Antzuolako dantzak, sistema zaharraren gordailu aberats eta fidelak

2024/10/25
Antzuolako dantzak, sistema zaharraren gordailu aberats eta fidelak

"Antzuolako mugimenduak oso segidakoak dira, tradizio zaharrean bezala, momentu batzuetan ixten da baina hurrengo mugimendurako laguntza edo apoio moduan gehienetan, ez daude horrenbesteko etenak", Antzuolako dantza-sistemari erreparatu dio Mikel Sarriegik Antzuolako Torresoroa Aretoan eginiko saioan. "Iztuetak simetria behar dutela mugimenduek dio, hemen muturreraino eramaten da arau hori, askotan simetria bikoitza ere aurki dezakegu".

Sistema-orokorrari filtroa pasa eta Antzuolak dauzkan berezitasunak nabarmentzea izan da asmoa. Bertako trokeo-dantzetan eta soka-dantzetan nola gorde den molde zaharreko dantzakera ikusi ahal izan dugu. Horretarako Antzuolako Oinarin taldeko dantzarien laguntza izan du, eta Antzuolako dantzakeraren garrantzia azpimarratu du, "ikus dezagun Antzuolan daukaguna ez dela edozein gauza".

Gipuzkoako-sistemaren testuinguruan

Antzuolako dantzatzeko modua sistema orokorrean kokatu du lehendabizi, eta lurralde osoan zabaldu zen dantza-maisuen eskema azaldu du. Aipatzen du Jose Lorenzo Pujana Ordiziatik Donostiara joan zela eta Gipuzkoako hiriburuan zein beste hainbat herritan ibili zela dantzariak formatzen. Pujana bertan ibili den daturik ez diren herriak ere aipatu ditu, Antzuola, Beasain, Ordizia, Zumarraga edota Deba, adibidez. "Ustez Pujanari ihes egin zioten herriak izan ziren. Horrek ez du esan nahi Pujanaren eskolakoak ez zirenik. Bere belaunaldiko dantza-maisu asko izan baitziren Beasainen, Zumarragan edo Antzuolan".

Antzuolarrez dantzan mintegia, Mikel Sarriegi, Dantzan Ikasi, Antzuola, 2024-06-15. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Pujanak erakutsi ez zituen zenbait gauza isolatuta gelditu ziren herri horietan aurki daitezkeela dio. Eta modu horiek Iztuetaren egiteko modu zaharrak direla uste du, Jose Antonio Olanok Iztuetarekin zeukan lotura dela eta, "hori klabea da ulertzeko Antzuola bezalako herri batean aurki ditzakegun zenbait gauza zergatik dauden hor eta ez dauden Donostiako eskolan".

Kontatu du nola Legazpiko dantzariek XX. mende hasieran Antzuolan ikasi zituzten dantzak eta gero Pujana iritsi zela 1920ko hamarkadan Legazpira, eta esan omen zien antzuolarrekin ikasitako dantza horiek bizkaitarrak zirela, "berak ikasitako zorroztasunekin edo arauekin egiten ez zena, bizkaitartzat jotzen zuen, hor bazegoen mespretxu egiteko joera bat. Eta horrek Goierriko eskolan eta Donostiakoan izan du ondorioa. Orduan bere modua erakutsi zien legazpiarrei".

Antzuolarrez dantzan mintegia, Mikel Sarriegi, Dantzan Ikasi, Antzuola, 2024-06-15. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Aurrekariak, dantza-maisuak eta elkarrizketatuak

Antzuolan egun ezagutzen ditugun dantzen aurrekariak ere aipatu ditu Sarriegik. Jasota dagoen dantzarien lehendabiziko aipamena, esaterako, XVII. mendekoa dela dio, "danzantes de cascabeles" delakoak aipatzen dira; XVIII. mendean "danzantes de espadas" eta XIX. mendean agintarien soka-dantza eta eta trokeo-dantzen aipamenak: "sacaron el baile acostumbrdao de Diputados", edo "pagados a los trece bailarines del troqueo danza".

Liburuan jaso dituen Antzuolako dantza-maisuak ere aipatu ditu Sarriegik: Gerra aurretik Nikomedes Lete; gerra ondoren, Bitor Eztenaga eta Inozentzio Jauregi; 1950eko hamarkadan, Felix Larrea; 1950eko bukaeran Eibarko Gregorio Santa Cruz; 1960ko hamarkadatik aurrera, Gerbasio Legorburu eta Bitoriano Etxaniz.

Ion Lizarazu, Jon Legorburu eta Mikel Sarreigi. Antzuolarrez dantzan mintegia, Mikel Sarriegi, Dantzan Ikasi, Antzuola, 2024-06-15. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Sarriegik 2-3 saio egin zituela dio Antzuolan. Egun horietan Felix Agirre, Felix Larrea, Gorka Garitano, Jon Legorburu eta Ion Lizarazurekin ibili zen, besteak beste; eta saio horiei esker jaso du liburuan Antzuolari jasota dagoena.

Arau orokorrak

Gipuzkoako-dantza sistema eskola dantza moduan klasifikatzen du Sarriegik, "ikasten den eta araututa dagoen dantza mota bat da guk erabiltzen duguna, arau batzuk ditu". Arau horiek bi atal nagusitan bereizi ditu: arau orokorrak eta arau koreografikoak. Dantzak osatzerako orduan kontutan eduki beharrekoak direla dio.

Arau orokorrekin hasi da, gorputzaren jarrera edo begiradari lotuak. Antzuolan besoak geldik, isilik, tente, harro behar zuela jaso zuen, "hau ez da Jon Legorbururi bere aitak edo hari beste maisuak erakutsi zion zerbait, hau mendez mende dator eta Antzuolan gorde da fidel". Besoek natural, libre eta suelto behar dutela diote arau orokorrek, eta ez azken hamarkadetan Gipuzkoako dantzetan kokatu izan diren zurruntasunarekin. "Dantza maisuen normetan beso horiek ez zituzten figurak egiten, ez bazen figura jakinen bat egiteko, adibidez, boastitzean. Antzuolan adibidez, agurra egiterakoan, atzera-aurrera batean aurrera egiterakoan eskuekin markatzen duzue. Beste errekurtso koreografiko bat da, Markina-Xemeinen ere egiten da. Beharbada espontaneoki sortutakoak izan daitezke, baina baliabide koreologiko moduan ezagutzen dira".

Antzuolarrez dantzan mintegia, Mikel Sarriegi, Dantzan Ikasi, Antzuola, 2024-06-15. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Hasierako posizioari dagokionez, Sarriegik kontatu du nola Antzuolan bereizten dituzten Gipuzkoakoa eta Antzuolakoa. "Antzuolakoa natural, bi orpoak parean. Zuek espontaneoki egiten duzuen horrek badauzka bere arrazoiak. 1960ko hamarkada aurretik eskuina aurrean duten dantzarien irudirik ez da aurkitu, parez pare edo orpoz orpo bai. Antzuolan testigantzetan eta argazki zaharretan ere hala ikusten dela dio, "zuek gertuago zaudete Gipuzkoan lehen gehienbat erabiltzen zenetik".

Antzuolako aldaerak

Behin arau orokorrak edo erregelak errepasatuta dantzako mugimenduei erreparatu die, hau da, puntuei eta aldairei. Antzuolan dagoen aberastasuna ikusi ahal izan da, horrela, zenbait mugimendu nabarmendu ditu. Eta horretarako Jon Legorburu eta Ion Lizarazu dantzariei eskatu die laguntza.

Antzuolako berezitasunetako bat aldaira eta puntu asko alderantziz edo hankaz gora egitearena dela dio, "beste sistema gehienetan era batera antolatuta dauden mugimendu segidak Antzuolan aldatu egiten dira; bigarrena lehenengo egiten da eta lehenengoa bigarren". Nabarmentzekoak, baita ere, lurreko oinjirak edo gurpilak, "badaude Antzuolan ia beste inon ez daudenak".

Sarrera, itxiera eta deien kasuan Sarriegik erakutsi nahi izan du ze harreman izan ditzaketen ingurukoekin eta horretarako desafioan erabiltzen dituztenak dantzatzeko eskatu die antzuolarrei, "erabiltzen duzue lehenengo sarrera hori plaza hartzeko. Aurrekari zaharretan ikusten da dantzak mugituagoak zirela. Donostiako eskolan nahiko gaitzetsita egon dira desplazamenduak".

Ion Lizarazu, Jon Legorburu eta Mikel Sarreigi. Antzuolarrez dantzan mintegia, Mikel Sarriegi, Dantzan Ikasi, Antzuola, 2024-06-15. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Zortzikoetan itxierak tartean ere sartzen dituztela dio eta agurraren kasuan badutela itxiera berezi bat, "Zumarragakoaren antzekoa. Apaingarriak kenduta dauzkate, biluzik daude. Azkarrak dira, beraz oinarrizkoa egitearekin nahikoa". Trokeo-dantzetan erabiltzen duten deiari, berriz, kabriola deitzen diote, "bi kabriola edo bi salto erabiltzen dira deia egiteko. Mugimenduak berak eman dio izena deiaren aldairari. Hori beste inon ez da aurkitu".

Sentzilloaren kasuan, Sarriegik dio apaingarriak gehitzearen ondorioz apainduraz betetako mugimendu bat bihurtu dugula oinarrizko, "baina oinarrizkoa Iztuetak deskribatzen zuena da. Ondorio horretara iristeko gakoetako bat dira Antzuolan eta beste zenbait lekuetan aurkitutako sentzillo horiek".

Antzuolan ez dago sentzillo mota bakar bat, "hori dantza tradizio gutxitan gertatzen da. Hau da, herri batek bat edo bi izaten ditu eta Antzuolan 4-5 badaude".

Ion Lizarazu, Jon Legorburu eta Mikel Sarreigi. Antzuolarrez dantzan mintegia, Mikel Sarriegi, Dantzan Ikasi, Antzuola, 2024-06-15. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Paseoari Antzuolan pausoa deitzen diote, plaza hartzeko taldeak egiten duen sarrera mugimendu hori da. "Hemen ere norma orokorretik ezberdina da Antzuolakoa, normalean paseoak lau zatitan banatzen dira, hirugarren eta laugarren egiten direnak lehenengo egiten dira Antzuolan eta lehenengoa eta bigarrena ondoren". Ezberdintasuna ikusteko Sarriegik eta Legorburu elkarrekin dantzatu dute. Antzuolako paseoan interesgarritzat jotzen du leku aldatzeko erabiltzen dela, hau da, desplazatzeko, "leku askotan berezko funtzioa galdu du, lekuan dantzatzen baita paseoa, eskuin ezker eginda eta Antzuolan aurrera atzera da desplazamendua".

Lasterketan ere aberastasun handia aurki daiteke, "gutxienez bost daude eta bakarren bat oso partikularra". Lasterkak sailkatzen dituen mapa erakutsi du. Normatiboak eta karrerilara hurbiltzen direnak bereizi ditu Sarriegik eta Antzuolan biak daude, "tradizioa bakarra izan daiteke bi motatako lasterkak dituztenak".

Abarketak dantzatzen. Antzuolarrez dantzan mintegia, Mikel Sarriegi, Dantzan Ikasi, Antzuola, 2024-06-15. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Saioa bukatzeko, dantzan jarri ditu Sarriegik bertaratutakoak. Proposatu du Abarketak dantzatzea, Antzuolako, Beasaingo eta Gipuzkoako sisteman, hirurak batera dantzatu dituzte ikusteko zein diren ezberdintasunak.

Antzuolarrez dantzan mintegia, Mikel Sarriegi, Dantzan Ikasi, Antzuola, 2024-06-15. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA