Arantzako dantza-luzea ezagutzen

2018/04/23
Arantzako dantza-luzea ezagutzen

Apirilaren 14an, Dantzan Ikasi programaren barruan, Arantzako dantza-luzea zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izan genuen. Arantzatik etorri zitzaizkigun Elgoibarrera Itziar Mitxelena, Leire Mitxelena, Aitziber Lizardi eta Aintzane Pikabea dantzariak eta txistulariak, umetatik parte hartzen duten euren herriko dantza erakustera.

Arantzako dantza-luzea, Dantzan Ikasi, Elgoibar, 2018-04-18. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Arantzako dantza-luzea, Dantzan Ikasi, Elgoibar, 2018-04-14. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Dantzan hasi aurretik, pixka bat kokatze aldera, dantza-luzearen eta erabiltzen dituzten jantzien inguruko kontu batzuk azaldu zizkiguten. Abuztuaren 15ean, Ama Birjina egunean, dantzatzen dute arantzarrek dantza-luzea herriko frontoian. 1936ko gerrarekin izandako etenaldiaren ostean, 1940. hamarkadan berriz dantzatu omen zuten tarteka. Urte gora beheratsuen ostean, 1973an Jazinto eta Kruz Mari Bergara anaien eskutik, eta batez ere lehenaren enpeinuz, herriko neska-mutil taldeari dantza erakutsi eta plazara atera zuten Arantzako dantza-luzea. Ordutik gaur arte, dantzak ez du izan etenik.

Arantzako dantza-luzea, 1925. Argazkia: Nafarroako Dantzen Atlasa

Arantzako dantza-luzea, 1925. Argazkia: Nafarroako Dantzen Atlasa

Egun nola janzten diren ere azaldu ziguten, zuriz eta apaingarri gorriekin ateratzen dira dantzara. Neskek lokarri gorridun abarketa zuriak, gerritarainoko media zuri finak, gona zuria feltrozko bi marra gorrirekin, mauka luzedun blusa zuria eta txaleko gorria. Mutilek, lokarri gorridun abarketa zuriak, galtza zuriak, gerriko gorria, galtzerdi zuriak, atorra zuria mauka luzeduna, lepoan zapi gorria eta zapel gorria. Elementu horiez gain, dantzari guztiek, lepoan koloretako zapia ere eramaten dute, gero dantzarako erabiltzen dutena.

Arantzako dantza-luzea, Dantzan Ikasi, Elgoibar, 2018-04-14. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Argazki zaharrei erreparatzen badiegu arropetan aldaketak izan direla ikus dezakegu. Adibidez, 1925eko argazkian, garaiko festa eguneko jantzia zeramatela ematen du (emakumeek gona luzea, blusa zuria... eta gizonezkoek galtza iluna, txalekoa batera eta atorra zuria). Bestalde, 1931ko argazkian, mutilak gaur egungo dantzarien antzera, zuriz ikus ditzakegu.

Arantzako dantza-luzea, Dantzan Ikasi, Elgoibar, 2018-04-14. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Sei zatiko dantza

Bi taldetan banatu ginen eta pixkanaka pixkanaka Arantzako dantza-luzea osatzen duten sei dantzen urratsak ikasten eta dantza osatzen joan ginen. Amaierarako osoa dantzatu ahal izan genuen. Arantzan, mutilek eta neskek bakoitzak bere zatiak dantzatu ohi dituzte, baina guk zati guztiak ikasi genituen; aurrena batzuk nesken paperean aritu ginen eta beste batzuk mutilenean, gero alderantziz.

Arantzako dantza-luzea, Dantzan Ikasi, Elgoibar, 2018-04-18- Argazkia: Josu Garate- Dantzan CC-BY-SA

Arantzako dantza-luzea, Dantzan Ikasi, Elgoibar, 2018-04-14. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Honako zatiek osatzen dute Arantzako dantza-luzea: mutil-dantza edo zortzikoa, neska-biltzea, soka-dantza, neska-dantza, hiru bueltakoa eta zubi-dantza. Kalejira batekin frontoira sartzen dira bikoteka (neska eta mutilak) osatutako ilara luze batean txistularien atzetik. Txistulariak frontoi erdian kokatzen dira eta mutilek lehenengo mutil-dantza edo zortzikoa dantzatzen dute. Bitartean, neskak geldirik zain gelditzen dira. Zortzikoa bukatzean, mutilen ilaratik bigarrena eta azken bigarrena nesken bila joaten dira eta nesken-biltzearekin neskak sokan sartzen dituzte, mutilen artean tartekatuta. Denak zapiekin elkartuta, soka-dantzarako prest izaten dira. Hori dantzatuta, mutilak sokatik askatzen dira eta ertz batean gelditzen dira neskek neska-dantza egiten duten bitartean. Neska-dantzaren ondotik mutilek hiru bueltako mutil-dantza egiten dute, neskak bazterrean kokatzen dira berriro. Bukatzeko, zubi-dantza egiten dute denek batera. Soka-dantzaren koreografia bera da, baina dantzariek bi zubi egiten dituzte. Kontatu ziguten, gehienetan, azken dantza hori dantzatzen irteten direla frontoitik eta herriko karriketan barna jarraitzen dutela dantzan.

Guk, dantza-gelatik pasilora dantzan irtenda amaitu genuen dantza.