Hitzaldi dantzatua: Jon Olazkuaga: Pamperruque

2021/03/24
Hitzaldi dantzatua: Jon Olazkuaga: Pamperruque

BERTAN BEHERA! Data berriaren zain.

Hitzaldi dantzatua: Pamperruque

  • Hizlaria: Jon Olazkuaga (Maritzuli)
  • Data: 2021eko apirilak 17, larunbata
  • Ordutegia: 10:00-13:00 
  • Lekua: Beasain, Igartza Jauregia
  • Prezioa: 15€
  • Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

 

XVIII. eta XIX. mendeetan, Lapurdiko kostaldeko hiriguneetan bertako jauntxoen eskutik karrikaz karrika egiten zen dantza ibiltaria zen pamperruque. Jon Olazkuagaren eskutik karrika-dantza horren gorabeherak ezagutzeaz gain, zenbait zati ikasteko,  dantzatzeko eta Maritzuli konpainiako dantzariak dantzatzen ikusteko aukera paregabea ere izango dugu hitzaldi dantzatu honetan.

Bi hamarkada joan dira Maritzuli taldeak karrika-dantza horren inguruko ikerketa lana hasi zuela eta 2001eko Maitaldian, Biarritzen, kalean biziberritu zuela. Olazkuagak dantza honen inguruko dokumentazioa aztertuz jarraitu du azken urteotan, doinu, koreografia zein jantziteriaren inguruko zehaztasunak eta datu berriak gehituz Maritzuliren lanketari. Halako ikerketa lan bat sakon eta xehe gozatzeaz gain, beti da interesgarria atzera begiratuz gaurkoa freskatzea, dantzatzen duguna ulertzeko, testuinguruan jartzeko edota errepertorio berriak sortzeko.

Asmo horri lagundu asmoz dator hiru zati nagusi izango dituen ikastaro hau. Lehenengoan dantza ibiltari honetan murgiltzeko beharrezko diren azalpenez lagunduta, errepertorio osoaren zatiren bat ikasteko eta dantzatzeko aukera izango dugu. Bigarrenean, berriz, dantza sorta honen inguruko ikerketak emandako emaitzak gurekin elkarbanatuko ditu Olazkuagak. Eta hirugarrenean, amaitzeko, Maritzuliko dantzariek pamperruqueren berreraikitze lanaren emaitza dantzatua erakutsiko digute.

La Pamperruque, Saint Spirit plaza, Baiona, 1781. Frois familiaren bilduma

Jon Olazcuaga Garibal (Donibane Lohizune, 1995)

Ziburuko Bixintxo dantza taldean hasi zen dantza ikasten 6 urterekin, eta Donibaneko Begiraleak eta Hendaiako Akelarre dantza taldeetan ere aritu zen gerora. 2010ean Maritzuli Konpainiako Aurrez Aurre ikuskizunean parte hartzeko aukera izan zuen, eta, geroztik, Claude eta Jon Iruretagoiena dantza maisuekin dantzan eta jantzigintzan formatzen jarraitu du, euskal dantzen aberastasuna eta haien sinboloen eta historiaren sakontasuna aurkitzen. Gaur Akelarre dantza taldean eta Maritzuli Konpainian dantza irakasle gisa ari da. Maritzuliren Nundik Nora eta Lau Urrats eta kitto! zein Argiaren Martin Zalakain ikuskizunetan dantzan aritu izan da. Maritzuli Konpainiaren azken lanetan hasi zen koreografiaz eta jantzigintzaz arduratzen Claude eta Jon Iruretagoienarekin batera. 2016az geroztik XVIII. mendean Baionan dantzatzen zen Pamperruque izeneko karrika-dantza ikertzen jardun du.

Hitzaldi dantzatua: Pamperruque

  • Hizlaria: Jon Olazkuaga (Maritzuli)
  • Data: 2021eko apirilak 17, larunbata
  • Ordutegia: 10:00-13:00 
  • Lekua: Beasain, Igartza Jauregia
  • Prezioa: 15€
  • Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

 

 

Pamperruque Baionako Euskal Museoan, Maritzuli konpainia, 2020-02-08. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC by-sa

-----------------------------------------------------------------------------

Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren laguntzarekin, Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeekin koordinatuta, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.