Dantzaren irakaskuntza, egungo panorama, ajeak eta erronkak

2022/10/14
Dantzaren irakaskuntza, egungo panorama, ajeak eta erronkak

Gu dantzaz eta euskal dantzaz kezkatuta gaude, horren transmisioan eta horren formazioan”, Dantza emateko formazioa behar da eta askoz gehiago”, “Dantza habilitazioena iruzurra da”,Ez badauzkagu helburuak garbi nekez eraikiko dugu gero formazioa”, dantzaren irakaskuntzaren inguruan aritu dira Patxi Laborda (Bilbao Musika - Aiko), Monika Bañales (Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola) eta Jon Fernandez (Gasteizko Udala Folklore Akademia) Josu Garatek (Dantzan Ikasi - Dantzerti) gidatu duen Dantzan Ikasi topaketetako “Dantzaren irakaskuntza musika eskoletan: gaurko panorama, ajeak eta etorkizuneko erronkak. Euskal dantza titulazioaren inguruan” mahai-inguruan.

Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Musika eskoletako dantza irakasleen eskakizunak, irakasleen formazioa edota zentroetan dantza irakasleek duten prestigio eza izan dira ukitu dituzten gaiak, besteak beste. Euskal dantzen ikasketak erreibindikatu dituzte, formazio bateratu baten beharra ikusten baita. Hain zuzen ere, gogoratu nahi izan da, horixe zela Dantzan Ikasiren hasierako helburua, etengabeko formazioa eta euskal dantzako ikasketak martxan jartzeko hariak mugitzea.

Dantzak ze leku du musika eskoletan?

Hamaika dira musika eta dantza eskoletako dantza irakasleak kontratatzeko erabiltzen diren bideak (habilitazioak, azterketak, oposaketak, lan poltsak...) baina ez dago modu bateraturik. Hizlariek ikusten dute egun ez dagoela bermatuta irakasleen formazioa.

Monika Bañales, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Horrez gain, Bañalasek eta Labordak, beren esperientziatik, sentitzen dute musika eskoletan prestigio eskasa dutela dantza irakasleek. “Onarpena irabazi behar izan dut Musika Eskolan. Ez zuten ulertzen ni han egotea, horietako batzuk oraindik ere ez dute ulertzen” dio Labordak. Bañalesen ustez musika eta dantza eskoletan musika irakasleek dute lehentasuna, “dantza bigarren mailako bezala ikusten da eta askotan sentitzen dut ez gaituztela ulertzen”. Labordak dantza musikan sartzeko manera modura ulertzen du, “niretzat musika eskoletan kantuak, dantzak, instrumentuek... denak harremanduta egon beharko lukete”. Bañalesentzat dantza “musika da, mugimendua da, erritmoa da, gauza gehiago dira”, dantzarien arteko harremana azpimarratzen du.

Jon Fernandez, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Dinamika horietatik gertu dabiltzala dio Fernandezek Gasteizko Folklore Akademian, “pribilegiatu sentitzen naiz, ze gure eskolan erakusten ditugunak dira euskal dantzak eta euskal tresnak eta hor sortzen da giro bat oso inportantea”. Horrela, denak elkarlanean aritzen direla dio.

Labordarentzat helburua da dantzan jakitea eta ez dantzak jakitea. Bere arabera dantzak ikastea baino askoz inportanteagoa da gorputzaren biomekanika, ulertzea gure kargak, gure pisuak nola funtzionatzen duen, edota ulertzea gure sistema tradizionalak nola funtzionatzen duen.

Beraz, argi dute guztiek habilitazioa baino zerbait gehiago behar duela dantza irakasle batek.

Euskal dantzen titulazioa

Fernandezek azaldu du euskal dantzen titulaziorako bidean martxan den azken saiakera, Euskadiko Musika eskoletatik datorrena. Ahalegina da errege-dekretu bidez euskal dantza espezialitate moduan sartzea. Argitu du dantzaren irakaskuntzan hiru maila daudela: oinarrizko maila musika eskoletan, gradu profesionala kontserbatoriotan eta goi mailakoa, gurean, Dantzertin. Horrela, legedian euskal dantza espezialitate moduan sartzen bada, Dantzertin euskal dantzaren pedagogia erakutsi beharko litzateke. Garatek gehitu du musika eskoletatik agerian geratu dela badagoela interesa irakasleak behar bezala formatuak egotekoa, “badirudi konturatu direla, urteen buruan, habilitazioa ez dela nahikoa edo zalantzak sortarazten dizkie irakasle profesionalen formazioak”.

Josu Garate, Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Fernandezek aipatu du nahiz eta sistemarekin guztiz ados ez egon aprobetxatu egin behar dela Eusko Jaurlaritza prest egotea curriculuma Madrilera eramateko. “Behin hori lortuta hurrengo urratsa izango litzateke Dantzertin borrokatzea pedagogia egiteko euskal dantzan”, dio Labordak. Garatek zehaztu du behin gradu profesionala arautzen duen dekretu horretan euskal dantzaren espezialitatea sartuz gero, goi-mailako ikasketetan posible litzatekeela espezialitate horretatik sarbidea izatea.

Kasu honetan musikaren arloan eman diren urratsek dantzari lagun diezaiokeela usten du Bañalesek, “bide hori hasita daukate oinarri tradizionaleko zenbait instrumenturekin. Behin leihoa ireki bada, dantzarentzako atea ireki dezakegu”.

Formakuntza da behar dena

Niretzako titulazioa ez da inportantea, baizik eta formakuntza, baina zein izan beharko litzateke dantza tradizionalaren formakuntza?”, galdetzen Labordak. Tradizioa, transmisioa, plaza… da Garateren ardura, “bere kontestutik kanpo nola ahalegintzen garen hizkuntza bat erakusten”. Bañalesek, berriz, azpimarratu du anatomiari buruzko ezagutzak ere baduela garrantzia, “gorputzarekin ari garelako lanean, gu eta ikasleak. Erakutsi behar diegu beren gorputza nola erabili, ze gauza egin ditzaketen, noraino iritsi daitezken...”.

Fernandezek behar-beharrezkotzat jotzen du formakuntza, “gero eztabaidatu dezakegu zer egiten dugun, nola egiten dugun, zer uzten dugu alboan”.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022