Hitzaldia: Soka-dantza, koreografia politikoa. Gipuzkoako alkatetzen protokolo koreografikoa

2019/10/11
Hitzaldia: Soka-dantza, koreografia politikoa. Gipuzkoako alkatetzen protokolo koreografikoa

Soka-dantzak gure jai, ospakizun eta protokoloen oinarrizko dantza zirenak, bakarkako aurresku erakustaldiek ordezkatuta gutxitu badira ere, badirudi azken hamarkadan berriz ere plazetara itzultzen ari direla. Soka-dantzaren tradizioaz, egituraz, kontestuaz eta ezkutatzen duen sinbolismoaz aritzeko Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegi gonbidatu ditugu Dantzan Ikasira, datorren urriaren 17an Beasaingo Igartza jauregian arratsaldeko 19:00etan.

Hitzaldia: Soka-dantza, koreografia politiko bat: Gipuzkoako alkatetzen protokolo koreografikoa

  • Hizlariak:
    • Juan Antonio Urbeltz, Ikerfolk
    • Iñaki Arregi, Ikerfolk
    • Mikel Sarriegi, Aurtzaka dantza taldea

 

Gipuzkoako alkatetzen protokolo koreografikoa

Soka-dantzak, aurreskuak, zortzikoak, dantza-luzeak, esku-dantzak... agintarien protokoloetan, dantza erritualen osagarri moduan nahiz erromerietako jolas-dantza gisa Euskal Herri osoan aurki dezakegun ondare koreografikoa da. Elkarri eskuak emanda soka bat osatuz dantzatzeko eredua gaurdaino iritsi zaigun egitura zaharrenetakoa da. Horren adibide interesgarria eta berezia Juan Antonio Urbeltzek bere garaian ikertu eta jasotako Goierriko alkatetzen protokolo koreografikoaren tradizioa da, Juan Inazio Iztueta zalbidiarrak ezagutzera emandako ohituraren balio sinbolikoa agerian jarri zuena. XXI. mendearen atarian, Ikerfolk elkartearen eskutik tradizio hori ezagutarazteko eta berreskuratzeko lanetan jardun zuen Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabalekin batera. Lehen ereite-lan horri Aurtzaka dantza taldeak eta Mikel Sarriegik eman zioten segida, eta tokian tokiko dantzari, talde eta norbanakoen ekimenarekin Goierri berriz ere aurreskuen sokarekin lotzen joan da. 

Soka-dantza Zaldibian, XX. mende hasieran. Argazkia: Guregipuzkoa.net CC BY-SA

Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940)

Iruñean jaio bazen ere txikitatik Donostian bizi da. Goizaldi taldean, Iñaki Gordejuela maisu zuela dantzatzen hasi, eta 1965. urtean Argia  taldean euskal folklorearen inguruko lanari ekin zion. Bertan, apurka-apurka ondare aparta osatzen joango diren hamaika dantza eta melodia bildu ditu bere emazte Marian Arregirekin ((1944-2018) batera. Euskal Herriko folklore-dialektoei eskainitako programa monografikoak eszenaratu ostean etorri zen euskal dantza tradizionalean mugarri izango zen Zortziko ikuskizuna (1988); atzetik etorri ziren Alakiketan, Kondahrian, Pas de Basque, Axeri Boda, Besta Berri, Axuri Beltza, eta azkenik oraindik eszenatokietan ikus daitekeen Martin Zalakain. Euskal kultur tradizionalaren transmisiora begira jantziak, instrumentuak, forma orkestralak eta koreografiak berreskuratzen aritu da. 1978an Euskadiko Kutxak editatutako Dantzak liburuaz gain beste hainbat liburu idatzi ditu eta hamaika hitzaldi, irrati-programa, egunkarietako artikulu, disko-edizio eta abarretan ere jardun du. 

Iñaki Arregi (Andoain, 1956)

Andoainen jaioa eta egun Donostian bizi da. Dantza munduan, lehen urratsak 1970garren urtean eman zituen, herriko dantzari taldean, handik bost urtetara Donostiako Goizaldi taldean dantzari bezala jarraitzeko. Hamaika urtez talde honen ekimenetan parte hartu zuen Iñaki Gordejuela maisu zuelarik, azken hauetako lau urtetan, bertako zuzendari artistiko izan zelarik. 1986 inguruan, Ikerfolken partehartzen hasi zen Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, eta Argia taldea egiten ari zen dantza ikuskizun berritan parte hartu zuen. 1988tik aurrera aurkezten diren Irradaka, Zortziko, Alakiketan, Kondahrian, Pas de Basque, Axeri Boda, Besta Berri, Axuri Beltza, eta azkenik oraindik eszenatokietan ikus daitekeen Martin Zalakain ikuskizunetan dantzari eta dantza-maisu lanak bete ditu. 

Mikel Sarriegi (Beasain, 1965) 

Herriko tradizioan hasi zen dantzan 1972an, berehala, 1974an Salleko Adiskideak-en jarraitu zuen. 1979tik aurrera Aurtzaka dantza taldean dihardu eta honen zuzendaria da gaur egun. Raimundo Gamayo, Martin Iraola eta Jesus Mari Garate dantza-maisuekin ikasia da. Dantzari gisa ibilbide zabala du eta dantza-maisu bezala bultzatu ditu, besteak beste: Igartzako dantzarien Kofradia, Beasaingo Sanjoan neskatxen esku-dantza, Goierriko Agintarien soka-dantzak  eta Goierriko dantzen ikuskizuna. Joan den hamarkadan Gipuzkoako Goierri Behealdeko dantzen azterketa hasi zuen, eta hauen inguruko hainbat lan burutu ditu, bai argitalpen, artikulu, hitzaldi eta ikastaroetan. Abiatutako lan honi tiraka gaur egun Gipuzkoako dantza-maisuen tradizioaren eta dantzakeraren inguruko ikerketa lanean dihardu burubelarri.

Hitzaldia: Soka-dantza, koreografia politiko bat: Gipuzkoako alkatetzen protokolo koreografikoa

  • Hizlariak:
    • Juan Antonio Urbeltz, folklorista (Ikerfolk)
    • Iñaki Arregi, dantzan-maisua (Ikerfolk)
    • Mikel Sarriegi, dantza-maisua (Aurtzaka Dantza Taldea)

----------------------------------------------------------------------------------

Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren laguntzarekin, Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeekin koordinatuta, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.