Ikastaroa: Arabako Errioxako dantzak

2010/04/19
Arabako Errioxako dantzak
Jon Fernandez, Pedro Elosegi, Amagoia Eguiluz, Elena Gonzalez de Artaza
Gasteizko Udal Folklore Akademia eta Indarra Euskal Kultur Elkartea

Data: Maiatzak 15
Ordutegia: 9:30 – 13.30
Lekua: Dantzagunea (Arteleku - Kristobaldegi, 14. Txomin Enea, Donostia)
Ikastaroaren prezioa: 15 €
Izena emateko epea: Maiatzak 5

Arabako Errioxako dantzak
Arabako Errioxako dantza sorta bat irakatsiko du Gasteizko Udal Folklore Akademiako eta Indarra dantza taldeko irakasle talde honek. Hain zuzen ere Guardiako dantzak, Villabuenako makil-dantzak, Eltziegoko dantzak eta Ekorako bercijanako kate-dantza erakutsiko dituzte.
Eltziegotik irailaren 8ko Ama Birjinaren jaian egiten diren dantzak ekarriko dituzte. Gerra Zibilaren aurretik utzi zitzaion dantza egiteari Eltziegon, eta ondoren Seccion Femeninak berreskuratu zituen. Harrezkero 8 emakumek eta katximorroak dantzatzen dituzte. Guardiatik San Juan degollaoren omenez egiten diren dantzak ekarriko dituzte. Villabuenan 50eko hamarkadak berreskuratu ziren makila-dantzen sortatik zenbait ale ikasteko aukera izango da. Eta azkenik, Ekoran, Bercijanako Andre Mariaren omenez dantzatzen den kate-dantza ikasteko parada izango da.

Gasteizko Udal Folklore Akademia
Gasteizko Udala Folklore Akademia 1991an sortu zen. Lou Flagel beljikarra Donostian ospatu ziren folklore jardunaldi batzuetan entzuteko aukera izan zuten eta Beljikan funtzionatzen zuen Dantza Etxeen ereduan oinarrituta abiatu zen Akademia Gasteizen. Dantzaren alderdi ludikoa indartu eta dantzaz gozatzeko aukera eskaintzeko asmoa izan da bere ibilbidean. 700 ikasletik gora ditu eskolak eta dantza plazan egitaraurekin dantza Gasteizko kaleetan normalizatu dute. Irakasleen etengabeko prestakuntzarako eta ikasketarako jarrerak erreferentzia bihurtu du Gasteizko Udal Folklore Akademia.

Indarra Dantza Taldea
Indarra Euskal Kultur Elkartea 1973. urtean sortu zen Gasteizen. Elkartearen baitan dantza taldea, musika taldea eta inauteri taldea biltzen dira. Arabako dantzen bilketa, ikerketa eta dibulgazio lanetan zuzen-zuzenean aritu den taldea da, eta besteak beste talde hau arduratu zen 1987an Eltziegoko Gaiteroen doinuekin argitaratu zen “Arabako Dantzak” diskan jasotako azalpen testuak prestatzeaz. Arabako dantza tradizionalei dagokionez erreferentziazko iturria da Indarra dantza taldea.

Jon Fernandez, Pedro Elosegi, Amagoia Eguiluz eta Elena Gonzalez de Artaza
Eskarmentu handiko dantza-irakasle eta musikariak dira Arabako Gasteizko irakasle talde laukote hau. Jon Fernandez bai Folklore Eskolan eta bai Indarra dantza taldean aritzen da irakasle lanetan. Pedro Elosegi Udalaren Folklore Eskolako koordinatzailea da, eta eskola horretan bertan irakasle aritzen da Elena Gonzalez de Artaza. Amagoia Eguiluz Indarra dantza taldeko irakaslea da.