Ikastaroa: Lizartzako inauteri dantzak

2012/11/26
Lizartzako inauteri dantzak
Otsolar dantza taldea

Data: 2012ko abenduak 15, larunbata
Ordutegia: 10:00 – 13.00
Lekua: Tolosa, Usabal kiroldegia (Usabal 25 A, 20400 Tolosa)
Prezioa: 15 €
Izena emateko epea: abenduak 10
Ikastaroan izena emateko egin klik hemen

Lizartzako inauteri dantzak
Inauterien inguruan dantza sorta ederra libratu da Lizartzan. Libratu, izan ere, XX. mendean, Gerra Zibilaren ondoko urteetan ez ziren dantzatu, eta ia-galdu ziren. Baina ez, loaldiaren ondoren iratzarri zituzten beren dantzak lizartzarrek, eta gaurdaino iritsi zaizkigu.

2004-02-15_Lizartza_inauteriak_0007

Inauteriak ospatzeko, segizio koloretsua antolatzen dute lizartzarrek. Zortzi dantzariz osatutako taldeak batetik, eta horiekin kapitaina, sarjentoa, zaldidunak eta espentzieroak (zerbitzariak) osatzen dute konpartsa. Baserriz baserri Lizartzako lurretan barrena puska biltzea egiten dute, eta ibilbidean, eta ibildea bukatuta herriko plazan, Lizartzako inauteri dantzen sortako dantzak eskaintzen dituzte.

2004-02-15_Lizartza_inauteriak_0027

Paseoa, lehenengoa, bigarrena, seigarrena, ostiko-dantza, etxe-dantza, lau ostiko, azken-paseoa, makil-dantza eta brokel-dantzak osatzen dute Lizartzeko inauteri dantzen sorta.

2004-02-15_Lizartza_inauteriak_0017

Sorta horietako zenbait dantza ikasteko aukera izango dugu ikastaro honetan Lizartzako Otsolar dantza taldeko kideen eskutik. Goiz batean ezin denak ikusi, baina lauzpabost dantza ikasteko ahalegina egingo dugu.

Gipuzkoako brokel-dantzarekin edo Durangaldeko dantzari-dantzarekin antzekotasunak izan arren, ezaugarri bereziak dituzte Lizartzako inauteri dantzek, batipat gorputz, buru eta eskuekin aipatutako errepertorioetan ohikoak ez diren mugimenduak egiten baitira.

Otsolar dantza taldea

Esan bezala Lizartzako inauteri dantzak larri izan dira XX. mendean zehar. Ezaguna da 1928ko argazki eder hau, Lizartzako inauteriak dantzatzera atera zen taldea erakusten duena.



Otsolar dantza taldeak argazki horretan agertzen diren guztien izenak bildu zituen. Baita 1934ko beste argazki batekoak ere. Azken urteak izan ziren. 1936an gerra etorri zen eta hor bukatu ziren inauteri dantzak Lizartzan. Hogei urtez lo izan ziren dantzak. Baina halako batean, 1955ean, berpiztu egin zuten dantza sorta osoa. Baina berriz ere hainbat eten izan ziren dantzetan, 1980ko hamarkadan jarraitu zuten ahaleginak, eta 1994an inauteriak berreskuratu eta dantzek beren tokia hartu zuten festan berriz ere.

2004-02-15_Lizartza_inauteriak_0565

Azken hamarkadetan Otsolar dantza taldea arduratzen ari da Lizartzako inauteri dantzak bizi eusteaz eta belaunaldi berriei dantza eta ohitura sorta berezi hau transmititzeaz. 2003. urtean Lizartzako Iñauteri Doiñuak izeneko CDa grabatu zen, eta bertan bildu zituzten dantza guztien doinuak.