Bazenekin XIX. mendearen amaieran berrikuntza handiak etorri zirela Maskaradetara? Eta berrikuntzak militar eskoletan ikasitako dantzak izan zirela? Ondoko testuan garai honek dakartzan aldaketak eta testuingurua ematen digu. 1994an Bilboko Gaztedi Dantzari Taldea Maskaradak antzezten Hegoaldeko lehenetariko dantza taldea bihurtu zen. Aretxabaletako plazan izan ginenoi euskara batuaz + galizieraz mintzatutako ikuskizun ederra eskaini zigun. Banatu zuten liburuxkan aurkituko ditugu testu honen hasieran egindako galderaren erantzuna.
XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mende osoan Erregimentuetan ematen diren ikasgaien artean dantza aurkitzen dugu, soldaduen abilezia eta trebetasuna lantzeko modu bezala.
Emeki-emeki Armadak bere dantza-maisu propioak hazi zituen. Horietatik batzuk euren ezagumen berri horiek irakatsiko zituzten sorlekura itzulitakoan. Eta Zuberoan, non bertako dantza tradizionala, prestigio handiaz, guztiz sustraituta zegoen, eredu berrientzako leku egitea lortu ahal izan zen. Eredu berri haiek Zuberoan sartu zireneko une gorenak XIX. mendearen amaieran ingurukoak izango ziren.
Dokumentu idatziek egiaztatzen dute Maskaraden ohitura askoz zaharragoa dela. Beraz, argi dago dantza-teknika berria aurretiko beste baten gainean ezarriko zela, azken hori, seguru asko Jauzietatik lotuago egongo zena.
Nolanahi ere, gaur egungo zuberotar dantzaren jatorriari dagokion misterioa argitua dugu. Beste kontu bat litzateke Zuberoakoarekin azaleko egituran oso loturik dagoen gipuzkoar dantza-teknikaren aurkitzea.
Ikertzaile eta aditu guztiak bat datoz gauza batean: teknika berriak sartzearekin batera, pausuz pausu, dantza protagonismoa hartzen joan zen, eta Maskaradak Inauteri-jokoaren aldetik dituen ezaugarri batzuk galera bidean erori ziren. Maskarada bera ikuskizun gisa hasi zen ikusia izaten. “Maskarada-ikuskizun” eta “Maskarada-Inauteri” arteko borroka gertatu zen, ia-beti lehenengoaren alde.
Egia da dantzak alboratu zituela, prozesu jarrai batean, Maskaradaren beste adierazpide batzuk. Beltzeriaren pertsonaia eta ofizio asko desagertuz joan ziren. Egia da ere, koplak, sermoiak eta antzezlanetako esaldiak aldatu gabe gelditu zirela urte luzetan, haiekiko interesa zuberotarrek beraiek ere galdu edo zutelarik.
Hala ere, haize berriak etorri dira gutxienez 1980tik gaurdaino. Belaunaldi berrien sortze-ahalmena ari da, etengabe, adierazpide horien guztien balioa lurpetik ateratzen, batik bat, “prediküen” (sermoien) oldarra berreskuratuaz.
Esanguratsua da epelkerietan erortzeko batere joera ez duen François Fourquetek zera esatea, ezen “predikü” hauetan zinezko herri-literatura modua aurki daitekeela. Esan behar da Fourqueten lana 1982ko maskaradan dagoela oinarritua.
Maskarada zerbait bizia da, eta mendez mende iraun izanaren arrazoia egunerokotasunari loturik izateagatik da. Aldatuz doa, eguneratzen interesik galdu gabe. Aurrerago, beste argazki batekin batera Maskaraden bizitza-bidean zein pertsonaiak galdu diren ikasiko dugu.
Postdata (1): Gaztedi Dantzari Taldearen (eta beste batzuen ere) nondik norakoak ezagutuko ditugu.
Postdata (2): Zenbait ikertzailek Aitzindarien jantziei ere militar itxura edo jatorria ematen diete. Kantiniersarena hala da.
Iturria: Zuberoako Maskarada – Gaztedi Dantzari Taldeak Emana – (liburuxka) – 1994. urtean.
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.