Formazio sendo baten beharra
Dantza tradizionalaren formazioan ditugun egiturazko gabeziak nola zuzendu aztertzerakoan, ikasketa formal batzuk eta titulazio bat bideratzeko interesa antzeman dugu bateko eta besteko eragileekin izandako harremanetan. Ikastaro solteekin hainbat konpetentzia eta ezagutza lantzeko aukera izaten da, baina formazio gabezia egiturazkoa da, eta horrek ikasketa prozesu trinko eta osatuago bat eskatzen du. <br/><br/>Euskal dantza tradizionalaren formazioari buruz ditugun kezkak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarekin konpartitu ditugu. Hezkuntza saila Arte Eszenikoen Goi Mailako eskola, Eszenika, martxan jartzeko lanean buru-belarri dabil. Bertan, antzerkia, arte eszenikoen teknikaritza eta dantza garaikidea ikasi ahal izango dira. Horiekin batera, eskola horretan dantza tradizionaleko ikasketak eskaintzeko aukeraz mintzatu gara. Oraingoz Hezkuntza sailak ez du horrelakorik aurreikusten.<br/><br/>Dantza tradizionaleko ikasketei buruz, Hezkuntza sailak interesgarritzat jotzen du gaia, baina lau urteko ikasketa trinko eta itxiaren ordez, ikasketa eredu ireki eta malguago bat aztertzen ari dira Hezkuntza Saileko aholkulariak. Zentro bakar batean zenbait urtez ikasketak egiten egon beharrean, han eta hemen curriculum bat osatzen joateko aukera emango lukeen ikasketa eredu ireki bat dute buruan. Hori praktikan nola gauzatu daitekeen eta lege aldetik nola babestu daitekeen aztertzen ari dira.