Ikastaroa: Dantzan irakasteko baliabideak Patxi Labordarekin
Irailarekin hasiko da dantza ikasturte berria eta kurtso hasieran horretan behar berezirik izan ohi da irakasle berrientzat (eta ez hain berrientzat). Beraz, Patxi Labordarekin oinarrizko dantzarako baliabide pedagogikoen inguruko ikastaroa antolatu dugu. Izan ere, dantza tradizionalaren irakaskuntzan eta transmisioan, zailtasun, muga eta ezintasun ugari aurkitzen ditugu maiz, bereziki haur eta gaztetxoei irakasteko ahaleginean. Formula sekreturik ez, baina haurrekin dantza klaseetan lantzeko baliabideak eta zenbait pista eskainiko ditu Labordak.
Saio honetan oinarrizko kontzeptuak (egitura erritmikoa, isiluneak, pultsua, puntua, suspentsio edo esekidurak, zapaltzea, karga, oreka...) eta dantza tradizionalaren oinarrizko erritmoak (binarioa, ternarioa, konposatuak) errepasatuko dira, eta horretarako ikasketa sistema orokorrak (imitazioa, jarraipena, logika...) eta era desberdinetako ariketak (musika ariketak, perkusioak, diagonalak, bat-patekotasuna...) landuko dira.
Ikastaroa: dantzan irakasteko baliabideak
Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen
Patxi Laborda (Iruñea, 1967)
Dantzari, dantza-maisu eta dantza sustatzaile urteak daramatza Bilbao Musikan helduendako tradiziozko dantzaren irakasle lanetan. Aiko taldean erromeria dinamizatzaile moduan ere aritzen da eta hauekin dantzarako zenbait disko eta DVDren prestaketan eta grabaketan parte hartu du. Dantza tradizionalaren inguruko hamaika ikastaro eman ditu bai gurean eta baita gure mugetatik kanpo ere, hango eta hemengo dantza-maisuekin etengabeko hartu emana mantenduz. Neguko folklorean berezitua, hainbat lan egin ditu euskal dantzaz, neguko solstizioaz eta inauterien inguruan. Zenbait aldizkaritarako dantzaren inguruko artikuluak idatzi izan ditu, besteak beste 2007ko neguan EDBko Dantzariak aldizkariaren 54. alean argitaratutako "Dantzan irakasten" izenburukoa, edota Euskonews-en jasotako "Euskal plaza dantzen akademizazioaren inguruan" gogoeta.
-----------------------------------------------------------------------------
Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.
