Jon Sarasua: “Herriak gorputzetik pasatzen duen kulturaz ari gara”

2026/02/16
Jon Sarasua: “Herriak gorputzetik pasatzen duen kulturaz ari gara”

Jon Sarasua bertsolari gisa ezagutu genuen, baina urteekin euskalgintzari eta euskal kulturgintzari buruzko pentsalari eta eragile bihurtu da. Irakasle, idazle eta musikaria izateaz gain, dantzan ere aritu izan da, eta dantzak komunitatearentzat duen garrantziaz kontzientzia argia du. Azken urteotan, hezkuntza arautuan herri kulturgintzak izan behar duen tokiaz gogoeta egiten ari da, eta horren inguruko oinarriak eta martxan jarri berri duten proiektua aurkeztu ditu Dantzan Topaketetan.

Kultura fluxua

Momentu delikatuan kokatu du Jon Sarasuak euskal komunitatea. Ez soilik hizkuntzaren ikuspegitik, edota kultur adierazpen jakin batetik, baizik eta euskararen inguruan eraikitako komunitate kultural gisa. Hitzaldian zehar behin eta berriz azpimarratu du azken 60–70 urteetako biziberritze ziklo baten barruan gaudela oraindik, frankismoaren azken urteetan eta gerraostean abiatu zen mugimendu historiko baten jarraipen eta hausturen artean.

Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Sarasuaren arabera, euskara ez da hizkuntza hutsa, “hizkuntza baino zabalagoa den kultur fluxu batez ari gara”. Komunitate horren aldeko eragiletza kontzientea aspalditik datorrela dio, eta horren lehen ebidentzia idatzira joatea gustatzen zaiola: “Bernart Etxeparek esaten dituen hiru gauzak ia-ia ematen du gaur egungo enpresa publizista batenak direla, eta ia 500 urte dira idatzi zituela”. Hiru kontsigna argi plazaratu zituen: euskara bizitzako eremu guztietan erabiltzea, plazara ateratzea, eta mundura zabaltzea. Euskara jalgi adi dantzara, plazara, mundura!

Jon Sarasua, Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Sarasuak ohartarazi du euskal komunitateak maiz hautsi duela aurrekoarekin: identifikazio estuetatik (euskaldun-fededuna, euskaldun-progresista…) bestera jauzi eginez, eta aurreko zikloetako kultur jarraibide asko bazterrean utzita. Ziklo-aldaketa horiek, bere ustez, dantzak eta herri kulturgintzak bereziki nozitu izan dituzte, tarteka bigarren mailako edo gainditu beharreko adierazpen gisa tratatu direlako.

Kategoriekin dantzan

Kultura kategoriak birpentsatzera deituta gaudela dio Sarasuak, “gizartea dinamikoa delako eta aldatzen ari delako”. Zeri deitzen diogu masa-kultura, herri-kultura? Bien arteko mugak lausoak izan daitezkeela dio eta gaur egungo gizarte global eta hiperkapitalistak kulturari nola eragiten dion ere jarri du mahai gainean; “merkatuak bizitzako gero eta funtzio esparru gehiago hartzen dituenez, kultura ere kontsumo elementu bihurtu da. Kontsumoaren logikan barneratu zaigula gure kulturaren eta baita ere euskal kultur produkzioa” eta horri bere arauekin eta izenarekin begiratu behar zaiola dio; baina nabarmendu du ekosistema horretan badela beste kategoria bat, “inportantea baita ere”.

Jon Sarasuak Dantzan Topaketetarako hitzaldiko aurkezpenean erakutsitako eskema, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

“Ez gara ari herriak kontsumitzeko kulturaz, baizik eta herriak egiten duen kulturaz, herriak gorputzetik pasatzen duen kulturaz ari gara”, bigarren hori tokian tokikoa, komunitatean errotua, belaunaldiak eta sentsibilitateak zeharkatzeko bokazioa duena... litzateke. Sarasuaren definizioan, herri kulturgintzak ez dauka erdigunean artista profesionalaren jarduna, baizik eta herrietako sare zabal batek osatzen du: dantza taldeak, abesbatzak, bertso eskolak, musika eta antzerki taldeak, ikastetxeak, jai batzordeak... Horien guztien bidez betetzen ditu funtzioak: iraganeko transmisioa, gaur egungo kohesioa eta etorkizunerako iruditeria partekatua, “Uste dugu euskaltasuna duela erdigune, baita komunitatea biltzeko bokazioa ere eta distira pertsonala bigarren mailan du”. Azken ezaugarri hori zortziko bat dantzatzeko adibidearekin azaldu du: “ondo egin nahi dut, badelako jendea begira egongo zaiguna, baina ez da hori nagusiki elikatzen dena”.

Kulturan heztea helburu

Kezka nagusietako bat, hala ere, hezkuntza arautuaren eta herri kulturgintzaren arteko etenarekin lotu du. Horri erantzuteko, azken urteotan Mondragon unibertsitateko HUHEZI fakultateik, Euskaltzaindiarekin eta pare bat ikastolekin batera, proiektu pilotu bat martxan jarri dutela azaldu du, eta abiapuntua honakoa da: “zer izan daiteke eskola batean euskal herri kulturarako hezkuntzan txertatzea?”

Jon Sarasua, Dantzan Topaketak, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Proposamena bost esparrutan egituratu dute: hizkuntza (aho eta gorputz), kantua, bertsolaritza, herri antzerkia eta jaia. “Ea gai garen hori esperimentatzeko, ea nola egin daitekeen eskola batean eta gero orokortzeko euskal curriculum baten baitan, eta zehazten joateko zer izan daiteke herri kulturarako hezkuntza”. Ideia ez da kulturari buruzko teoria hutsa lantzea baizik eta praktikan esperimentatzeko, haur eta gazteak kultur fluxu bizian txertatzea; helburua argia da: hizkuntza dakien, baina komunitaterik gabeko “turista linguistak” ez sortzea, baizik eta partekatutako kantu, dantza eta errituekin loturiko euskal komunitate bat.

Dantzan Topaketak 2025