Dokumentuaren akzioak
1. Zamalzaina (xehetasuna)
Gogoan dut oraindik 1993ko urtarrilaren 16ko egun hartan Zuberoarantz abiatu ginenean: niretzat lehendabiziko aldia zen. Eguzkia zegoen; mendate pikoaren aldapak igo genituen Mamenen Opel Corsa zurian eta autoa gelditzeko egin zuten proposamena Lurdes eta Joxemarik Oxkaxe gainean, Xibero eta Nafarroa Behere arteko mugan; oinez abiatu ginen denbora batez San Antoni baselizarako bidean. Elkarrekin Maskaradak ikustera gindoazen lau lagunok paper batean idatzia genuen Donostiatik hartu beharreko bide zuzena –“Donibane-Garazi ondoren, Larzabalen bidegurutzean eskuinerat hartu behar duzue eta Oxkaxe mendatea igo ondoren hasten da Xiberua”- idatzia zigun Genek egun batzuk lehenago.
Garai hartan Maskaradak ez ziren egunkarietan gaur bezala xehetasunez eta argazki ederrez plazaratzen; biharamuneko Euskaldunon Egunkarian besteak beste, Joxemi Zumalaberen errautsak Larrunarriren magalean zabaldu zirela zioen berria zetorren; egun bereko kultur-agenda trinkoaren sailean aldiz, “URDIÑARBE Maskarada. 10.00etan ‘Barrikada Haustea’ izango da.” zioen 6 lerroko ohar xume batek; “Bazkari ostean Maskarada Pilota Plazan, 16.00etatik aurrera.” amaitzen zuen oharrak.
Muskildiko kale bakartia zeharkatu eta Urdiñarbera jaitsi ginen iluntzen hasia zenean. Bertan Kabana eta bere kauterak aurkitu genituen eurak baino betetzen ez zuten Pilota Plaza hutsean. Hiru lagunak, kauterez jantzirik, pertz zulatu eta guzti, kauteren azken jokoa entseatzen ari ziren, aurpegia serio, biharamuneko jokoetan lana xuxen egitearren. Gene agurtzera etorri zitzaigun: biharamunean, egün handian, gathuzain gisa dantzatuko zuen bere herriko Maskaradetan.
Baina zer dira Maskaradak? Gauza guztien gainetik Maskaradak neguko inauterian sailka daitezkeen ikuskizunak dira. Antzerkia eta dantza tartekatzen dute, ordena eta basakeria ere bai, umorea, kritika eta satira, tradizioa, historia eta kondaira… Lan handia eskatzen duten ekintzak dira eta euren prestaketarako ilusio eta izerdi itzelak bota behar dira. Parte-hartzaileen artean pertsonaia gorriak eta beltzak dira ageri, zuzenak eta basak… denak nahasiz herriz herri antzezten diren goizeko barrikadetan zein arratsaldeko jokoetan. Ikuskizun gisa XVI. mendetik ezagutzen dira, baina aldi berean berriak ere badira. Zaharrak ikuskizunaren hari bera igandez igande, urtez urte errepikatzen delako; baita berriak ere Maskaraden saio guztiak desberdinak direlako, iturri zaharrak dakarren ura berria den modu berean.
Hala, 1993tik nagusiki 2007ra (baita geroago ere) sarri bisitatu genuen Zuberoa, eta Maskaradetarako zenean diapositibetan islatu nituen festa honetako une interesgarrienak. Askotan errana dut hala ere, Maskaraden aurretik lagunak ikusteko arrazoia zegoen.
Gaurdanik eta 50 egunetan zehar (agian egun batzuk gehiagotan ere) txio/pilula hauen bitartez (ikertzaileek plazaratutako iturrietan oinarrituz) Maskaraden ezaugarri, historia, eragiten dituzten faktore, sinbologiaz… ikasiko dugu. Puzzle baten gisa, ez dugu irudi osoa ikusiko pieza guztiak bata bestearen ondoan jarri arte.
Gaurdanik saiatuko naiz hemen erakusten argazki-kameraren bisore argitsu eta koloretsu hartatik ikusi nituen Maskarada eder haiek guztiak.
Ondoko estekan Unesco-ren artxibategietan gordetzen den 1968ko otsail/martxoan Ligi eta Pagolan egindako Maskaradak. Altzürüküko herriak antzeztu zituenak. Frantziako Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) delakoak grabatutako bideoa.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa