Urbeltzengandik Bentaberri Zuritz eta Nafarroa Behereko dantzak
Berriz ere Loiola auzoko (Donostia) Dantzagunean izan genuen hitzordua, oraingoan baina, dantzarako egokitutako areto nagusian. Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregik 1970 urtean Faustin Bentaberri Zuritzi ikasitakoaren testigantza zuzena jaso eta praktikatzeko aukera izan genuen.
Parte teorikoa hasieran eta jarraian hura praktikatzekoa izan genituen. Lehenengo zatian testuingurua irudikatu zigun, Bentaberri Zuritzengana (Bentaberri Otegiren iloba) nola jo zuten, ikaste prozesu haren gorabeherak eta zenbait pasadizo kontatu zizkigun. Harengandik ikasitakoak nola interpretatu zituzten jakin genuen Argiarekin gero hegoaldean egingo zituzten emanaldietan, janzkerak eta bolantak nola txertatu eta birsortu zituzten, eta musikari dagokionez, gerora erabateko arrakasta izango zuen fanfare formato musikala nola antolatu zuten Nafarroa Behereko doinu haiek interpretatzeko.
Jarraian, Bentaberrirengandik ikasitakoak dantzatzen ahalegindu ginen Urbeltzen esanetara (73 urte soinean jantzita dituenik nork esan!): jauziak lehehengo, bolant-dantza atzetik, dantza-luzea, eta kontra-dantzekin saiatu ginen azkenik, berriz jauziekin bukatzeko. Dantzak goitik behera borobiltzerik apenas izan zen baina orriaren marjinan idazteko zenbait xehetasun interesgarririk jasotzeko aukera izan genuen. Dantzak laguntzeko Argiak 1974 urtean Euskal Dantza Doiñuak izenaz, Nafarroa Behereko (besteak beste) doinuen grabazioaren kopia bat erabili genuen eta bukaeran parte hartzaile bakoitzari kopia bana oparitu zitzaion, han ikasi eta ikusitakoa landu ahal izateko.

