Dokumentuaren akzioak
21. Gathüzaina
Badirudi Gathüzainaren itxura (argazkian ezkerraldean) eta xedea nahiko aldatu direla XIX. mendearen hastapenean agertu zenetik. Sallaberryk 1899an egin zuen janzkeraren deskribapena honako hau da: kolore guztietako ‘konfeti’-z apaindutako jantzi zuria. Hala ere, hamabost bat urtetan guztiz aldatu da janzkera hori, eta Hérelle-k 1914an, egungotik askoz hurbilago dagoen deskribapena egiten digu: txapela zuria, urrezko galoiekin, loretxoekin eta borla gorri batekin; jaka gorria, urre-koloreko galoiekin apaindutako bularralde zuriarekin; gamuzazko galtzak; galtzerdi zuriak; ardo koloreko belusezko polainak, galoi zilarkarez, zinta gorri eta berdez eta lore horail eta gorriz apaindurikoak.
Gaur egun, Gathüzainak daraman jantzia honako hau da: jaka urdin bizia, bularralde zuri bizia ere aurrealdean, urre-koloreko apaindurekin; praka horiak belauneraino, beheko aldean urre-koloreko bolantez errematatuak; galtzerdiak eta zapatila zuriak; eta, gainetik, polaina horiak, lore moduko zinta txikiz apainduak. Buruan txapela zuri bat darama, borla bat ere zuria, alboz erortzen zaiona belarri parean. Esan behar da, kolore urdin eta hori horiek askotan erabili izan direla eromena adierazteko.
Pertsonaia honek pantografo baten itxura duen zurezko aizturrak (sorgin-aizturrak) erabiltzen ditu. Beste aitzindariak bezala, dantzari trebea izan behar du.
Baina jakin dezagun, XIX. mendeko maskaradak deskribatzen dituzten idazleek (A. Chaho, J. Badé eta F. Michel) ez dutela pertsonaia hau aipatzen. Lehen aipamena 1899an aurkitu genuen, M.D. Sallaberryk Gathüzainen berri eman zigunean. Eta bitxia bada ere, ez urte asko geroago, 1914an, G. Hérelle-k pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat dela adierazi zuen.
Gathuzaina segizioan Txerreroaren atzetik doanez, eta bere tresnarekin urrutira iristen denez (gogoan izan dezagun euskaraz sorgin-aizturrak izena ere badutela), bere funtzioetako bat, autore batzuen arabera, Txerreroaren lana osatzea izango litzateke, hau iritsi ez den espirituak urrunduz eta lekua irekiz.
Sallaberryren arabera, Gathüzaina, Maskarada osoan zehar, jendeari iseka egiten aritzen zen, bai parte-hartzaileei eta baita ikusleei ere. Gathüarekin, neskak harrapatzen eta haurrak beldurtzen ere aritzen zen. Jarduera hori, Maskarada Beltzari dagokion jarduera badirudi ere, gaur egun ez da egiten, Gathüzaina aitzindarietako bat baita. Zuberoan, batzuk zioten Basajaunaren dotearen bila heldu zela Gathüzaina.
Hérelle-k xehetasun bitxi bat aipatzen du Gathüzaina Kauteren ofizioan parte hartzen zuenean. Haren mendekoei errieta egitearren Kabana (orduan baita ere Gathüzainaren patroia) aulkitik altxatzen zenean, Gathüzainak gathüarekin –bere tresnarekin- aulkia urrunarazten zion, eta horrela, berriro kadiran jesarri behar zenean, Kabana lurrera erortzen zen.
Gathüzainaren pertsonaia gero ezaguna da ere Europako toki ugaritan, Alemanian, Eslovenian, Austrian, Espainian… gathüa erabiltzen dituzten pertsonaiak ageri baitira Inauterietako jaietan.
Argazkian Urdiñarbeko Gathüzaina Kantiniersarekin ageri da. Hurrengo argazkietako batean hobeto ezagutuko dugu Kantiniersa nor den.
Iturria:
-
Maskaraden inguruko mahai ingurua (UEU, Donibane Lohizune, 2002-02-14)
-
Gaztedi dantza taldearen liburuxka (1994).
-
Gatuzaina – (Javier Santamaria) – Auñamendi Entziklopedia [moldatua]
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa