Ikastaroa: Bentaberri eta Nafarroa Behereko dantzak

2013/09/24

Bentaberri eta Nafarroa Behereko dantzak
Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz
Argia euskal dantzari taldea


Data: 
2013ko urriak 5, larunbata
Ordutegia: 10:00 – 13.00 
Lekua: Dantzagunea (Arteleku - Kristobaldegi, 14, 20014 Donostia)
Prezioa: 15 €
Izena emateko epea: urriak 1
Ikastaroan izena emateko egin klik hemen

Bentaberri eta Nafarroa Behereko dantzak

1970 urtean, Argia dantzari taldeko kideak Uharte-Garazin aritu ziren Nafarroa Behereko dantzak ikasten Faustin Bentaberri Zuritzekin (1905-1979). Musikari eta dantza-maisu famatuen familia bateko kidea zen Bentaberri, eta izen-abizen bera eraman zituen eta Nafarroa Behereko dantzei egindako ekarpen handia egin zion bere osaba Faustin Bentaberri Otegiren (1869-1936)  handiaren oinordekoa.

Uharte-Garazin, Faustin Bentaberri Zuritz-ekin ikasi zituzten dantza-jauzi, bolant-dantza, dantza-luze eta kontra-dantzak Marian Arregik eta Juan Antonio Urbeltzek. Doinu horiek jotzeko fanfare erako taldea eratu zuen Argiak, gerora Euskal Herriko festa eta txoko guztietara zabaldu zena.

Bolant-dantzarien jantziak zehaztasun handiz jasotzeaz gain, nesken jantziak birsortu zituen Argiak. Faustin Bentaberriren dantza-errepertorioa, doinuak, dantza-estiloa, eta musika eta jantziak birsortzeko irizpide eta lan-prozesuak azalduko dituzte Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik saio honetan.

Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltz
Argia euskal dantzari taldea

Akordeoiarekin ezagutu dugu azken hamarkadetan baina dantzari moduan nabarmendu zen aurretik Marian Arregi Sarasola. Kemen hirukotearen bidez, euskal musikaren alorra biziberritu zuen Ez dok Hamairu taldean parte hartu zuen Marian Arregik. Aldi berean hainbat dantza solte txapelketa irabazi zituen han eta hemen, eta Goizaldirekin dantzan aritu zen Europako hainbat jaialditan. Xabier Leteri lagundu zion soinuarekin Ez Dok Hamairuren garaian, eta 1976 eta 1985 bitartean Benito Lertxundiren kantaldi eta diskoetan parte hartu zuen.

1966tik aurrera, Argia dantzari taldearen musika-ekoizpenaren zuzendaritzaz arduratu da, eta Mikel Urbeltzekin batera, besteak beste Argia taldearen Irradaka, Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Axeri-boda, Axuri Beltza eta Besta Berri ikuskizunetako musika zuzendu du. 

Juan Antonio Urbeltz Iruñean jaio bazen ere umetatik Donostian bizi da. Goizaldi taldean, Iñaki Gordejuela maisu zuela hasi zen dantzan, eta 1965. urtean Argia taldean euskal folklorearen inguruko lanari ekin zion. Bertan, lan-talde zabalago baten laguntzarekin, euskal folklorearen bilketa lan handia burutu du. Argia taldearekin, Euskal Herriko folklore-dialektoei programa monografikoak eskaini zizkion 60ko eta 70ko hamarkadetan, besteak beste bostehun doinu baino gehiago erakutsiz.

Euskal kultura tradizionalaren jarraipenerako egindako ekarpenetan jantziak, instrumentuak, forma orkestralak eta koreografiak berreskuratu dira. Funtsezko ekarpena lan-mota diferenteetan egindakoa, 1978an Euskadiko Kutxak editatutako Dantzak liburutik hasi eta hamaika hitzaldi, irrati-programa, egunkarietako artikulu, disko-edizio eta abar arte. 1988an Zortziko ikuskizuna estreinatu zuen; 1989an berriz Muriska baleta bertan sartu ondoren, ikuskizunak Alakiketan izena hartu zuen. Gerora beste ikuskizun gehiago etorri dira: Kondharian, Pas de Basque, Axeri-Boda eta 2009an Axuri-beltza. Guztietan bere sormen lanaren ekarpenek dantza eta koreografiaren mundua, musika eta jantzien munduekin lotzen du modu oso eta integral batean.