Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 17. Bedezia

Dokumentuaren akzioak

17. Bedezia

2021/02/23 10:55
17. Bedezia

Bedezia lasterka Pitxu sendatzeko bidean, 1990eko hamarkada. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Argazki erakusketan ez nuen Bedezia edo Garretaren argazkirik erakutsi, ez bederen berari soilik eskainirikorik. Bedeziak (Garreta izenarekin ere ezaguna da) Pitxu hil ondoren Pitxu bera berpizteko helburua du. Bedezia, hain zuzen, kauteretako bat da eta Beltzerian dago prefosta!

Pitxu hilik dela dakitenean, Kauterek Bedeziari deitzen diote eta lasterka etorriko da beti plaza erdira Pitxu larrialdian operatzeko. Sarritan sirena artean, operatzeko behar diren tresna guztiak gorderik omen dituen maletin batekin eta askotan orgatxo batekin zalapartaka etorriko da txaketa zuri zikinez jantzita. Hala ere, Maskarada batetik bestera, Bedeziaren jantzia alda daiteke.

Bedezia Kauteren multzoan
Bedezia Kauteren multzoan, Aduna (Gipuzkoako Aiztondo bailara), 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Pitxu artatzearren buhameak lau hankatan jarriko dira eta Pitxuren gorpua etzanik jarriko dute euren gainean, atari zabaleko ebakuntza-gela inprobisatuz. Ebakuntza aurrera joan ahala Bedeziak Pitxuren sabeletik -Pitxuren heste-zatiak aterako balitu bezala-, mota guztietako objektuak, denetariko haragi puskak, oilo hankak eta buruak… aterako ditu inguruan garrasi den publikoari jaurtiz (egia esan gertu dagoen jendeak okerrena pentsatzen du beti). Noizbait ere maluruski hildako katakumeak airean ere ikusia naiz, baita ere gozokiak haragi pusken ordez haurren poz eta ikuslegoaren harridurako. Kabanak bitartean mutilaren testamentua irakurriko du.

Azkenik, petardo baten zaratarekin (ikus Aiztondoko argazkia) Pitxu, Maskaradaren arima, arrapiztuko du Bedeziak, kautera eta buhame guztien, Beltzeria osoaren pozarendako.

Pitxuren berpiztea
Pitxuri egindako operazioa eta haren berpiztea, Larraul (Gipuzkoako Aiztondo bailara), 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Hérelle-k, Bedeziaz gain, beste pertsonaia bat aipatzen du, Apothikaria (botikaria), eta medikuek euren garaian zeramatzaten jantziak deskribatzen dizkigu: lebita beltza eta kapela kopaduna. Bedeziak liburu handi bat zuen eta Apothikariak xiringa mehatxagarri bat.

Aspaldian Barbera izeneko pertsonaia (Barberoa) zegoen Maskaradetan, Bedeziak ere bere lana zuen Xorrotxen funtzioan. Bertan, Barbera deitzen zuten xorrotxen patroiari bizarra mozteko. Bere lana egiten duen bitartean, Barberak lepoa mozten zion Xorrotxari; Bedezia eta Apothikaria deitzen zituzten zauritua arta zezaten, astakeriak eginez sendatzen zuten arte.

Iturria:

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.