Lau urrats eta kitto, dantzan ikasteko metodoa
“Dantzan ikasteko metodologia da Lau urrats eta kitto!, eta ez dantzak ikastekoa” azaldu dute Maritzuli konpainiako Jon Olazkuagak eta Jon Iruretagoienak. Berez Olazkuagarekin batera Claude Iruretagoiena konpainiako zuzendaria eta metodologiaren sortzailea zen Beasaingo ikastaroa eskaintzekoa, baina azken momentuko arazoak tarteko, Jon semea gerturatu da.
Hogei urte pasa dira haurrei dantzan irakasteko modu hau lantzen hasi zirela Maritzuliko kideak. Dantzan Ikasin behin baino gehiagotan eman digute beraein tresnaren berri, baina oraingoan sakonago landu nahi izan dugu, eta lau egunetan banatu dugu tailerra. Azaroaren 28an egin dugu lehena.
Osasun neurrietara egokituta
Hasiera batean goiz osoko saioak aurreikusi genituen, baina bizi dugun pandemia egoera dela eta hartu beharreko osasun neurriak kontuan izanda, aldaketak egin behar izan ditugu ordutegiari eta aforoari dagokionez. Ikastaroan izena emandako guztiak batera elkartu beharrean bi taldetan banatu ditugu partaideak, eta bi orduko saioak egin ditugu.
Teoria eta praktika
Olazkuagak eta Iruretagoienak sarrera teorikoa egin digute lehendabizi. Haurrei edo hasiberriei dantzan erakusteko darabilten tresnaren nondik norakoak azaldu dizkigute aurrena. Argiago ulertzeko, beraien ikusgarrietako irudi batzuk proiektatu dituzte.
Ikusita baino, ordea, arituz ulertzen da hobekien, eta dantzan jarri gaituzte; hasiberriak bagina bezala oinarri-oinarritik. Dantza-maisuek azaldu digute haurrei dantza osoak erakutsi nahi izaten dizkiegula hasiera-hasieratik, eta hori ez da agian erarik egokiena. Beraiek ikusi dute dantzen oinarrira joan behar dela, urratsen mamiari heldu behar zaio eta gero pixkanaka horiek konbinatu eta garatuko dira, “pauso sinpleen konbinazioa da Lau urrats eta kitto eta batez ere erritmoari erreparatuko diogu”.
Gero, ikusgarriei begira, dantzak haurren mailara egokitzen dituzte, “horrela, haurrak txiki-txikitatik ari dira nagusiagoak direnean dantzatu ahalko dituzten dantzak prestatzen”. Ikusi dute dantza guztietan badela zerbait gerorako prestatzen joan gaitezkeena: funtsezko urratsak. Hasieran ez zaizkie dantzak “bukaeraraino” erakutsiko, baina urte batzuk aurrerago dantza osoa irakastean, “aurreko urteetako lana hor egongo da, ez dira zerotik hasiko”.