Mintegia: Ordiziako dantza-maisuen oinordetza ezkutua
Ordiziako dantzaerari begiratuko diogu datorren Dantzan Ikasiko saioan Mikel Sarriegirekin. Maiatzaren 22an, ostirala, 18:00etan Ordiziako Barrenako Biltzar Aretoan. Lehendabizi, Sarriegik Gipuzkoa osoko dantza-maisuek gordetako eta hain ezaguna ez den Iztuetak deskribatzen duen Gipuzkoako dantza sistemaren ezaugarri nagusiak azalduko ditu. Jarraian, joan den mendean Ordizian ezagutu eta erabili zen dantza-sistema, ahal den neurrian, aurreko horren testuinguruan nola kokatzen den azalduko du; modu praktikoan erakutsiko ditu azaldutako egikera horiek.
Ordiziako dantza-maisuen oinordetza ezkutua
- Hitzaldia: Mikel Sarriegi; Ordiziako dantza-maisuen oinordetza ezkutua
- Noiz: 2026ko maiatzaren 22a, ostirala, 18:00etan.
- Lekua: Ordizia, Barrenako Biltzar Aretoa
- Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen
Aspaldidanik dago dokumentatua Ordiziako dantza tradizioa. XVII. mendean agertzen dira dantzarien lehen aipamenak eta gerora ere ugariak dira bertako dantzen bilakaeraren berri ematen duten datuak. Ezpata-dantzak, esku-dantzak, brokel-dantzak, etab. ezagutu dira azken 400 urteetan, gutxienez.
Joxe Antonio Olano dantza-maisu zaldibiarra ordiziartu zenetik aurrera, XIX. eta XX. mendeetan zehar, Gipuzkoako dantzen hedapen-gune nagusia bihurtu zen Ordizia. Oso oparoa izan den dantzari eta dantza-maisuen zerrenda sortu eta hedatu zen inguruko eta Euskal Herriko hainbat txokotara: Jose Gregorio Armendariz, Antonio Lekuona, Frantzisko Olaran, Justo Irastorza, Joxe Lorentzo Pujana, Jose Sarasola, Faustino Etxebarrieta, Jesus Mari Garate… hamarkada askoren erreferentziazko izen-abizenak gertatu dira Gipuzkoako dantza-sistemaren barruan.
Ordizian ezagutu den dantzaeraren bilakaera Gipuzkoako beste herri askotan gertatu denaren adibide ere bada. Orain arte, jarraitu beharreko itsasargi izan ditugu Juan Inazio Iztuetak orain 200 urte idatzi zuen liburuan jasotako arauak eta eginbideak, baina haiek ez dira, ordea, uste genuena bezain argiak. Ordizian bertako dantza-maisuek gorde zuten ezagutza gako garrantzitsua izan da 25 urtez mamitutako ikerketa baten ondoren, Iztuetaren oinordetza izendatu dugun oinordetzaren oinarriak eta gakoak azaleratu ahal izateko.
Honatx erantzuten saiatuko garen galderetako batzuk: Non dute jatorria gure dantzek? Beti dantzatu al gara berdin? Jakin al daiteke noiz gertatu diren aldaketak? Zergatik gertatu dira aldaketa horiek?
Mikel Sarriegi (Beasain, 1965)
Aurtzaka dantza taldeko dantzari, zuzendari eta ikertzailea. Raimundo Gamayo, Martin Iraola eta Jesus Mari Garate dantza-maisuekin ikasia da. Dantzari gisa ibilbide zabala du: Argia, Jakintza eta Ostadar taldeekin aritua; Arrateko Amaren eta Andoaingo Santakruz Kofradietako Ohorezko kidea. Zazpi urtez Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelduna (1984-1991). Dantza-maisu bezala bultzatu ditu azken urte hauetan, besteak beste: Igartzako dantzarien Kofradia, Beasaingo Sanjoan esku-dantza edota Goierriko Agintarien soka-dantza. Duela 20 urtetik Gipuzkoako dantza-sistemaren bilakaera ikertzen dihardu. Eta lan horren emaitza da.
Ordiziako dantza-maisuen oinordetza ezkutua
- Hitzaldia: Ordiziako dantza-maisuen oinordetza ezkutua
- Gidaria: Mikel Sarriegi
- Data: 2026ko maiatzaren 22a, ostirala
- Ordutegia: 18:00
- Lekua: Ordizia, Barrenako Biltzar Aretoa
- Prezioa: Doan (lekuak bete arte)
- Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen