”; Truffauten hitzetan, horiek lirateke zirtzilak, mairuak, mamuak... hau da, mozorroak.
Arima galduak: mozorroak
Negu betean eta inauterien testuinguruan, galdera hau egin du Thierry Truffautek: “arima existitzen al da?” Nabarmendu du, arima ibiltarien inguruko sinesmen horiek oso errotuta daudela Europan, eta, ondorioz, baita Euskal Herrian ere. Gerixeti, esaterako, euskal mitologiako izakia bera “arima ibiltaria” da eta itzal modura agertzen da. Argi hitzak, “argia” esan nahi badu ere, zenbait kasutan arbasoren baten arima izendatzeko erabili izan dela dio. Eta dakigun bezala, euskal kondaira batzuetan, norbaitek bere arima galdu duela esaten da itzalik ez duenean; “hainbat antropologoren arabera, arima bat-bateko hats edo ufada gisa agertzen da hainbat kasutan, inondik etorria ez balitz bezala”.
Inauterietan aditua den Claude Gaignebet-en ekarpena ere aipatu du Truffautek. Haren arabera, hildakoen arimak lurraren gainazalera itzultzen diren garaia dira inauteriak, hartzaren, zaldiaren, txerriaren, astoaren edo oreina bezalako animalia psikopompoek ekarrita.
Herri askotan, arimak hatsa edo haizea direla dio Truffautek. Antzinako greziarrentzat, pneuma hitzak bi esanahi zituen: “alde batetik, haizea, airea, arnasa; eta bestetik, bizitza ematen duen izpiritua, gorputza utzi duen giza arima. Inauteri garaiko gertakari eta pertsonaia asko aurreko urtean hildakoen arimen askatzearekin eta zirkulazioarekin lotzen dira”. Haizearekin dantzatzeak duen funtzio horrekin lotzen ditu Truffaut-ek bolant-dantzarien xingola dantzariak.
Truffautek Fous edo Fols izeneko pertsonaiak aipatu ditu —follis, hauspoa, hitzetik datozenak—, “haien zeregina baita arima horiek zirkularaztea, udaberriaren eta bizitzaren etorrera errazteko”. Denboraren inbertsioa, negua uxatu eta bizitza itzultzeko beharrezkoa dena, arimen zirkulazioarekin lotuta dagoela azaldu du, eta horrek inauterien alderdi asko ulertzen laguntzen duela.
Hartza esnatu da Kandelarion
Inauterietako egutegiaren ardatz nagusia neguko azken ilberria dela azaldu du. Beraz, “inauterietako asteartearen lehen data posiblea otsailaren 2a litzateke, ilargiaren zikloaren arabera aldatzen baita; eta azken data posiblea, berriz, martxoaren 10a”.
Otsailaren 2a kristautasunak bereganatutako data dela azaldu du, “Kandelaria izena eman zitzaion, baina lehenago, Frantziako landa-eremuetan, Hartzen Kantuaren Eguna ("Chant de l'Ours") zela esaten zen”. Kontatu du, sinesmen zaharren arabera, hartza otsailaren 2an esnatzen dela, “animalia psikopompo gisa, hildakoen arimak sabel barruan daramatza eta horiek askatzen ditu”. Horren adibide, Mosela eskualdean (Frantzia) jasotako esaera zahar bat aipatu du: “Kandelario egunean hartza bere leizetik ateratzen bada, ez du eguzkia ikusi behar eguerdia baino lehen; bestela, negua itzuliko da. Eguzkia ateratzen bada Kandelarion, hartzak negar egiten du leize aurrean, eta negua berrogei egunez luzatzen da. Negua bere ohiko bidetik joan dadin, egun horretan elurra edo eguraldi txarra egin behar omen du”.
Kontakizuna ez zaigu arrotza egin, hartzaren esnaeraren inguruko kontuak jasoak baititugu geuk ere, eta segituan esan du Truffautek Euskal Herrian ere antzeko sinesmenak jasota daudela, eta Julien Vinsonek bildutako esaera hauek ekarri ditu:
“Bero Kandelarioz, Pazkoetan dardar”
“Ganderalu otz, negua poz”
“Ganderalu bero, negua Pazkoz gero”
Eztula, korroskadak, puzkerrak
Orduan, “otsailaren 2an, hibernaziotik ateratzean, hartzak gorotz-tapa kentzen du eta, puzker batean, iragan urteko hilen arimak askatzen ditu. Beraz, urte berria etor dadin, arima horiek betiereko egoitzara haizatu behar dira, ilargira (hil argira)”. Arima galduak ez omen dira beste gorputz batera sartzen utzi behar eta horretarako haragiz, pastelez eta janari haizetsuz (babaz, babarrunez...) ase behar omen da gorputza. Inauterietan, ezagunak zaizkigu tripa betetze horiek ezta?
Truffaut-ek Hartza eta San Blas-en arteko sinkretismoa ikusten du. “Kondairaren arabera, harpe batean bizi da, animaliek errespetatzen dute eta haiekin mintzo da; San Blasek itotzen ari zen haur bat salbatu omen zuen”. Ondorioz, zintzurreko gaitzetarik babesteko santu bilakatu zen, beste hainbat antzekotasun ere ikusten dizkio santuari eta hartzari. Gogoratu digu Euskal Herri osoan, otsailaren 3an San Blas gurtzeko ohitura handia izan dela, “Bizkaian eta Gipuzkoan, sanblasetak zintzurreko gaitzetatik babesteko sokatxoak dira, eta oraino anitz baliatzen dira, bereziki gazteek eta Kintoek egiten dituzten Santa Agedako eskeetan”.
Inauteriko tradizioetan, ahoa haizez bete eta ipurditik hustearen ideia askotan agertzen dela errepikatu du behin eta berriz saioan, “arbasoek bazekiten azken bizi hatsa behetik eskapatzen dela”. Maskuriak eta zahagi-dantza testuinguru horretan kokatzen ditu eta beste zenbait joko eta dantza zenbaitek ere hori oroitarazten dutela erakutsi digu. Adibidez, Urdai Zabalkaren dilinda akrobatikoa, bizar-dantza (L) edota ipurdiari su emateari buruzko dantzen bertsioak: Bardozen (L), Baztanen (N) Sua Ipurdian, Ablitasen (N) Plego-dantza...