Dokumentuaren akzioak
46. Hartza
Hartza iraganean azaldu da Maskaradetan; azken urteotan berriz ageri zaigu Beltzeriarekin batera egindako paperan. XIX. mendean Agosti Xahok Hartzaren paperaren berri ematen digu. Xahok dioenez, Hartzaren pertsonaia oso gizon altu eta indartsu batek egiten zuen, eta gainera, dantzari bikaina zen. 1865ean argitaratutako bere lanean, atal oso bat eskaini zion pertsonaia honi, Zamalzain edo Buhame Jaunari adinako garrantzia emanez.
Pertsonaia honen funtzioa ezagutzeko Xahok egiten duen deskribapena ikusgarria da. Hérelle, mende erdi geroago, deskribapen honetan bertan oinarritzen da. Halako antzezpena egiten zuten hartzak, artzainak eta axuriek:
Artzaina (bere lanbidean ohikoa denez, zorroa, makila eta aizkora handia bizkarrean zeramala) eta Axuriak (artaldea irudikatuz - zuriz jantzitako bi mutil, arkume-larruekin) plazan sartzen ziren alde batetik, Hartza bestetik trostan (ahuntz-larruz jantzirik). Hartza eta Artzainaren arteko borroka dantzatu egiten zen, amarru, eraso eta kolpeekin batera. Hartzak, haserre eta gose, marmar egiten zuen, eta arkume zuri txikiek ihes egiten zuten bere erasoetatik, artzaina laguntzera joaten zen bitartean. Azkenean, Hartza garaitua erretiratzen zen, baina, artzainak bere garaipena ospatzen zuen bitartean, bildotsetako bat bere babesetik urruntzen zen: Hartza, zelatan zegoena, bere gainera oldartu, hartu eta desagertzen zen.
Handik gutxira, Hartza alboko etxe baten teilatuaren gainean agertzen zen, hanken artean Axuria erakutsiz. Artzaina berehala Axuriari laguntzera joaten zen, hau ere etxeko teilatura igoz. Borroka berriz hasten zen, eta borroka honetan zehar, arkumea irristatu egiten zen eta teilatutik erori (panpina bat izaten zen).
F. Badék beste amaiera bat ematen zion funtzio honi: Hartza, Buhameek tiroz jazarria, azkenean bere harrapakina askatu eta zuhaitz batera igotzen zen, nondik ehiztarien tiroen ondorioz hilda erortzen den.
Emandako deskribapenean, errealitatean artzainaren eta hartzaren arteko izaten den borroka deskribatzen da. Euskal Herriko inauterietan Hartzaren presentzia Buhame edo jende baztertuekin lotu izan da. Hartzaren jantzia ardi larruz egina ohi da, azken urteotan hartz modernoagoak agertu badira ere. Maskarada izaki bizia baita.
Jaso dudan informazioaren arabera Hartza geroago ia desagertuko zen, eta gero 1968. urtetik geroztik, bakar batzuk izan dira Hartza berpizten ahalegindu diren herriak. Nire ezagutza pertsonalean 1993tik 2003ra arte ez nuen Hartzik ezagutu, harik eta 2003an Sohütako taldeak berea atera arte (argazki nagusian piloan ageri da Hartza Buhame, Garretak eta Kauterekin batera).
Gaur egun tiroak jotzen dituen Artzainarekin baino, hura gatibu zuen Artzainarekin ageri zaigu Hartza, denak Beltzeriaren pertsonaiak direla (iraganean hartza ere etxekotu zelako – ikuskizun gisa diru gehiago ematen zion hartzak artzainari herriz herri joanez gero, artaldearen jardunarekin baino).
Iker Üthürralt ‘Hartzaren figura euskal kulturan’ idazlearen arabera hartza Pirinioetako arima izan omen da. Euskal mitologian hartzak izan duen indarra aipatzen digu gero bere liburuan, Txomin Peillen euskaltzain zuberotarraren hainbat testigantza gogora ekarriz. Peillenek euskal animismo zaharra aztertu zuen Santa Grazin eta horretarako 1985ean luze mintzatu zen Basabürüko herri horretan hil zuten azken hartzaren ehizan parte hartua zuen Dominika Prebenderekin eta baita haren aita Pettirirekin ere. Pettirik honela azaldu zion Peilleni: “Eüskaldün zaharrek ziozien gizuna hartzetik jiten [etortzen] dela. Gizuna hartzetik fabrikatürik düzü eta gizuna beno intelijentago düzü”. Euskaldunok Hartza arbaso izan dugu, baita ere finlandiarrek euren sinesmenetan. Bi kulturok bat egiten dugu horretan.
2018an ekoitzitako Taming Winter filma italiarrean Europan zehar (Sardiniatik Tirolera eta Euskal Herritik Piemontera) inauteri ezberdinak dokumentatzen dira eta mendeetan zehar Eurasiako hainbat herrik animalia horrekin sentitu dugun hurbiltasuna adierazten da: neguarekin ‘hil’ eta ‘bedatsean’ berpizten den Hartza jainkotu eta deabrutu dugu, bere loaldi eta iratzartzearekin urte oroz errepikatzen zaigun biziaren zikloa irudikatzen du, baita ere Maskaradetan basa-mundua irudikatu, milaka urtez Natura eta emankortasunari eskainitako errituekin lotu dugu Eliza Katolikoak errituok debekatuz eta bereak ezarri arte, Hartza gizakion arbaso egin, zeruan herri-kosmogonian irudikatu dugu.
Hain zuzen film dokumental honetan Europa osoan ezagun den erdi gizaki erdi hartz den haurraren kondaira aipatzen da (Frantziako Lorrenako herri-kondaira bertsioa): “Baziren behin egurgile bat eta bere emaztea. Egun batez, senarrari bazkaria eramatean adar batekin trabatua gelditu zen basoan. Askatzen saiatzen ari zela, hartz batek eraso egin eta bere habiara eraman zuen. Denbora pasa zenean, emakumea haurdun zela erdi hartz, erdi gizaki zen haurra erditu zuen”. Kondairako haurrak Joan de l'Ors du izena biarnesez, Jean de l’Ours frantsesez, Juan Oso espainieraz, Chuan l'Onso (aragoieraz) eta euskaraz ere Joanes Hartza dugu.
Hartzaren tradizioa handia da Zuberoan eta hor da Biarno eta Zuberoan ezaguna den Joanes Hartza erdi hartz erdi gizaki denaren istorio eta kondaira, bere bizilekura eramanez hartzak bahitu zuen printzesa baten eta hartzaren arteko semea dena. Hartza pertsonaia sakratua da bertako kulturan.
Maskaradetan gizakiaren eta hartzaren arteko eratortze harreman hori ere agerikoa da. 2001ean Donibane Lohizunen Maskaraden inguruko hitzaldian Dominika Agergaraik erran bezala, iraganeko Maskaradetan Hartza nesken gibeletik lasterka egiten zuen eta neska bat ere ‘bortxatzera’ iristen zen: Hartzaren gizatasunari lotutako erritu gisa har daiteke eta Joanes Hartzaren kondairarekin lot dezakegu. Hartza ere, ezkutuan, zeharkako beste elementuen sinbologian ageri da, Txerreroren kanpaitxoek Joaldunen joaliek egin bezala, Hartza uxatzeko ditugu.
Testigantza zaharretan bestalde, Hartzari ilea mozten zitzaion tradizioa ere jasorik da, non Hartza gero Gizaki bezala berpizten zen: etxe-abereen babeserako erritutzat har daiteke. Larraulgo argazkian ageri bezala Artzainak Hartzei hainbat ariketa eginarazten die: ekintza Hartzaren otzantzetzat edo etxekotzetzat har daiteke.
Argazki nagusia eta Hartzaren argazkia 2003/02/23an Arrokiagan ateratakoak; azkenak 2017/05/07an Larraulen ateratakoak (Pettarrako Maskaradak).
Iturria:
-
Mahaingurua “Xiberuko Maskaradak”. Hizlariak Dominika Agergarai eta Patrick Queheille (UEUk 2002/02/14an Donibane Lohizuneko Ducontenia. Hizlariek emandako informaziotik eta UEUk banatutako orriotatik ateratako informazioa.
-
Sü-Azia liburuxka – Maskaradak – 1993 -
-
Hartza – Auñamendi Entziklopedia – Javier Santamaria - [moldatua]
-
Hartzaren sinbolismoa - Iparraldeko Hitza -
-
Iker Üthürralt eta hartzaren sinbolismoa - Kazeta.eus (Joseba Aurkenerena) -
Dokumentuaren akzioak