Gaztemundu dantzan 05: urratsak, aldairak eta dantzak Gipuzkoako tradizioan

2014/07/16
Gaztemundu dantzan 05: urratsak, aldairak eta dantzak Gipuzkoako tradizioan

Bosgarren atalak Gipuzkoan tradizioz iritsi zaizkigun urratsak eskaini dizkigu, haiekin sortutako aldairak eta hauek elkarren atzean ordena jakin batean emanik osatzen dituzten dantzak, jakina. Hain zuzen, Iztuetatik Olanora, Pujanatarrenetik igaro eta Gordejuela abizenen tradizioak gaur egunera iritsi arte ekarri duen dantzakera izan du oinarri uztailaren 10ean eta 11an burututako ikastaroak. Ikerfolk elkarteko eta Argia dantzari taldeko dantza-maisu taldea, Fernando Aristizabal, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Jokin Otamendi arduratu da ikastaro honetaz.

Urratsak eta aldairak; agurra eta axeri-dantza

Ostegun goizez Iñaki Arregik hartu du dantza-maisu makila Fernando Aristizabalen laguntzarekin. Gorputzak esnatzeko beroketa saio beharrezko eta probetxugarri baten atzetik azalpen teorikoak eta ariketa praktikoak tartekatzen joan da Iñaki. Oinarrizko pausoetatik hasi da (demi plie eta muriska edota gurpila), txingoa zer den argitu eta zuzendu du eta lau-arin, lasterkak eta sentziloarekin jarraitu du. Bidean, dantzaria "zikina" dela ohartarazten du Iñakik. Alegia, belauneko gurpila edo sentziloa egitean galtzak eta abarketa edo oinetakoak zikindu egin behar direla.

Lehen izerdiak bota ostean, arnasa pixkat lasai hartzeko 1998. urtean Ikerfolkek argitaratuko Jira galdua aldizkariaren lehen ale bana banatu dizkie parte hartzaileeri. Bertan, aipatutako Gipuzkoako urrats, aldaira eta zenbait doinuren azalpen teorikoak jaso ziren hiztegi edo gidaliburu gisa, eta aldizkaria bera erabili du Iñakik (gero ere eta bide batez liburuxka nola erabili jakin dezaten ikasleek) klasearekin aurrera egiteko. Aldairak lantzeko agurraren doinu eta dantza ezaguna erabili du Iñakik. Azentu musikalaz eta azentu koreografikoaz jardun du eta nola eta non egin behar duten bat. Atentziorik galdu gabe jarraitu dituzte azalpenak denek eta intentzio osoz ahaleginak egin dituzte norberaren bizioeri eutsi eta Iñakik agindutakoa burutzeko. Agurrari forma eman eta gero axeri-dantzari ekin dio. Duela gutxira arte dantzatu ohi zen sentziloa eta gaur egunez zabaldua dagoena alderatu ditu Iñakik eta musikari dagozkien azalpenekin jarraituz, anakrusa zer den azaltzeko ere aprobetxatu du doinua. Eta halaxe, agurra eta axeri-dantza dantzatuaz jan ditugu goizeko saioaren hiru orduen azkenengo minutuak.

Taldeko dantzak eta herramintak: zortzikoa eta uztai-txikiena

Bazkal ostean dantza-maisuz aldatu eta Jokin Otamendi etorri da Fernando Aristizabali lagundu eta taldeko dantzak lantzeko asmoz. Beroketa saio txiki baten ostean berriz ere, lehendabizi goizekoak gogoratzen ahalgindu dira eta agurra eta axeri-dantza dantzatu dituzte. Jokinek zenbait detaile zuzendu ditu eta goizeko azalpenak osotu ditu.

Zortziko taldetan jarri dituzte gero ikasleak. Taldeko herraminta-dantzek hiru zati nagusi dituela azaldu die Jokinek: buruzagiaren zortzikoa, taldeak eginiko zortzikoa eta jokoa bera (dagozkion zatiak desberdinduz). Buruzagiarena alde batera utzita, taldeko zortzikoarekin hasi dira, lerroan eginiko zortzikoarekin hain zuzen ere eta amabiko taldearekin egindako zortzikoaren aldaera ere azaldu dute labur-labur. Berriz zortziko taldetan, uztaiak hartu eta jokoa landu dute: launaka lehendabizi eta dagokion zortzikotean gero. Inoiz uztai-txikiena egin gabekoek nahiko lan izan duten arren jokoa jarraitzen, umore onean joan da saioa. Arratsaldekoari agur esan aurretik pare bat aldiz uztai-txikiena goitik behera dantzatzen ahalegindu dira; hasitako tokian amaitu dute denek ere eta txaloka ospatu dute balentria!

Brokel-makilena

Ostiral goizez Gipuzkoako atal honi eskainitako azken bigarren eta azken goiza zain dugu. Laugarren dantza-maisua etorri da azkenengo lan hauetarako: Jexux Larreak jardun du Fernando Aristizabali lagunduaz aurreko egunekoeri jarraipena emateko. Izan ere, berriz ere agurra eta axeri-dantzarekin hasi dute saioa eta ondoren uztai-txikiena errepasatu eta dantzatu dituzte. Goizeti erdia joan zaigu konturatu orduko eta brokel-makilenari heldu diote Jexux eta Fernandok: zortzikoa lehenengo eta jokoa atzetik. Metalezko brokelak medio ez zen giro batzuetan belarrientzat baina poliki-poliki kolpeka bateratuz joan diren heinean taldeko dantza itxura hartu du. Azkenengo saiakera baten ostean ikasleek txaloz erakutsi dute esker ona eta gero dantza-maisuekin argazkien unea iritsi da batzuentzat.