Gorputza ezagutzen eta jarrerak zuzentzen Garbiñe Aizpitarterekin
Postura eta erritmoei buruzko Garbiñe Aizpitarteren azalpen eta gomendio goxoak jaso ditugu piano doinuen laguntzaz. Dantzarion eguneroko lan tresna gorputza da. Bakarra dugu bizitza osorako, baina ezagutzen al dugu? Beharrezkoa da gure gorputzaren lanketa eta ezagutza, batez ere osasunari begira, lesioak saihesteko. Garrantzi berezia ematen dio Aizpitartek horri eta txiki-txikitatik lantzen hasi beharrekoa dela dio. Haur eta gaztetxoekin lantzeko hainbat gako, ariketa eta jolas elkarbanatu ditu Dantzan Ikasin. Izen-emateak izan duen arrakasta dela eta bi saio egin dira, bata azaroaren 5ean eta bestea azaroaren 12an.
Gorputzaren jarrerak zuzentzen
Klasea gorputzeko posturak edo jarrerak lantzen hasi gara, “hitz bat da, baina garrantzitsua txikitatik kontutan edukitzea gero teknika lantzeko”. Denetik landu dugu: belaunak, irekiera, sorbaldak, besoak nola luzatu... Teknika lantzean zorrotzak izan behar dugula dio, “hor egin behar da lana osasunari begira. Adinarekin eta urteekin faktura etortzen da, lesioak, minak... eta gorputzak iraun egin behar du”.
Kontu handiz aritu behar dela dio, bai lurrean, bai zutik. Bereziki iskionei erreparatzeko eskatu digu behin eta berriz, “hori da zati bat oso inportantea behekoa kolokatzeko. Besoak ere garrantzitsuak dira, bizkarretik lantzen dira. Besoenak erraza ematen du, baina niretzat zailena da”.
Hasteko, borobilean kokatu gara denok eta gerria makurtzen hasi gara, buruak eta besoak lurrerantz ipinita. Iskionak beheraka, orpoen gainean jarrarazi dizkigu. Eserita ere iskionak ondo kokatzeko eskatu digu, baina hori nola egin? “Nik umeei esaten diet pentsatzeko aurrean soka bat dutela sabaitik behera zintzilikatuta eta ipurdia altxa gabe saiatu behar direla igotzen sokatik”. Bizkarraren kokalekuari eman dio garrantzia, “eserita gaudela, garrantzitsua ez da burua jaistea, baizik eta bizkarra luzatzea”. Eserita gaudela aprobetxatu eta koadrizepsak lantzeko zenbait ariketa egin ditugu. Ene... hurrengo egunean zenbat muskulu sentituko ditugun pentsatzen hasi gara!
Zutik, eserita eta lurrean ere etzan gaitu, eta hor ez dago disimulurik! Lurrak gure okerreko postura eta forma guztiak nabarmentzen baititu.
Jolasean dantzan!
Bigarren zatian alde pedagogikoan sartu gara, 4-5 urteko ikasleekin lantzeko, batez ere. Aizpitartek azaldu digu nola txikiek oraindik garunen bi hemisferioak ondo elkartu gabe dituzten eta gomendatzen du landu beharreko arlo guztiak jolasen bidez lantzea, gehienbat erritmoa eta mugimendu espaziala, “erritmoa kontzeptu abstraktua da umeentzat, baina txalo edo keinuen bidez adierazita segituan ulertzen dute”. Gero, lateralitatea ere landu dugu, 6-8 urteko haurrekin nola aritu, batez ere.
Erritmoarekin ere jardun gara, bai estatikoan, bai mugimenduan. Proposatu digu haurren mundura salto egitea eta beraiei ezagunak zaizkien kontzeptuak ekartzea dantzara edo ariketetara: animaliak, gurasoen lanbideak, kirolak, gustuko jarduerak... Ekintza horiek irudikatzeko eskatu digu, gero umeek ere hala egin dezaten. “Jolasak proposatu behar dira erritmoa lantzeko. Soziabilitatea ere oso garrantzitsua da, elkar laguntzea ariketekin, eta hala egiten dute eskatu gabe ere”.
Bukaeran hiru koreografia egin ditugu ikasitakoa praktikan jartzeko. Lehena geldirik, lekuan erritmoa lantzeko. Bigarrena borobilean mugitzen, erritmoa espazioan mugituz lantzeko. Eta hirugarrenean figurei eman dio garrantzia: borobilak, iturriak, ilarak... figura batetik bestera igarotzeko mugimenduak egin ditugu.
Motz geratu da saioa: “arnasaren landu nahi nuen, luzaketetan ze garrantzitsua den uzkurdurak saihesteko”. Denborarik ez, hurrengoan beharko du!