Emakumea euskal dantzen itzaletatik argitara
Txiki gelditzekotan izan zen Donostian Loiolako Dantzaguneko aretoa. Gaiak jakinmina sortua zuen: Emakumea euskal dantzan. Ezertan hasi orduko, entzulegoaren emakumezko gehiengoak zer pentsatua eman zigun. Aretoaren egokitzapen beharrak bukatu eta motz gelditu ziren hiru bat orduz jardun zuten Oier Araolazak lehenik, Ane Albisuk jarraian, eta hara hurbildutakoekin solasaldian azkenik biak elkarrekin.
Oier Araolazaren abiapuntua emakumearen "gizonezkoak dantzatua izateko" figuraren sinismena apurtzea izan zen; dantzarik egin ez duenaren gezurra baieztatuz lehenengo eta arrazoiz biluztuz gero. XVII. mende bukaerara arte atzera eginaz, gure tradizioan non eta noiz dantzatu duen erakusten ziguten hamaika testigantza ekarri zizkigun pantailako argitara. Elizaren garaiko interes eta gizartearen genero bazterkeriaren gainetik, emakumea dantzan erakutsi ahal izan zigun.
Bigarren saiakera Ane Albisuri tokatu zitzaion janzkera ardatz hartuta gai berari beste buelta emateko. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran sortutako janzkera berezien (poxpolina, baserritar-jantzia, jantzi zuria, mahoizkoa) nondik norakoak argitu zituen, tradizionaltzat jotzen den janzkeraren sorkuntza prozesuak agerin utziz. Ondoren, Argia taldeak, Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean, 60 eta 70 hamarkadetan eramandako berreskuratze prozesuan eginiko ahalegin eta lanetatik hasita, Ikerfolken barruan Anek berak gero jarraitutako bidea azaldu zigun. Bereziki, emakumearendako birsortutako traje zibilaren arrakasta eta ondoren dantza taldeetan izandako txertatze desegokia seinalatu zituen.
Azken zatia erdibana gidatu zuten Oierrek eta Anek, emakumea euskal dantzetan murgiltzeko azken urteotan egin diren ahaleginak eta zabaldutako zenbait bide erakutsi zizkiguten, atzerrian (morris dantzariena kasu) aurkitu dituzten adibideen ondoan. Argazkiak medio zirela, janzkerak duen garrantziaz ohartarazi gintuzten, genero desberdinketaren gerruntze den einean, genero desagerketaren gako izan daitekeelakoan. Pertsona gizon ala emakume jantzita, ala besterik gabe dantzari jantzita ez ote doan bota zuen airera Oierrek, eta parte hartzaileekin solasaldian dantza erritualek eta sozialek generoa markatzeko zuten izaera desberdina atera zen mahai gainera.
Mintegiaren atarian adierazi bezela eta agindutakoa betez, dudaz, beldurrez eta aurreiritziz betetako gai labainkor honetan ez zen Artelekun erantzunik edo formularik ezagutarazi, baina emakumearen dantzarako eta ekintza publikoan parte hartzeko eskubidea nabarmendu ziren, tradizioak lehenago erakutsi izan digun bezela (eta erakutsi ez baligu, baita ere).


