Xemeingo ezpata-dantza Zerutxukoen eskutik
Felipe Amutxastegi, Zerutxu dantza taldeko arduradun eta bultzatzaileak, eta Iñaki Irigoien-ek, Xemeingo ezpata-dantzaren inguruko hainbat ikerketa egin izan dituzte (ikus, besteak beste, Dantzariak 29 eta 37 aldizkariak), eta ezpata-dantza eder honi buruzko xehetasunak jarri dituzte agerian.
Irigoien eta Amutxastegik jasotako datuen arabera, Xemein-en dantzari buruzko datu zaharrena 1604koa da, baina ez dago argi zein dantza motaz ari den. Ezpata-dantzaren lehen aipamena 1714koa da, San Migel eguneko dantza aipatzen baita kontu liburuetan.
1743ko San Migel egunean ezpata-dantza egiten 30 dantzarik parte hartu zutela aipatzen da. XX. mende hasieran utzi egin zen dantzatzeari eta 1915ean berreskuratu zen, baina urte batzutan egin ondoren berriz ere utzi zitzaion.
1934an berriz berreskuratu zuten 1915ean dantzatu zutenek lagunduta. Joseba Aginagak idatziz jaso zituen dantzaren xehetasunak eta doinuak. Urte horretan bertan Segundo Olaeta aritu zen ezpata-dantza ikasten Markinan. Gerrak dena eten zuen. Eta gerra-ostean, 1943an Segundo Olaeta Markinara etorri zen lanera. Artibai dantza taldea sortu, eta Xemeingo ezpata-dantzari buruz ikasitakoan oinarrituta dantza berria sortuz uen: San Migel de Arretxinaga. San Migel jarri zuen buruzagi maisu-zaharraren ordez, eta zortziko bat sortu zuen propio beretzat. Ezpata txikiekin aritzen diren dantzariak aingeru-on eta aingeri-gaizto bihurtu zituen, eta bien arteko borroka irudikatu ezpata-dantzan. Azkenean San Migelek parrilla gainetik salto egin eta ongiari lagunduz erabakitzen du borroka.
Baina Olaetaren ezpata-dantza ez zen inoiz dantzatu San Migel egunean. 1955an berriz ere berreskuratzen da ezpata-dantza Xemein-en San Migel egunean. Molde zaharrean egin zuten. 1952an elkartu ziren Markina eta Xemein, eta ordutik udalerri bakarra osatzen dute.
1969tik Zerutxu arduratzen da dantza egiteaz San Migel egunean. 1978an Joseba Aginagaren paperak ekarri zizkien bere semeak Zerutxukoeri eta horietan oinarrituta, ezpata-dantzan gertatutako aldaketa batzuk konpondu zituzten.
Joseba Aginagak zioen 25 dantzarirekin egin ohi zutela XX. Mende hasieran (2 parrilla). Gutxieneko zenbakia 13 da, eta gaur egun ohikoena 15 edo 17 (12 ezpata luzeekin, maisu zaharra, eta 2 edo 4 ezpata-txikiekin).
Zerutxuko Alex Larrinaga eta Aitor Urriolabeitiak ezpata-dantzaren zati guztiak irakatsi zituzten Elgoibarko ikastaroan:
Sarrerako biribilketa eta bi ganbarako zubia.
Taldearen urratsak eta oinarria egitea.
Ezpata txikien jokoa.
- Taldearen urratsak eta oinarria egitea (beste aldera begira)
Ezpata txikien jokoa (beste aldera begira)
Irteera biribilketa eta ganbara bakarreko zubia.
Urrats, ezpatekin egin beharreko mugimendu eta estiloari buruzko gomendioez gain, ezpata-dantzarako erabiltzen diren jantziak erakutsi zituzten. Maisu zaharra (buruzagia), ezpata txikiekin aritzen diren dantzariak, eta ezpata luzeekin aritzen diren dantzariak, bakoitzak daramatzan jantzi eta apaingarriak azaldu zituzten.
