Lizartzako inauteri dantzekin gozatzen
Iñaki Zubeldiaren itzala luze eta zabal agertu zitzaigun Lizartzako inauteri dantzen ikastaroan. Iñaki Bengoetxeak eta Rafa Aginagak, Otsolar taldeko eta Lizartzako inauteri dantzetako heldu eta gaztetxo talde eder batek lagunduta, argibide eta azalpen guztiak eman zizkiguten dantza errepertorio eder honen inguruko gora-beherak eta jakingarriak aletuz.
Orain hilabete gutxi zendu den Iñaki Zubeldiaren lana goraipatu zuten lizartzarrek. XX. mendean inauterietan dantza hauek egiteko ohitura berreskuratu eta indartzen lan handia egin zuen Zubeldiak, eta erritualaren xehetasunak ederki asko ikasita dituzte Otsolar taldeko lagunek.
Tolosako Usabal Kiroldegian elkartu ginen Lizartzako inauteri dantzen ikastaro trinkoa egiteko. Dantza sorta zabala da eta ezin denak ikasi, baina laupabost ikusi genituen eta ondo ikasi eta dantzatzeko ziklo oso dibertigarria dela konprobatu ahal izan genuen. Lehenengoa, bigarrena, makil-dantza, brokel-dantza...
Dantzari, kapitain eta sarjentuen jantziak ere erakutsi zizkiguten, eta Lizartzako inauterietan izaten dute egitaraua azaldu ziguten, inaute aurreko asteburuan, larunbatean nola ibiltzen diren inauteri dantzekin puska biltzean baserrietan eta igandean berriz herrian bertan, azken emanaldia plazan eginez.
Dantza sorta ederra, jostagarria eta dantzarako gozagarria osatzen dute Lizartzako inauteri dantzek, eta beren errertorioa maitasunez gorde eta zabaltzeko lanean dihardutela erakutsi ziguten Otsolar dantza taldeko lagunek.
- Lizartzako inauteri dantzak - Dantzan Ikasi 2012 [argazkiak]
- Lizartzako inauteri dantzak 2004 [argazkiak]
- Lizartzako inauteri dantzak 2013 [bideoa]




