Ikastaroa: Dantza-jauziak, oinarriak eta estiloak

2010/04/19

Dantza-jauziak, oinarriak eta estiloak
Claude Iruretagoiena eta Xabier Itzaina

Data: Uztailak 3, larunbata
10.00 – 13.00 Jauziak oinarri teorikoak eta saio praktikoa.
15.00 – 18.00 Jauziak oinarri teorikoak eta saio praktikoa.
Lekua: Dantzagunea (Arteleku - Kristobaldegi, 14. Txomin Enea, Donostia)
Ikastaroaren prezioa: 25 €
Izena emateko epea: Ekainak 21

Dantza-jauziak
Dantza-jauzien berpizkundea azken hamarkadetan euskal dantzetan gertatu den gertakari nabarmenenetako bat da. Dantza-jauzien ezagutzan sakontzeko aukera izango da Claude Iruretagoiena eta Xabier Itzainaren eskutik ikastaro honetan. Saio teorikoak eta praktikoak tartekatuz, jauzien testuinguru historikoa, sistematika eta estiloa desberdinetara hurbiltzeko modua izango da.

Claude Iruretagoienak zirkuluan egindako dantzek Berpizkundetik aurrera izan duten bilakaera aztertuko du, besteak beste branleak, urratsak eta apaindurak, jauziak eta borobila, zirkulu barruko desafioak, eta kadrileak ekarritako zirkuluen hausturaren berri emanez. Dantza-jauzien ezaugarriak, ikasketa, egitura, estiloak eta lehiaketak aipatu ondoren, azken urteotako bilakaera aztertuko du Iruretagoienak, zabalkundea, sorkuntza eta egoerari so eginez. Saio praktikoan ikasteko jauziak, jauzien errepertorioa, geografia eta estiloak, zirkuluoarekiko jarrera, eta desafioak landuko dira.

Xabier Itzainak bere aurkezpenean jauziak noiz eta nola ematen ziren, jauzien desafioen inguruko xehetasunak eta XX. Mendeko aldaketak aztertuko ditu. Saio praktikoan oinarrizko pikoak, hainbat estilo desberdin, hala nola Garazi-Baigorrikoa, Lapurdi barnekalde eta Arberuakoa, Amikuzekoa erakutsiko ditu, eta adibide zehatz batzuk aurkeztuko ditu, dantza-jauziak, gabota, bolant-dantza, kaxkarot-martxa eta dantza-korda besteak beste.

Claude Irutetagoiena (Baiona, 1960)
Betti Beteluren ikaslea, Juan Antonio Urbeltz-ekin sakondu zuen irakaskuntza, eszenaratze eta koreografia tekniketan. Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan parte hartu zuen, eta 1992an bere lehen lana, Xirula Mirula plazaratu zuen. Eskualde desberdinetako dantza-maisuekin euskal dantza tradizionalaren errepertorioaren ezagutzan sakondu zuen. Horrekin batera, bearneko branleak, scottish, polkak edota Gaskuñako dantzak ikasi zituen. 1995ean Pier Pol Berzaitz-ek sortutako “Elkanoren semeak” ikukizun musikala eszenaratu eta koreografiatu zuen. Suitzako Nomades-LE Loft Vevey konpainiarekin “Courrier du Pacifique” ikusgarria landu zuen. Jantzi tradizionalak eta historikoak egiten ditu Irulea elkartearen baitan. Hamaika ikastaro eman ditu eta EDBren dantza irakaslea izana da. Besteak beste Argia-Ikerfolk, Malandain Ballet Biarritz, Biarritz Culture, Garazikus, Institut Culturel du Pays basque eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin egin ditu lankidetzak. Berak zuzentzen duen Maritzuli konpainiarekin hainbat ikuskizun taularatu ditu: Ixtorio Mixtorio (1996), Ingura Mingura (2000), Côté Cour... Côté Jardin... (2004), Kutx ala Pil? (2005), Aurrez aurre (2009).


Xabier Itzaina (Itsasu, 1971)
1971an sortua, Itsasuarra, ofizioz ikerle Bordaleko unibertsitatean. Ttipitik arizana da dantzari, xirulari eta txistulari gisa Itsasuko multxoan, eta aintzina segitzen du artetan dantzarien trebatzen eta soinu jotzen. Uztaritzen ere arizana da dantzan garai batez. 1980 urte undarretan hasi da Lapurdi eta Baxenabarreko dantza ohiduren miatzen. Besten (ihauteri, Besta Berri, tobera mustra, kabalkada, eliza-besta) azterketa historiko eta antropologikoak egin ditu. Lapurdi barnekalde eta Baxenabarre hurbileko lehenagoko dantzari, dantza erakasle eta soinulari zonbeiten gandik bildu ditu xehetasun ainitz, berezeki dantza jauzieri buruz. Xiberun eta Baztanen ibili da jauzi, pundu eta mutil dantzen ikasten. C. Iruretagoienaren “Xirula mirula” eta “Ixtorio mixtorio” ikusgarrietan parte hartu du soinulari bezala. Elaudi folk taldean arizana da gitarra, xirula eta ttunttunarekin. Parte hartu du antolatzaile edo soinulari bezala Itsasu, Luhuso, Lekorne eta Heletako kabalkadetan. Musikari bezala, herri andana batean ibilia da jauzi eta bertze dantzen jotzen. Itsasun berean, kaxkarotak eta ihauteriak berriz abiarazi dituzten taldean zen 1980 urte undarretan, eta Besta berri eta herriko pestetako dantzen usaia atxikitzen bermatzen da.