Euskal dantzei begira Zarauzko betaurrekoekin

2010/12/17
a, e, o, i, u eta y grekoa. Eta bakoitzaren atzean argazki bat, historia zertzelada bat eta gogoeta bat baino gehiago. Hitzaldi mamitsua bezain atsegina eskaini zuen Xabier Etxabe Zarauzko folklorea aitzaki hartuta pasa den abenduaren 14an Dantzagunean.

2004an, Etxabe eta Alberdi, bi Xabier zarauztarren arteko elkarrizketatik Zarauzko folklorearen inguruko azterketa lana egiteko ideia sortu zen. "Geuk ez badiagu egiten ez dik beste inork egingo eta..." pentsatu zuten, eta horren aurrean ezin ba geldi geratu. Bibliografia eta dokumentazioa aztertu zuten, eta ahozko informatzaileak elkarrizketatu zituzten. Luze jo zuen lanak, baina 2009ko hondarrean argitaratu zen lanaren emaitza "Zarauzko Folklorea. Eboluzio historikoa, haren aldaketan egon diren interesen azterketa eta festa-ereduen inguruko hausnarketa".


Liburuaren bi egileak izan ziren hitzaldian. Xabier Etxabe hizlariaren mahaian jarrita, eta Xabier Alberdi entzuleen artean, eta horren beharra izan zenean ekarpen osagarriak eginez. Alfabetoko bokalekin jolastuz eta liburuan jasotakoa modu linealean aurkezteko tentazioari uko eginez, hainbat gai, zertzelada historiko, analisi, gogoeta, argazki eta ideia interesgarri mahairatu zituen Xabier Etxabek.

Amuña dantzariaren oroitzapenetik abiatuta eta Xabier Alberdiren Antonio aitonarekin segiz, dantzarien adinaren inguruko gogoetak ekarri zituen. Aitondutako dantzarien xarma eta dantzakera ereduen aldaketak besteak beste.

Gizartearen aldaketek eta unean uneko errejimen politikoek eragindako talde eraketa eredu desberdinak ere izan zituen hizpide: Gerra aurrean batzokien inguruan antolatutakoak, zirkulo karlistak alde batetik eta abertzaleak bestetik, gerra ondoko "kuadrilak" musika, dantza, antzerkia eta mendizaletasuna bateratzen zituztenak, kultur elkarteak, egungon dantza taldeak... Eta bakoitzaren ezaugarriak eta eraginak, dantzaren kudeaketan eta horren inguruko planteamenduetan.

Azken hamarkadetan dantza taldeen jardunak egindako ekarpen oparoekin batera aurreko belaunaldien jokaerarekin ikusten dituen hainbat desberdintasun ekarri zituen Xabier Etxabek. Teknikaren eta dantzakeraren zorroztearekin batera dantzaren testuinguru eta balio sinbolikoaren kontzientzia urritzea adibidez. Baina zirkuloa, elkartea, kuadrilla ala taldea izan, jai dinamika kolektiboetan norbanakoaren pisuak handia izaten jarraitzen duela antzematen du Xabier Etxabek.



Egungo errealitatera egokitzeko lanetan, dantza jarduerak jai eguteko lokalean txertatzen asmatzearen garrantziaz ohartarazi gintuen, dantza bati berotasuna emango dion festaren babesa ematea sorkuntza eta sorkuntza baliagarria dela aldarrikatuz.

Zarauzko folklorean bildutako adibideetatik abiatuta euskal dantzaren egunerokoari begirada interesgarria eskaini zion Xabier Etxabek etorri patxadatsu bezain joriarekin.