Thierry Truffaut antropologo baionarrak hitzaldia eskainiko du datorren maiatzaren 20an Hondarribiko Arma plazan, 19:00etan. Saioa Arma plazan ikusgai egongo den inauteri garaiko jantzien erakusketarekin lotuta antolatu da, eta jantzi horiek izango ditu ardatz nagusi; bertan ikusgai dauden mozorro eta jantziei tiraka arituko da. Hala ere, bere azken urteotako ikerketa sakona izango du oinarri, bereziki Ihauteri: Ilunpetik argira lanean jasotako ezagutzak.
Antropologo lapurtarrak urte luzez aztertu ditu Europako inauteriak eta neguko festak, eta bere lanak erakusten du jantziak ez direla elementu estetiko hutsak: sinbolismoz beteriko kodeak dira, komunitateen sinesmenak, beldurrak eta itxaropenak adierazten dituztenak. Mozorroek, maskarek eta gorputzaren eraldaketek errituaren funtsezko parte dira, eta sarritan bizitza eta heriotzaren arteko mugak lausotzen dituzte.
Hondarribiko hitzaldia, beraz, aukera paregabea izango da erakusketako jantziak beste begi batzuekin ikusteko: erritu, sinbolo eta tradizio bizien testuinguruan ulertuta.
Antropologoa da, Parisko Gizarte zientzietako goi ikasketen eskolan (EHESS) formatua, animatzaile eta kultura eragilea. 1974az euskal kulturaren ikerketan, babesean, transmisioan eta garapenean dabil Gaskoinia eta Pirinioetako eremuetan.
1978an, dantza-jauziak ikasi zituen Betti Betelu dantza-maisuarekin, eta bere ikerketak festa tradizionaletara bideratu zituen: inauteriak, maskaradak, dantza eta mitologia... 1981ean, Lapurtarrak elkartea sortu zuen, Lapurdi eskualdeko kultura berpizte mugimenduan funtsezko rola izan zuena. 1984tk 1987ra IDBko lehendakaria izan zen. 2018tk 2021era, Euskal kultur erakundearekin batera euskal tradizio Kultura ondare immaterialaren inbentarioan sartzeko fitxak idazten aritu da. Patxi Beltzaiz argazkilariarekin lan egiteak transmisiorako aukera berriak eskaini zizkion, eta liburu hau da prozesu horren amaitzetako bat.
Dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako programa da Dantzan Ikasi. Gipuzkoako Dantzaguneak dantza sustapenean egiten dituen ekintzen baitan, dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei, beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzea da helburua. http://dantzanikasi.com
Dantzan Ikasi Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da. Dantzan elkartea arduratzen da egitasmoaren kudeaketa teknikoaz. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra eta Ikerfolk elkarteek gainbegiratzen dute proiektuaren ibilbidea Dantzan Ikasiren Jarraipen Batzordetik.