Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 15. Laboraria eta laborarisa

Dokumentuaren akzioak

15. Laboraria eta laborarisa

2021/02/22 13:50
15. Laboraria eta laborarisa

Laboraria eta Jauna dantzan, Eskiula, 1996. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Laboraria eta Laborarisa, baserritarra eta bere emaztea, euskaldunen igandeetako jantziekin agertzen zaizkigu. Laborariak brusa edo jaka beltza darama eta lepoan zapi bat; praka ilunak (beltzak edo grisak) eta zapata beltzak, baita buruan ere kolore bereko txapela. Eskuan akuilua. Laborarisak ere jantzi iluna darama, blusa eta gona beltzak edo grisak, zapata beltzak, eta buruan kolore bereko zapia. Batzuetan otartxoa ere eramaten du. Bi pertsonaiok Maskarada Gorri taldekoak dira.

Maskaradaren taldean normalean Jauna eta Anderearen atzetik doaz; Chahok zioenez, 1855. urtean lau pertsonaia horiek lerro berean zihoazten.

Laboraria eta laborarisa
Laboraria dantzan laborarisa alboan dela, Pettarrako Maskaradak, Aduna (Gipuzkoako Aiztondo bailaran), 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Chahoren esanetan 1855. urtean, Laborariak akuilua zeraman esku batetan, eta bestean bandera. 1899an Sallaberry-k ere informazio bera dakarkigu, gainera, Laboraria kolore anitzeko bandera astintuz ari zela aipatuz. Laborariak, ordea, bandera hori galdu egin du, agian Entseinariak daramana izan liteke. G. Hérelle-k, ordea, 1914. urtean berak Laborarien banderaren inolako berririk ez duela izan argitzen du.

Laborarisa
Laborarisa dantzan, Pettarrako Maskaradak, Aduna (Gipuzkoako Aiztondo bailaran), 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Laboraria eta Laborarisa, nekazal-gizartearen ordezkari gisa, arratsaldeko saioan lehentasunezko lekuan kokatzen dira, Jauna eta Anderearen ondoan, beraientzat erreserbatutako eserlekuetan, nahiz eta, horiek ez bezala, ofiziotan parte hartzerik ez izan. Nahiz eta ofizioetan parte ez hartu, dantza sorta dantzatzen dute: Kadrillak, Muxikoak, Bralea… Barrikadetan ere dantzatzen dute. Barrikadetan, hain zuzen, bietarik lehenengo Laborariak dantzatzen du, eta, amaitzen duenean, akuilua Laborarisari ematen dio berak ere harekin eskutan dantza egin dezan (Jaunak Andereari ezpata ematen dion ber gisan). Argazkietan ikus dezakegu Laborarisa dantzan Laborariaren akuiluarekin. Pertsonaia mutuak dira.

Iturriak:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.