Kantuaz dantzan Bearnoko Joan Frances Tisnerrekin

2020/02/10
Kantuaz dantzan Bearnoko Joan Frances Tisnerrekin

Euskal Herrian oso edo erabat galduta dugun dantzaldi-moldea eman zigun berriz ere Joan Frances Tisnerrek urtarrilaren 26an Oiartzunen eta Elgetan. Bi aldetatik nabarmenduko dugu: dantzarion aldetik, dantzan abestea, edo abesten dantzatzea, "gidariak esaldia - dantzariok errepika" formula zaharrean; eta musikaren aldetik, kantu, zapata kolpe eta ttun-ttunaren laguntza soilaz jarri gintuela dantzan, ohikoak ditugun musika-tresna melodikorik gabe (ez esku-soinu, ez txirula, ez arrabita...). Bai indartsu eman ere. Dantzariok izerdi-patsetan.

Sarritan izan ohi da ustea, dantzaldi 'ona' edo 'betea' emateko musikari talde handia behar delakoa. Berriz ere erakutsi zigun Tisnerrek uste hori okerra dela. Kantua eta perkusioa, besterik ez zuen erabili. Edo bai, besterik bai erabili zuen: ofizioa, eta indarra.

Joan Frances Tisnerrekin dantzaldia, Elgeta, 2020-01-26. Argazkia: Soinuenea.

Oiartzungo eta Elgetako dantzaldien aurretik, Gaskoiniako dantza esanguratsuenak prestatzeko ikastaroak eman zituen Joan Francés Tisnerrek, Domenja Lekuona lagun zuela. Oiartzunen Soinueneak antolatuta eta Elgetan Herrixa Dantzan ekimenarekin elkarlanean, bietan ere udalen laguntzarekin.

Hauek landu genituen:

  • Rondeu (sokako eta bikoteko moldeetan)

  • Congo (sokako rondèu-aren erritmo patroi berean moldatutako kadrile sistema),

  • Landetako Lucseir herriko Pas de quatre erraza (Chapelloise ezagunaren tankerako kontradantza bat, nolabait ulertzeko; ez da berdina, baina tankerakoa)

  • Bearnoko Aussau bailarako branloa (bralea): sokako moldean landu genuen, oso era erraztuan. Bikoteko moldea ere erakutsi ziguten, baina demostrazio bezala bakarrik (konplikatuagoa baita)

  • Los cauterers, bitxikeria bezala: inauteri sasoian egin ohi duten Kauteren irri-dantza.

  • Oiartzunen, Bearnoko jauzien hiztegia ere landu zuen.

Ohikoa da Bearnon eta Gaskoinian sokako rondeu eta sokako branlo-ak kantuan dantzatzea, esaldia - errepika formulan. Halaxe eman genituen. Baita gainontzeko gehienak ere bai, tarteka kantuan.

Ondoren, bal gascon dantzaldian, horiez guztiez gain, Gaskoinian ohikoak dituzten dantza-lotuak ere eskaini zituen: baltsa, polka, txotisa, mazurka. Kantu eta ttun-tun hutsean guztiak. Eta jauziak ere bai, Bearnoko moldean: Bearnoko doinu aldaerak, Bearnoko hitzekin, eta han gorde duten au tranlai eran: urratsak dantzatu ahala kantatzen. 

Oiartzungo dantzaldian Iruñeko Ortzadar elkarteko Mikel Lasartek eta Mikel Pertrirenak ere lagundu zuten jauziak ematen.