Dantza-jauziak, edo erdizka bat egiteko mila manera

2010/07/07

Dantza-jauzien sistema eta estilora bidaia egin genuen 2010eko uztailaren 3an Dantzagunean. Baionatik Claude Iruretagoiena etorri zitzaigun goizean eta Itsasutik (Bordelen bizi bada ere gaur egun) Xabier Itzaina. Bien artean, dantza-jauzien mundura bidaia gidatu zuten, eta dantza errepertorio atsegin eta eskeronekoa izateaz gain, dantzatzeko hainbat estilo eta xehetasun daudela (eta gehiago izan direla) ikasteko aukera izan genuen.

Dantza-jauziak - Dantzan Ikasi 2010 006

Claude Iruretagoienarekin jardun genuen goiz partean. Pierre Beteluren ikaslea izan zen Claude, baina ondoren han eta hemen ibili da garai bateko dantzariekin ikasten, eta Amikuzeko bailaran molde zaharrean dantza egiten zuten dantzariekin ikasteko aukera izan zuen. Berpizkundeko dantzak ikasten aritu izan da eta horrek dantza-jauzien sistema hobeto ulertzeko gakoak eskaini dizkio.

Dantza-jauziak - Dantzan Ikasi 2010 024

Branleak eta dantza-jauziak, pavanak eta martxak, dantza sistema ulertzeko argibideak eman zizkigun Claude Iruretagoienak, eta baita horietan oinarrituta dantza-jauziak dantza egiteko estilo gomendio batzuk ere: pultsoa, gorputzaren jarrera, erdiarekiko begirunea, e.a. Amikuzen hartutako zenbait irudi ikusi genituen ahoz adierazten zuenaren argigarri. Estilo aldetik toki batetik bestera dauden ñabardurak eta aldaerak ere aurkeztu zizkigun, eta hori guztia buruan dantza-jauzi batzuk egiteko aukera izan genuen.

Dantza-jauziak - Dantzan Ikasi 2010 026

Bazkalostean Xabier Itzainaren txanda izan zen. Itzaina itsasuarra da eta bere inguruko dantzakera landu du batez ere, baina arratsaldeak aurrera egin ahala konprobatu genuen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzakerak ezagutzen dituela. Dantza-jauzien inguruan bildua duen dokumentazioaren laburpen txiki bat egin zuen lehenik eta behin. Dantza-jauzien kontestuak zeintzu izan diren, eta XX. mendean maiz egin ziren dantza primakak edo lehiaketak aipatu zituen. Lehiaketa horien bilketa lana egina du, eta zein jauzi eta zein dantzari aritzen ziren jakiteko aukera izan da horri esker.

Dantza-jauziak - Dantzan Ikasi 2010 035 Dantza-jauziak - Dantzan Ikasi 2010 031

Lapurdiko barnekaldean dantza-jauziak egiteko erabili izan den dantza estiloa landu genuen saio praktikoan. Txirula eta ttun-ttuna atera eta emandako argibideei jarraituz dantza jarri gintuen Xabier Itzainak. Bukatzeko, kabalkada eta Besta Berrietako martxak eta inauterietako kaskarot martxak egin genituen, dantza-jauzien estiloan eragina izan duten dantzak baitira.
Dantza-jauziak - Dantzan Ikasi 2010 042