Ikastaroa: Ingurutxoak: sistema eta ezaugarriak

2011/04/18
Ingurutxoak: sistema eta ezaugarriak
Juan Antonio Urbeltz
Ikerfolk


Datak: Maiatzak 14
Ordutegia: 10.00 – 13.00
Lekua: Dantzagunea (Arteleku - Kristobaldegi, 14, 20014 Donostia)
Ikastaroaren prezioa: 15 €
Izena emateko epea: Maiatzak 4

Ingurutxoak: sistema eta ezaugarriak
Mediterraneoko isurialdeko euskal lurretan zabalkunde handia ezagutu duten dantzak dira ingurutxoak. Bikoteka antolatutako dantzari lerroak, borobilean, larrainetan eta plazetan dantzatzen dira ordulariaren aurkako norabidean. Kantauriar isurialdean soka-dantzak bezala, festa eta ezteietan ospakizun dantza nagusiak izan dira ingurutxoak Nafarroako iparraldean eta Gipuzkoako hegoaldeko zenbait eskualdetan.

1971-09-11_Argia-JavierGarayalde_1005823_o-rek-500p
Argia dantzari taldea Iribasko ingurutxoa danzatzen Donostian, 1971ko irailaren 11an. Argazkia: CC-BY-SA Garayalde / Guregipuzkoa.net

1965etik aurrera euskal dantza taldeen eskutik gauzatutako tokian tokiko dantza tradizionalen berreskuratze eta berrindartze prozesuaren ondoren, hainbat herritako ingurutxoak ezagutzeko aukera izan dugu. Argia taldearekin egindako lanean Leitza, Iribas, Erronkari, Bedaio eta beste hainbat herritan izan ziren Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi 1965 eta 1975 bitartean, eta tokian tokiko bilketa lan horretan jasotako ingurutxoen inguruko ikaspenak eta doinuetatik abiatuta, eta ondoko urteetan bildutako dokumentazioan oinarrituta eskainiko dute honako ikastaro hau. Ingurutxo zehatzen xehetasunetatik harago, sistema osoa izango du aztergai ikastaro honek. 1971-09-11_Argia-JavierGarayalde_1005824_o-rek-300p

Ingurutxoen dantza-familiaren ezaugarriak, historia, egitura, testuingurua, bilketa-prozesua eta funtzio sozialak aztertuko ditu Juan Antonio Urbeltzek gai honen inguruan eskainiko duen saio teorikoan. Ondoren, Marian Arregi eta Mikel Urbeltzek hainbat ingurutxotako doinuak aletu ahala, ingurutxoen sistema koreografikoa maila praktikoan lantzeko aukera izango da.


Argazkia: CC-BY-SA Garayalde / Guregipuzkoa.net

Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940)
Iruñean jaio bazen ere umetatik Donostian bizi da. Goizaldi taldean, Ignacio Gordejuela maisu zuela hasi zen dantzan, eta 1965. urtean Argia taldean euskal folklorearen inguruko lanari ekin zion. Bertan, Marian Arregi emaztea eta lan-talde zabalago baten laguntzarekin, euskal folklorearen bilketa lan handia burutu du. Argia taldearekin, Euskal Herriko folklore-dialektoei programa monografikoak eskaini zizkion 60ko eta 70ko hamarkadetan, besteak beste bostehun doinu baino gehiago erakutsiz.
2010-12-18_DantzanIkasi-Urbeltz-irradaka 067-rek_500p

Euskal kultura tradizionalaren jarraipenerako egindako ekarpenetan jantziak, instrumentuak, forma orkestralak eta koreografiak berreskuratu dira. Funtsezko ekarpena lan-mota diferenteetan egindakoa, 1978an Euskadiko Kutxak editatutako Dantzak liburutik hasi eta hamaika hitzaldi, irrati-programa, egunkarietako artikulu, disko-edizio eta abar arte. 1988an Zortziko ikuskizuna estreinatu zuen; 1989an berriz Muriska baleta bertan sartu ondoren, ikuskizunak Alakiketan izena hartu zuen. Gerora beste ikuskizun gehiago etorri dira: Kondharian, Pas de Basque, Axeri-Boda eta 2009an Axuri-beltza. Guztietan bere sormen lanaren ekarpenek dantza eta koreografiaren mundua, musika eta jantzien munduekin lotzen du modu oso eta integral batean.