Mikel Sarriegi: "Dantza hizkuntza garrantzitsuagoa da adierazpen koreografikoa baino"

2024/05/23
Mikel Sarriegi: "Dantza hizkuntza garrantzitsuagoa da adierazpen koreografikoa baino"

400 erreferentzia bibliografiko, 170 erregistro bideografiko, 30 herri eta 90 berriemaile; iturri horietatik jasotakoa baliatu du Mikel Sarriegik Gipuzkoako dantzaren gramatika deskribatzeko, eta Dantzan Ikasi Topaketetan ondorio nagusi batzuk aurreratu ditu, baita hemendik aurrerako proposamenak luzatu ere.

Dantza-maisuen sarea

Sarriegik ere euskal dantza hizkuntza gisa ulertzen du, "bazegoen informazioa eta horren antolaketa kronologiko eta geografikoak eman digu aukera ikusteko gure dantza hizkuntza bezala". Dantza zehatzei baino hizkuntzari, sistemari ematen dio balioa, "dantza hizkuntza garrantzitsuagoa da adierazpen koreografikoa baino. Askotan fokua dantzan ipini dugu eta garrantzitsuagoa da dantza hori nola eraiki den".

Eta hizkuntzalaritzan erabiltzen den diasistemaren ideia ekarri du, "dantza eskola ezberdinen gerturaketa egiten saiatu naiz. Ikusi dut ze aldaera ezberdin zeuden, ze aberatsak ziren denak eta azpi sistema horien baturak diasistema osoa osatuko luke".

Mikel Sarriegiren aurkezpena.

Atzera begirako lan handia egin du Sarriegik. Aipatzen du Iztuetari esker XVIII. mendeko irudi finko bat daukagula eta XIX. mendean zehar bilakaera bat izan dela, "batetik ezagutu ahal izan dugun dantza maisuen blokea dugu eta hor ardatz bezala Goierriko sistema; baina ahaztu gabe Gipuzkoan zehar bazeudela azpi sistema edo aldaera gehiago". Iztueta eta Pujanatarren lineatik jarraitu zuen Donostiako eskola izan da eredua, eta ikusi du eredu horren ondorioz hainbat mugimendu multzo galdutzat jo direla, "ezezagunak dira, ezin berreskuratu, baina izan dugu aukera XX. mendean beste zenbait berreraikitzeko. XXI. mendera iritsi gara sistema osatu samar batekin, eta hori jaso dut liburuan".

Mikel Sarriegi. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Gure ereduaren aurrekari historikoen ezagutza

Sarriegik dio lan honek eman digula aukera ikusteko izendegian zein funtzionatzeko eta irakaskuntza metodoan antzekotasunak daudela gure eta Europako beste dantza sistemen artean.

Mikel Sarriegiren aurkezpena.

Bi irudi hauei erreparatuta ikusten da XVII. mendean eta XXI. mendean metodo antzekoak erabili izan direla dantza erakusteko. Juan Esquivel Navarrok (Sevilla, XVII. mendea) eta Xabier Sarriegi Pasatxok (Beasain, (1958-2021), esaterako, aurrez aurre eta banan-banan erakutsi izan diete ikasleei. 

Mikel Sarriegiren aurkezpena.


Aurretiko ahalegin arauemaileak

Azken 60 urteetan gure dantzen sistematizazioan egin diren lanak zerrendatu ditu: Gaizka Barandiaranek Goizaldiren egikeraren arabera jaso zuen Danzas de Euskalerria lanean, Ikerfolkek Gipuzkoako dantza-maisuen taula gimnastiko koreografikoa proposatu zuen eta EDBk Ramon Sanchezekin dantza txapelketei begira argitaratu zuen Aldaerak: Gipuzkoako dantzen urratsak.

Mikel Sarriegi. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Aurrekari horiek Donostiako sisteman zentratu zirela dio gehienbat, "neurri batean gehitu zituzten galdutzat geneuzkan zenbait mugimendu, berreraiki egin ziren eta horrekin funtzionatu dugu XX. mende bukaeran dantza talde gehienok".

Donostiako Goizaldi dantza taldea aurkeztu izan da Iztuetaren eskolaren jarraipen modura, Pujanatarren transmisio bidea oinordetzan hartu baitzuen, baina orain kontraesanak agertu dira, "oinordetzan jaso zen korpus horretan bazterrean gelditzen ziren hainbat herrietako tradizioak".

Ondorengo irudian ikusten dira ustez Pujanatarrak egon ez ziren herriak, "horrek esan nahi du oinordetza horrek ihes egiten ziola Gipuzkoako sistema dantzatu parte handi bati".

Mikel Sarriegiren aurkezpena.

Usteak erdia ustel

Zenbait sistema bazterrean utzi dira eta ondorioz egungo dantzarion komunitatean hainbat uste oker sortu dira. Sarriegiren ustez arazoa izan da beste herri horietako dantzaerak juzgatu egin direla ikuspuntu zentralistatik, "Ez zutela ondo dantzatzen, ez zela Iztuetaren tradiziokoa eta askotan utzikeriagatik zela. Beste argumentu bat izan da infantilizazioa, edota ezintasun mugak ere aipatu izan dira". Jatorri aitortzarik ez ematea ere gertatu izan dela dio, "Oñatikoak askotan ez dira Gipuzkoakotzat jo edo Antzuolan bereizi egiten dituzte Gipuzkoako dantzaera eta bertakoa".

Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Aldiz, ikusi dugu bazterrean gelditu diren leku horietan oso ondo gorde dela sinergia koreografikoen ideia, "mugimendu mota asko, mugimenduak elkarrekin lotzeko edo amaitzeko estrategiak, inprobisatzeko ahalmena..."

Eredu zentralistatik Iztueta kuestionatzera iritsi izan garela dio Sarriegik, "gure jakintza murritzetik Iztueta interpretatzean arazoak sortzen ziren, ez zetozen bat Iztuetak esandakoekin. Dantza maisu sare zabal horrek ematen digun jakintzarekin hobeto ulertzen dugu Iztueta. Lagundu digu ikusten Iztuetaren sistema oso koherentea dela".

Gipuzkoako dantzen puntuak eta aldairak zailtasun maila handikoak direla esan izan da sarri, "hartu dugulako erreferentzia bezala Donostiako eskola eta eskola horrek dantza arte bezala ulertu izan du. Ondorioa izan da eszenifikaziorako eta estetizaziorako bidea. Horrek sortu du itxura batean teknikoak eta zailak direla ustea gipuzkoarren dantzak".

Mikel Sarriegi. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Sarriegik erakutsi dizkigu zenbait adibide ikusteko horrek ez duela zertan hala izan, eta urratsen oinarrira jo du. Hernaniko abarketetako edo Abaltzisketako txantxoen aldairak erabili ditu adibide gisa. "Hizkuntza bat izan daiteke oso apaindua eta hori da gipuzkoar dantzatzat hartu duguna, baina Gipuzkoa bihotz-bihotzean egiten diren zenbait egikera bazterrean eta ezkutuan utzi ditugu".

Proposamenak eta gogoetak

Sistematizazio berri bat egiteko proposamena egiten du liburuan Sarriegik. "sistema ulertu, barneratu eta lagungarri izateko proposamena da. Egitura irekia ematen saiatu gara beste hainbat aldaerari eta berriei ere lekua egiteko". Hala ere dantza sistematizatzeak ekar ditzakeen arriskuez ohartzen da, "paperera ekarri denean beti sortu da txirotze eta uniformizazio bat. Garrantzitsua da hori kontutan hartzea. Gramatika, hiztegiak idaztera, baina kontuan hartu behar da garrantzitsua dela dantza izateko beharrezkoak diren balioak ez ahaztea".

Mikel Sarriegi. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2024-05-11. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Katalogo eta hiztegi zabal horretatik dantza talde gehienetan zati murritza ari garela erabiltzen dio eta gainera apainkeriarako joera handia daukagula, "apaintasuna erabili behar dugu, baina apainkeria gehiegizkoa da".

Amaitzeko, aniztasunaren eta malgutasunaren aldarria egin du Sarriegik, "malgutasuna erabili behar dugu batez ere arlo koreografikoan. Ez eduki beldurrik gauzak aldatzeko, baina arau orokorrak bete behar ditugu dantza maisuen sistemari fidel izanda". Eta argi ulertzeko ahozko eta idatzizko hizkuntzarekin lotu du, "idatzi dezakegu nahi duguna, baina gutxieneko arau gramatikalak beteta".

Datorren ikasturtean lan honen aurkezpen xeheagoa eskainiko du Sarriegik, Dantzan Ikasiren baitan sei saiotan garatuko da eta horrez gain tokian tokiko aurkezpen batzuk egingo dira, Elgoibarren dagoeneko egindakoaren erakoak. Lehenengoa Antzuolan izango da ekainean.